Kultura kopuru bat baino gehiago dela aldarrikatzen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mar. 1a, 17:06
Arrasateko Sala anaiak Aramaioko Azurmendi ahizpekin, Irati tabernan abenduan eskaini zuten emanaldian. Argazkia: Irati Taberna

Eusko Jaurlaritzak kaleratu duen dekretu batek mugak jartzen dizkio tabernetan egin daitezkeen emanaldi kopuruari: urtean 12 emanaldi, gehienez; hilero bi, askoz jota. Indarrean ez dagoen arauak haserrea piztu du sortzaileen eta ostalarien artean.

Ez dago guztiz garbi araua noiz jarriko den indarrean, ezta nola kudeatuko den ondoren, baina segituan piztu zuen sortzaileen, ostalarien eta kultura-zaleen haserrea. Araua aurrera atera duen Eusko jaurlaritzako Ikuskizun Zuzendaritzak dio arauak ez duela "kultur mailako eraginik, eta ostalaritza negozio guztietako aukerak berdintzeko" balioko duela. Eta hauxe gaineratu du: "Ateak irekita utzi ditugu, egoera berezietan Udalekin adostasunak lortzeko".

Gasteiztik Erkidegora

Hori guztia ulertzeko iazko urteari begiratu behar zaiola dio Arteak Ireki plataformako kide Iker Zubiak: "Gasteizko Udala zigorrak jartzen hasi zen ekintza kulturalak egiten zituzten taberna batzuei; horien artean, gure Orbain Kultur elkarteari: 1.200 euroko multa jarri ziguten Udalari ekitaldia egin behar genuela aurrez ez esatearren. Ez zaratarengatik edo bestelako arazoren batengatik, ez komunikatzeagatik baizik".

Udal ordezkariekin konpontzen saiatu ziren arren, ez zutela lortu gaineratu du Zubiak: “Eztabaida kalera zabaldu zen, orain moduan, eta Udalaren erantzuna, 24 emanalditara mugatuko zutela izan zen. Ez geundela ados esan genien, eta gaia standby utzi zuen Udalak, eta Eusko Jaurlaritzara eraman zuen, haren konpetentzia delako. Urtebete geroago etorri da erantzuna Jaurlaritzatik: 24 emanalditik 12ra jaitsita, eta dekretu bidez, hau da, Legebiltzarreko gainontzeko alderdiekin berba egin edo adostu barik, eta ezta ostalariekin ere; eta gutxiago, kultur eragileekin”.

Izaro eta haren taldea, Eskoriatzako Inkernu tabernan.

 

Apirilaren 22an

Iker Zubia, Arteak Ireki plataforma: "Denbora gutxian 3.000 atxikimendu baino gehiago lortu ditugu"

Ez dago argi oraindik indarrean jarriko duten, baina, horrela bada, data hori aipatu da. Gasteizko plataformarekiko atxikimenduak gora doaz, dagoeneko 3.000 gaindituta dituzte: "Horrez gainera, Bilbon dagoen antzerako elkarte batek beste 12.000 lortu ditu. Jende askoren babesa dugu, ostalarienak, arlo kulturalekoak eta auzoetako elkartekoak ere bai".

Otsailaren 14an egin zuten kalean lehen ekintza; elkarretaratzea Gasteizen Legebiltzarraren aurrean, musika emanaldiekin eta bestelakoekin. Debagoienetik ere gerturatu ziren; horien artean, Iker Martinez de Zuazo (Lenao) musikaria eta Oñatiko Pako eta Itturri tabernetako Josu Aiastui: "Egun bat lehenago zabaldu zen deialdia; hala ere, jende asko batu zen. Gazteak eta Gasteizkoak, gehienbat", dio musikariak, eta zera gaineratu du tabernariak: "Plataformakoek joateko proposamena egin zuten, eta babesa ematera joan nintzen".

