Miren Elgarresta: "Ekonomiak badauka generoa eta bizimodua baldintzatzen du"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko ots. 16a, 08:00

Bertako eta munduko erreferentziazko adituak batu dira Tolosan feminismoari eta berdintasunari buruz jarduteko, Gipuzkoako Diputazioak antolatuta. Berdintasuneko zuzendariak dihardu gaiaren gainean.

Ze da Feminismoa 4.0: Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna izeneko kongresua?
Aparteko garrantzia ematen diogu ezagutza partekatzeko guneak sortzeari eta kongresu honetan berdintasunak eta feminismoak dituzten erronka nagusiei heldu diogu. Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategiarekin bat egiten du gogoetak, zutabe nagusia baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Iazko Martxoaren 8an nabarmen azaldu ziren mugimenduaren aldarri sozialak eta dinamika horren ekarpenei begiratu nahi genien.

Erreferentziazko hizlariak eta 500 lagunetik gora izan dira parte hartzen.

Berdintasunak agenda sozial eta politikoaren erdigunera jauzi egin du aspaldian. Ez da egun bateko lanaren emaitza. Ehundura sendo bat dago –soziala, akademikoa, instituzionala–, posible egin duena feminismoaren zeharkakotasuna lehen lerrora ekartzea. Galdera asko egiten dizkiogu geure buruari eragileok eta orain elkarri egiteko modua izango dugu.

Zergatik gertatu da uholde feminista hau?

Emakumearen eskubide oinarrizkoenak aintzat hartzen ez duen egituraketan pitzadura oso handiak ireki dira eta gizarteak ulertu du eramanezina zaiola desberdintasun estruktural hau, jasanezina dela biolentzia, onartezina dela estereotipoen zamapean neskak eskolaratzea eta bere aukerak mugatzea. Ezinezkoa dela esfera pribatuaren ardura ia osoa oraindik emakumeen bizkar gainean uztea eta gure garapen profesionala horregatik gutxiagotzea. Eramanezina egiten zaigu, eta gizarte heldu eta konprometituak, geurea den bezalakoak, marra gorriak jarri ditu: eskakizuna gero eta handiagoa da eta atzera bueltarik ez duen eraldaketan buru-belarri murgiltzeko unea heldu da.

Ekonomiaren ikuspuntutik ere landu da genero berdintasuna: bada ekonomia feministarik?

Bai, bat baino gehiago, eta bada feminismoaren printzipioak ulertuta eraldatu behar den ehun ekonomiko oso bat. Ekonomia feministak pertsona jartzen du erdigunean. Esfera pribatu eta publikoan, bietan eragin beharra dagoela esaten digu eta agerian uzten du gizarte-egituratzeari dagozkion esparru guztietan genero-ikuspuntua txertatu beharra dagoela. Lanaren mundua geure bizitzaren zati oinarrizkoa da: bizimodua bideratu, baldintzatu eta aurrera ateratzeko orduan elementu zentrala da. Ekonomia ez da genero gabea, den-dena zeharkatzen du generoak.

Laugarren urtea betetzera zoaz Diputazioan Berdintasuneko zuzendari bezala. Gaur egun lurraldea parekideagoa da?

Eraldaketa sozialek epe luzeagoak eskatzen dituzte, baina gutxienez, urte hauetan ekarpen garrantzitsua egin dugula uste dugu: biolentziari aurre egiteko plan eta estrategia landu dugu, erantzunkidetasuna uztartzeko estrategia ere abiatu dugu eta lurraldeko enpresa-kopuru esanguratsua sartu da dinamika horretan horri esker.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak