Robotekin azken frogak egiten dabiltza egunotan Arizmendiko DBHko laugarren mailako 40 bat ikasle. Teknologiako irakasleekin batera kanpoko laguntzaileak ere izan dituzte, hala nola, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan diharduten Robotika eta Automatizazioko ikertzaileak. "Ezinezkoa izango litzateke proiektu hau aurrera ateratzea Mondragon Unibertsitateak (batez ere Robotika eta Automatizazio sailak) eta Ikerlanek ematen duten laguntza tekniko eta ekonomiko barik".
Irailetik dabiltza egun horretarako gertatzen. Aurtengo gaia Into Orbit da, eta espazioan dauden arazoak identifikatu beharko dituzte eta horren aurrean irtenbide berritzaileak proposatu. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 44 ikastetxetako ikasleak elkartuko dira zapatuan, 1.500 inguru, nor baino nor gehiago jarduteko.
Talde lanean garatuko dute proiektua zapatuan, eta hiru lan eremu izango dituzte urtero lez:
- Proiektu zientifikoa: ikasleek planteatzen den gaiari lotutako arazo bat aztertu eta irtenbide bat proposatzen dute.
- Proiektu teknikoa: lanak egiteko jarraitu dituen pausoak deskribatzen ditu eta izan dituzten arazoak, irtenbideak, egoerak, harremanak...azaltzen dituena.
- Robotaren proba: muntatutako zirkuitu batean ahalik eta eginkizun edo misio gehien egingo dituzte bi minutu eta erdian.
Gazteak zientziara eta teknologiara gerturatzen
First Lego League programak gazteak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikara (STEM) gerturatzea du helburu modu dibertigarrian: "Parte hartzaileek ideiak proposatu behar dituzte, arazoak konpondu eta erronkak gainditu, eta horrek guztiak teknologiaren erabileran trebatzeko aukera ematen die", diote Arizmendiko kideek eta gaineratu dute programa horren oinarrian hainbat balio daudela: "Ideia berrien esplorazioa, trebakuntza, berrikuntza, ideien gizarte-inpaktua, taldearen barne sentitzea eta nola ez, kide guztiek dibertimendua lanketa egiten den bitartean".