Aurreko egubakoitzean, Legebiltzarrera joan ziren plataformakoak eta hainbat sortzaile eta musikari; han zegoen Jon Zubiaga Osoron musikaria eta aktorea: "EH Bilduko Josu Estarronak dekretuari buruz galdetu behar zion Kultura sailburu Bingen Zupiriari, eta babesa ematera joateko eskatu ziguten. Hotz utzi gintuen haren erantzunak; ez zutela kultura mugatu nahi zioen sailburuak, baizik eta beste batzuei ekitaldiak antolatzeko aukera emateko egiten dutela; gaineratuta lege malgua dela eta tokian tokiko udalena izango dela eskumena. Gogorrena da arazorik ez zegoen tokian eurek sortu dutela".

Jon Zubiaga, musikaria eta aktorea: "Arazorik ez zegoen tokian eurek sortu dute dekretuarekin"

Dekretua indarrean jarri aurretik, atzera botatzeko lanean jarraituko dute Arteak Irekikoek: martxoaren 11n Legebiltzarreko Kultura batzordean egongo dira eta martxoaren 23rako ahalik eta toki gehienetara zabaldu gura dute dekretuaren aurkako aldarrikapena. "Osorik ez bada ere, emanaldi kopuruarena ez ezartzeko ahalegin guztiak egingo ditugu".

"Arazoa: kopurua"

Emanaldi kopuruaz gainera, bestelakoak arautzen ditu dekretuak: ordutegiarekin, zaratarekin eta auzokoen elkarbizitzarekin lotutakoak. Horiekin guztiekin bat datoz plataformakoak, eta baita Debagoienean kontzertuak egiten dituzten ostalariak ere: "Ekitaldiak antolatzen dituzten tabernentzako eragozpen handia da. Zarata ez da aitzakia, edozein ikuskizun arautzen duelako. Domeka iluntzeetan egiten dugu, normalean, Itturrin eta Pakon, tartekatuta. Hilean, gutxi gorabehera, pare bat egiten ditugu, baina salbuespenak ere izaten dira, talderen baten eskaera edo proposamena jasotzen badugu tokia egiten saiatzen gara", dio Aiastuik.

Josu Aiastui, tabernaria: "Zarata ez da aitzakia, ikuskizun guztiak arautzen ditu dekretuak"

Bergarako Bule tabernan orain dela urtebete hasi ziren ekitaldiak antolatzen, baina lehenago Etxagi tabernan asko egin dituztela kontatu du Ignacio Etxabarrik: "33 urte daramagu ostalaritzan eta beti saiatu izan gara ahalik eta traba gutxien egiten bizilagunei. Ordutegia eta bolumena zaintzen dugu. Bulen aldaketatxo batzuk egiteko asmoa dugu, eta ondoren, sarriago programatzen hasteko asmoa".

Eskoriatzako Inkernu tabernan ere aspalditik antolatzen dituzte kontzertuak; maiztasun zehatz barik, hilean behin egiten saiatzen dira, eskualdeko eta kanpoko sortzaileak gonbidatuta, baina emanaldi kopurua aldatu egiten da garaiaren arabera. "Gaur, egubakoitza, Kaleko Urdangak taldearen kontzertua izango da, eta martxoaren 23rako Trigger bakarlaria gonbidatu dugu Inkernura".

Arrasateko Irati taberna prestatuta dago ekitaldiak egiteko; berritu zutenean beharrezko guztia jartzeko aprobetxatu zutela dio Gorka Morrasek: “Hala ere, ez dugu hirugarren taldeko lizentziarik, legeak baimentzen duena baino gertuago dagoelako maila horretako beste taberna bat. Iluntzen ere hainbat antolatu izan ditugu, eta, normalean, ez da arazorik izan, eta, izan denean, bizilagunarekin konpontzen saiatu gara. Iratin hilean lauzpabost egiten saiatzen gara.

Arrasateko Los Galerna taldea Oñatiko Pako tabernan. Argazkia: Josu Aiastui

"Beharrezko" agertokiak

Sortzaileek asko estimatzen dute tabernen aukera: "Areto handietara heltzeko aukerarik ez dugunontzako, ezinbestekoak dira", dio Lenao taldeko kideak, eta, zera gaineratu du Azkaiter Pelox bergararrak: "Tabernetan hasi ginen jotzen eta halaxe jarraitzen dugu; horregatik, ilusioa eta esperantza dugu araua bertan behera geratuko dela. Herriko musikari eta tabernari batzuk ari gara martxoaren 23rako zerbait antolatzeko pentsatzen".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak