2,5 milioi euro gehiago Debagoieneko udalentzat

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 22a, 09:41
Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren bilera. Argazkia: GFA.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 515 milioi euroko zuzkidurarekin itxi du 2018a; modu horretan, iazko aurrekontuan aurreikusitakoa baino 2.448.344,60 euro gehiago jasoko dituzte bailarako udalek Foru Funtsetik.

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF) laugarren urtez jarraian hobetu du likidazioa, 2018a 515 milioi euroko zuzkidurarekin itxita.

Hala, Gipuzkoako udalek 29 milioi euro gehigarri izango dituzte guztira aurten, iazkoa ia %10 gaindituz eta aurrekontua ia %6 hobetuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak aditzera eman duenez. Debagoieneko udalei dagokienez, guztira 2.448.344,60 milioi euro gehiago jasoko dituzte Foru Funtsetik.

Foru Aldundiak zerga bilketaren aurreikuspen bat egiten du urtero, eta herri bakoitzari dagokion kantitatea aurrekontuan ezarri. Aurrekontuaren arabera, urtean zehar udalei ordaintzen joaten da Diputazioa, eta gero, otsailean, zerga bilketa benetan nola joan den ikusi ostean, behin beitiko kalkulua egiten du eta udalei likidatzen die bakoitzari dagokiona.

Aurtengo kasuan ere positiboa izan da bilketa hori; hau da, aurrekontuan aurreikusitakoa baino gehiago jaso du Aldundiak zerga bidez, eta, beraz, udalei diru gehiago jasotzea egokitu zaie, eta gerakinera bideratuko dute diru kantitate hori.

"Zuhurtziaz" jokatzeko eskaera

Aldundiak pasa den egubakoitzean eman zien Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariei honen guztiaren berri, Gipuzkoako Finantza Kontseiluaren bileran. Udal ordezkari guztiei eskaera egin zien diru hori "zuhurtziaz" erabiltzeko. Izan ere, azaldu dietenez, faktore askok eragiten dute zerga bilketan, eta, azken urteetako joera positiboa izan arren, joera hori aldatu egin daiteke.

Udalen erreakzioak

Oro har, begi onez hartu dute albistea Debagoieneko udalek. Unai Elkoro Aretxabaletako alkatea, esaterako, gustura azaldu da. "Egoera ekonomikoa dezente hobeto du azken urteetan, eta hori nabaritzen da. Bagenekien likidazioa positiboa izango zela. Duela lau urte, askoz ere zailagoa zen aurrekontu bat prestatzea. 2015ean, adibidez, 4.065.000 euro inguru jaso genituen, eta 2019an jasoko duguna orduan baino 900.000 euro gehiago izango da. Horrek asko laguntzen du proiektuak aurrera eramateko orduan". Gaineratu du aurreko agintaldiko urte batean ordaintzea egokitu zitzaiela: "Diferentzia handia da".

Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak, esaterako, azaldu du ondo etorriko dela diru hori. "Aurrekontuan zegoen diruarekin kontatzen genuen guk, eta dezente gehiago da. Ondo etortzen da diru kantitate gehigarri bat edukitzea. Gerakinera joango da, aurreikusita ez zegoen zerbait zelako. Orain, aztertu egin beharko dugu nora bideratu diru hori". Dirua zuhurtziaz erabiltzeko eskaerari erreparatuta, dio "beti" hala jokatzen dutela, "aldaketak gertatu daitezkeelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak