Aitor Sarasua gogoan, VHL sindromearen ikerketa bultzatzea helburu

Mirari Altube Arrese 2019ko ots. 22a, 08:12
Almen ikastetxeko bertso eskolakoak izandako hainbat kide; besteak beste, Aitor –goian, ezkerrean–. Argazkia: Bertsolari Aldizkaria.

'Hegotik Iparrerantz' izenarekin Aitor Sarasua bertsolariaren ibilbidea oinarri izango duen ikuskizuna antolatu dute martxoaren 16rako Aretxabaletan. Von Hippel Lindau sindromearen ikerketari bultzada eman gura diote jasoko duten diruarekin.

Iaz azaroaren 14an hil zen Aitor Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1967) izango dute gogoan martxoaren 16an, jaioterrian bertan. Hegotik Iparrerantz ikuskizunak bertsolariak egindako ibilbidea izango du oinarri. "Habia asko izan zituen bidaiari ekin zion. Hegotik iparrerantz. Eta bidaian izan zen oztopo eta kontrako haizerik…", diote jaialdiaren antolatzaileek. Aretxabaletan hasi eta Itsasun (Lapurdi) bukatutako bidaia hartan, arrasto sakona utzi zuen bertso eskolako ikasle eta irakasle, bertsolari eta eragileak. Era berean, Leintz aldeko lehen bertso eskolan ikasle izan zen.

Bertsoek, kantuek, dantzek eta antzerkiak bat egingo dute ikuskizun horretan, eta erdigunean izango da Sarasuaren lana. Besteak beste, elkartuko dira Anje Duhalde, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Maitena Beheran eta Xebastian Sedez musikariak; Miren Artetxe, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak; eta Ildoka antzerki taldea. Ikuskizuna, baina, omenaldia baino zerbait gehiago izango da.

Von Hippel Lindau sindromea 

Gaixoaldi luze baten ondoren hil zen Aitor Sarasua, Von Hippel Lindau sindromeak eragindako gaixoaldia. Ezaugarri genetikoek sortutako gaitza da, gorputzean hainbat tumoreren hazkundea eragiten duena. 36.000 pertsonaren artean bakarrari eragiten dio sindrome horrek, eta horregatik egiten du bere detekzioa eta tratamendua hain zail, oso gutxi ikertu delako gaitzaren inguruan. Hori horrela, 2018an, Sendabide elkartea sortu zen; horren helburua da VHL sindromea daukaten pertsonen elkargune izatea, ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzea, eta gaixotasunaren ezagutzan eta tratamenduan aurrera egiteko ikerketa proiektua bultzatzea.

Antolatzaileek –Aretxabaletako Udala eta Loramendi Elkartea gidari– sindrome horren ikerketari bultzada eman gura diote, eta, horregatik, ikuskizunaren sarrerarekin jasotako dirua ikerketara bideratuko da.

Sarrerak dagoeneko salgai

Ikuskizuna Ibarra kiroldegian izango da, martxoaren 16an, zapatua, 18:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude Arkupe kultura etxean, 5 euroren truke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak