2019rako herri bakoitzak duen proiektu nagusia

Amaia Zabala 2019ko ots. 16a, 10:00
Kulturola proiektuaren eraikinaren proposamena.

Agintaldia amaitzear bada ere, Debagoieneko udalek proiektu 'potolo' asko dituzte aurreikusita 2019rako: kulturguneak, aparkalekuak, kiroldegiak, jolas-parkeak, kaleen konponketak, eta abar. Herri bakoitzak proiektu nagusiaren berri eman du.

Arrasateren kasuan, Kulturola proiektua izango da 2019rako proiektu izarra, otsailaren 5eko osoko bilkuran aho batez lanen esleipena onartua izan ondoren. Sei milioi euro eta erdi inguruko inbertsioa aurreikusten du Udalak, BEZa barne, eta 2021eko uda parterako Kulturola "martxan egotea" da asmoa.

Herriko hemezortzi kultura talde batuko dira Kulturolan eta Udal Euskaltegi berriak har-tuko du azalera handiena; gainerako taldeak dagoeneko Zerrajerako eraikinean daudenak izango dira batzuk eta herriko beste gune batzuetan banatuta daudenak beste batzuk. Izan ere, talde horien guztien arteko sinergiak aprobetxatzea ere bada egitasmoaren helburu nagusietako bat.

Bergaran, 86 aparkaleku berri

Seminario azpian eraikiko den parking berria izango da Bergarako proiektu izarra. Laukizuzen itxurakoa, solairu bakarrean eta errotazio bidez funtzionatuko duten 86 aparkaleku berri izango ditu; horietatik hiru mugikortasun mugak dituztenentzat izango dira eta beste lau, ibilgailu elektrikoentzat. Proiektuaren idazketa BEB Arkitektoak estudiokoei adjudikatu zitzaien 34.425 eurotan. Exekuziorako 1.400.000 euroko aurrekontua du Udalak, horietatik 1.120.000 euro mailegu bidez lortuta. Parkingaren sarrera eta irteera Ibargaraitik izango dira, Justo Garate plazaren azpian dagoen aparkalekuko sarrerari paralelo, eta bi sarrera-irteerak errazteko biribilgune erdi bat egitea proposatzen da. Oinezkoendako bi sarrera aurreikusten dira, bata Ibargarai kaletik eta bestea Herri Lagunak kalera ematen duen plazatxotik.

Oñatin, kiroldegia berritzea

2019ko bigarren seihilekoan ha-siko dira Zubikoa kiroldegiko berritze lanak. Lehenengo egingo dituzten lanak kanpoaldekoak izango dira; lur mugimenduak berdintzekoak, esaterako. Eta kiroldegi barruko lanak 2020an egingo dituzte. Lanak, baina, zatika egingo dituzte, kiroldegia ahalik eta denbora gutxien egon dadin erabat itxita.

Igerilekuak handitzetik hasiko dituzten lanak; egun, bost kale daude, eta bederatzi egongo dira gero igerileku handian. Putzu txikia ere handituko dute. Asmoa da galdara handi bat jartzea, kantxetako aldageletan ur beroa egon dadin. Kantxa berdean ere egingo dituzte hobekuntzak, eta horiek partidu gutxiago jokatzen diren sasoian egingo dituzte; udan, ziurrenik.

Joan den astean, obren inguruko hitzarmena sinatu zuen Udalak Aldundiarekin. Erabe-rritzeko proiektu osoaren kostua 5.823.954 euro gehi BEZa izango da eta Aldundiak 453.920 euro jarriko ditu; 2019rako 2,5 milioi daude gordeta aurrekontuetan. Laster egingo du Udalak proiek-tuaren aurkezpena. Kiroldegiaren diseinuaz, berriz, LKS enpresa arduratuko da.

Aretxabaletan, kale asfaltatzeak

Herriko hainbat kale asfaltatuko dituzte Aretxabaletan; Bizkaia eta Loramendi, esaterako. Belorrietako biribilgunetik Araba ibilbiderainoko zatia egokituko dute eta hiru zebrabide altxatu jarri. Bestetik, Errekabarren kalea ere konponduko dute, Otalora kaletik mojen komentura bitartean, eta ezkerraldean espaloitxo bat egingo diote. Asfaltatze lan horiek aste honetan esleitu dizkiote Provisa etxeari eta kostua 458.000 eurokoa izango da.

Eskoriatzan, jolas-parkea

Eskoriatzan San Pedro auzoan Manuel Muñoz kiroldegi aurrean dagoen Partxis jolas-parkea berritzea da 2019ko proiektu nagusia. Izan ere, zorua "oso irristakorra" eta jolas-parkea "oso zaharkitua" zeuden, eta, herritarren eskaerei erantzunez, Udalak lehentasuna eman dio proiektu horri. Horretarako, 80.000 euroko aurrekontua aurreikusten dute.

Antzuolan, Olaran Etxea

Olarango eraikina zaharkitua geratu da eta gaur egun ez du irisgarritasun araudia betetzen, eta, ondorioz, Udalak barrutik igogailua jartzeko aurreproiektu bat egin du. Bide batez, komunak eta telekomunikazio instalazioak ere berrituko dituzte. Horretaz gain, goiko solairuan areto handi bat egingo dute. beheko solairuan dagoenaren tamainakoa. Inbertsioa 170.000 eurokoa da eta bi urtean ordainduko da. Aurten 90.000 euro eta 2020an 80.000 euro.

Aramaion, musika etxea

Egun, musika eskolako ikasleekin ikastetxean eta kultur etxean egiten dituzte entseguak, sakabanaturik. Ondorioz, Aramaioko Udalak musika etxe bakar bat eraikitzeko asmoa du, musika ikasleen "elkargune" izan dadin. Pedro Inazio Barrutia kaleko etxabe batean kokatuko da, elizaren alboan. 246.000 euro inguruko inbertsioa izango da eta Aldundiarekin elkarlanean finantzatuko du Udalak. 2019an lokala egituratze-lanekin hastea aurreikusten dute.

Elgetan, uren bereizketa

Elgetan 2019rako aurreikusten den inbertsio nagusia 30.000 bat eurokoa da. Artekale kalean berezi behar dituzte euri urak eta ur zikinak. Lanen erdia Gipuzkoako Urak-ek ordainduko ditu –ur zikinen saneamendua– eta beste zatia Udalak –euri uren eskumena Udalarena da–. Lan horiek egitekoak direla baliatuta, inguru horretan estu dauden aparkaleku batzuk ondo jarriko dituzte eta bertan gelditzen den Eibarrerako autobusarentzako –taxibus zerbitzua da– geldileku egokiagoa egingo dute.

Leintz Gatzagan, museoa

2019ari begira, Gatz Museoaren proiektuari beste bultzada bat emango zaio, museoaren proiektu orokorraren bigarren fasea aurrera eramango baita. Oraingoz, gatz produkzioa ez dute handituko eta Santa Kolunbako ermita eraberritzeari emango diote lehentasuna, bertan harrera eta informazio-gunea eta museoko produktuen salmentarako denda jartzeko. Eraberritze lanen kostua 100.000 euro ingurukoa izango da eta lanen esleipena "aurki" egingo da, lanak "ahal bezain lasterren" hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak