Iñigo Albizuri: "Elkarren arteko lankidetza honek ikuskizun zoragarria eskainiko du"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko ots. 8a, 11:00

'Humanity at music' proiektuaren estreinaldia izango da Arrasateko Amaia antzokian otsailaren 22an eta 23an, 19:30ean hasita. Sarrerak gaur jarri dituzte salgai 15 eurotan. Mondragon Taldeko erakunde harremanetarako zuzendariak eman ditu proiektuaren gaineko azalpenak.

Humanity at music proiektuaren estreinaldia izango da Arrasateko Amaia antzokian otsailaren 22an eta 23an. Zelako ikuskizuna izango da eta nortzuk hartuko dute parte?

Ikuskizun handia espero dugu. Honakook hartuko dute parte: Arrasate Musikal, orkestra lanak egiten; Goikobalu abesbatza eta kooperatibetatik proiektura batu diren hainbat abeslari; Leintz bailarako txistulariak; Arizmendi Ikastolako abesbatza; Iubilo Bilbao Abesbatzaren abeslariak; Oihana Iguaran eta Amets Arzallus bertsolariak… Kultur mailako eragile asko batuko dira proiektu honetan. Eta elkarren arteko lankidetza honek ikuskizun zoragarria eskainiko duela uste dut.

Zenbat lagun, guztira?

Ia 200 lagun egongo dira agertokian eta behean 600 bat. Azken finean, Humanity at Music ikuskizuna guztiok osatuko dugu, elkarrekin.

Sarrerak salgai daude?

Gaur jarri ditugu salgai, Arrasateko Udaleko webguneko agenda kulturalean, 15 euroren truke. www.humanityatmusic.com webgunean ere sarrerak lortzeko aukera dago.

Ze espero duzue?

Espero dugu jendea gerturatzea, ondo pasatzea, ikuskizuna gustukoa izatea. Ez hori bakarrik: guretzat ezinbestekoa da proiektu hau guztiona egitea eta parte-hartzea sustatzea. Hortaz, aukera aprobetxatu nahiko nuke deialditxo bat egiteko: ikuskizuneko abesbatzan, dantza, musika taldean edota beste diziplina artistiko batean parte-hartzeko interesa duenak, hatmusic@mondragoncorporation.com e-mailera idatzi dezake. Harremanetan jarriko gara eta Esperientzia Kooperatiboari erritmo berezia jartzeko aukera izango du.

Proiektu zabal eta osoa da Humanity at music, hainbat esparru lotzen dituena. Liburua kalean da, orain zuzeneko ikuskizuna dator…

Sinfonia Kooperatiboa proiektu potoloa da eta ilusio berezia daukagu ekitaldi honekin, Arrasatekoarekin; izan ere, hauxe izango da gure estreinaldia. Eta bi helburu ditu: ikuskizun artistiko ederra eskaintzea eta  jendea gosez uztea irailaren 14an Buesa Arenan egin behar dugun ekitaldi erraldoira joan dadin gogoa pizteko.

Obra literarioa, bestalde, altxor bat da: Maite Mutuberriak egin dituen ilustrazioak magiaz beterik daude; Jon Sarasua idazlearen letrak, historia, oraina eta etorkizuna uztartzen ditu; eta Pilar Kaltzada, Katixa Agirre, Leire Bilbao eta Irati Jimenez bezalako idazleen kontakizun goxo eta sakonak bere biltzen ditu liburuak. Oraindik ez duenak ezagutzen, humanityatmusic.com bidez edo Eroskiren dendetan eta Elkar-eko denda fisiko eta birtualean eskura dezake.

Amaia antzokikoa, etorriko diren beste batzuen hasierakoa izango da. Beste zein tokitan eskainiko dituzte emanaldiak?

Ari gara datak lotzen eta laster jakingo dugu zerrenda zehatza. Gure webgunean publikatuko dugu finkatu bezain pronto. Jendeak ilusio handiz hartu du proiektua eta Nafarroara ere helduko gara gure sinfonia kooperatiboarekin. Instituzioek ere ongietorri beroa eman diote proiektuari.

Buesa Arenako amaierakoa berezia izango da?

Bai, oso berezia. Kontuan eduki goi mailako ikuskizuna izango dela: Kukai Dantza Taldea, Orkestra Sinfonikoa, abesbatza erraldoia, bertsolariak… Ea gauza garen danon artean Buesa Arena betetzeko Hori da gure buruari jarri diogun erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak