Bi alde izan ohi ditu txanponak

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 8a, 11:02
Goian, Ebert Sanchez eta Jesus Baez. Behean, Luis Ugalde eta Salva Gonzalez.

Venezuela bizi izaten ari den egoera politikoa hautsak harrotzen ari da asteotan, eta herrialdea zatituta dago: batzuek Maduroren Gobernua babesten dute, iraultza bolibartarra; besteak aldaketa politikoa exijitzen dutenak dira, Guaidoren aldekoak.

Duela aste pare bat, urtarrilaren 23an, Juan Guaidok bere burua Venezuelako presidente izendatu zuen. Herrialdeko tentsio politikoa areagotzea ekarri du horrek, eta gizartea erabat zatituta geratu da, lehenaz gain. Batetik, Maduroren Gobernuaren aldekoak, iraultza bolibartarra babesten dutenak. Bestetik, Guaidoren aldekoak, Maduro deuseztatu eta aldaketa politikoa eskatzen dutenak. Azken horiek hauteskundeak errepikatzea aldarrikatzen dute, argudiatuta egin ziren azkenak ez zirela garbiak izan. Aldiz, Madurok dio herriak hautatu zuela presidente, eta ez dituela hauteskundeak deituko, agintaldia bukatzea "zor" diolako herriari.

Luis Ugalde: "Diktadura mantentzen bada, herritarrek gosea pasatzen jarraituko dute"

Salva Gonzalez Ezker Anitzako kide bergararrak azaldu duenez, Guaidok egindakoa "legez kanpokoa" da, "estatu kolpe bat". "AEBen eskuetan dagoen txotxongilo bat da Guaido. AEBei komeni zaie egoera aldatzea, Venezuelak baliabide natural aberastasun ikaragarria duelako: petrolioa, koltana, urrea, litioa, eta abar. Orain arte ezin izan dute chavismoa hauteskunde bidez garaitu, eta hau da AEBen maniobra bat Maduro boteretik kentzeko. Geoestrategia oso garrantzitsua da hemen, guztiaren ardatza da. Momentu hauetan, AEBek ez dute Venezuela menperatzeko aukerarik, eta horretarako lanean ari dira. Haien helburua da PDVSA –petrolioaren enpresa estatala– pribatizatzea, petrolioaren aberastasun guztiak enpresa pribatuen esku uzteko", azaldu du.

Ebert Sanchez Arrasaten bizi den venezuelarrak ere antzeko iritzia dauka. "Munduan agintzen duten komunikabideek Venezuelan estatu kolpe bat ematea gura dute, Gobernua deuseztatzea, eta Guaido inperioaren txotxongilo bat besterik ez da. Bolivarrek berak ere esaten zuen AEBak gu zapaltzeko predestinatuta daudela. Beti eduki izan dute gaiztakeria eta maltzurkeria hori, agintzeko intentzio hori, eta hau agintea lortzeko maniobra bat da, gure herriak duen biodibertsitatea nahi bezala esplotatu dezaten. Chavismoa gure lurraldea, kultura eta balioak defendatzen ari da. Ez da posible kanpotik datozenek hemen agindu behar izatea. Zein dira AEB edo Europar Batasuna eraldatu gura duen herrialde baten ordez erabakiak hartzeko? Herriaren alde ahal duen guztia egiten ari da Gobernua, baina eskuinak eta gobernu inperialistek aurretik eramaten dute ezkerra, zapaldu egiten dute".

Salva Gonzalez: "Hauteskunde bidez lortu ezin dutena estatu kolpe baten bidez lortu gura dute"

Jesus Baez Bergaran bizi den venezuelarrak, berriz, azaldu du konstituzioan jasota dagoela oposizioko buruak egin duena. "Venezuelako konstituzioak baimentzen du. Asanblea Nazionaleko –parlamentua– presidentea da Guaido. Artikulu batek dio, botere falta badago, parlamentuko presidentea izango dela behin-behineko presidente legitimo, hauteskundeak deitu ditzan. Nire ustez, botere falta hori badago. Oposizioak eta nazioarteko beste erakunde batzuek ez zituzten onartu azken hauteskunde presidentzialak. Kabildo ireki batekin egin zuen presidente izendapena, eta hori ere jasota dago konstituzioan. Kabildo ireki bat da gizarte zibila parlamentariekin batzea, herriak jakin dezan zer gertatu den".

Luis Ugalde jesuita bergararrak urteak daramatza Venezuelan bizi izaten, eta ezaguna da han Gobernuaren opositore izateagatik. Ugaldek uste du kanpoko laguntza ezinbestekoa dela "aldaketa politikoa" gerta dadin. "Garbi dago AEBen presioagatik ez balitz, Maduroren erregimenak Guaido presidentea atxilotuta zeukala dagoeneko, Asanblea Nazionala ezabatuta eta diputatuak kartzelatuta. Egun gutxitan dozenaka pertsona hil dituzte protesta egiteagatik soilik, milaka pertsona atxilotu, adingabeak aurretik eraman, komunikatzaileak jazarri, eta abar. Gustatu edo ez, AEBak ezinbestekoak dira Venezuelako krimen ofiziala frenatzeko, eta Kubaren injerentzia ezabatzeko, baita ELN taldeen eta narkotrafikatzaileen delinkuentzia amaitzeko ere".

Egunerokoa Venezuelan

Inflazio egoera bizi du herrialdeak, eta, Gonzalezen iritziz, blokeo ekonomikoaren ondorio da inflazio hori. Edozelan ere, ukatu egin du jendea gosez hiltzen ari denik. "Kanpotik datorren gerra ekonomikoa baretzen ahalegindu izan da chavismoa. Orain dela gutxi, Trumpen gobernuaren aginduz, Euroclear ordaintze sisteman 1.400 milioi dolar blokeatu zioten Maduroren Gobernuari. Sendagaiak, elikagaiak, eta abar erosteko erabiltzen zuen Gobernuak diru hori. Bestalde, nahiz eta Gobernuak soldatak igo, berehala txiki geratzen dira, kanpotik probokatutako inflazio bat delako. Egia da blokeo ekonomikoa eragina izaten ari dela eta ez dela egoera samurra, baina jendeak ez du goserik pasatzen. Krisi humanitarioa irudikatu nahian esaten dituzte halako gauzak komunikabideek".

Sanchezek gaineratu du herrialdea dolarizatu egin dutela AEBek, "modu sotilean". "Monopolioa dute eta gura dutena egiten dute nahi dutena lortzeko", azaldu du. Horrez gain, desinformazio handia dagoela salatu du. "Gerra mediatikoa ikusten dut, eta chavismoa babestera ateratzen den jendetza hori guztia gordetzen saiatzen dira eskuineko komunikabideak, manipulatu egiten dute informazioa. Diktadura bat dela diote, eta jendea gosez hiltzen ari dela. Baina ez dago hori frogatzen duen daturik edo estatistikarik. Okerrena da jende asko hori sinistuta ateratzen dela protesta egitera, komunikabideek esaten dituzten gezur horiek guztiak sinistuta".

Baezen iritziz, bestalde, egoera "beldurgarria" bizi izaten ari da Venezuela, eta manipulazioa Gobernuaren aldetik dator, haren esanetan. "Aldaketa politiko bat eskatzen du herriak, eta chavismoak ez du hori sustatzen. Ezer ez egiteaz gain, blokeatzen ari da aldaketa politikorako edozein aukera. Umeak desnutrizioak jota hiltzen ari dira, minbiziak jota ere asko hiltzen dira, tratamendurik ez dagoelako; erdi mailako klasea desagertu egin da guztiz, eta herritarren gehiengoa txiroa da. Horri aurre egiteko, kanpoan bizi garenon laguntza ezinbestekoa da gure senideentzat, eta Gobernuak urteak daramatza guk bidalitako diru horretan esku hartzen. Bestalde, ez ditu onartzen aipatutako heriotzak, elikagai falta, eta abar. Manipulazio izugarria dago Gobernuaren aldetik", dio.

Jesus Baez: "Chavismoa, politikoki, hilda dago; ez dauka gizartearen babesik"

Ugaldek bat egiten du ikuspegi horrekin. "Egungo diktadura mantentzen bada, herritarrek gosea pasatzen jarraituko dute eta milioika venezuelarrek erbestera joaten jarraituko dute bizitza hobe baten bila", dio. Gaineratu du osasun sistema "oso egoera txarrean" dagoela. "Egungo erregimenak auzoetako milaka anbulatorio publiko abandonatu zituen pertsonal kubatarrarekin ordezkatzeko, modu sektarioan. Horren truke, gainera, milioika dolar bidali zizkion erregimen kubatarrari. Orain ez daukagu ia anbulatoriorik, eta 20.000 medikuk eta osasun langilek herrialdetik alde egin behar izan dute lana aurkitzeko. Ezin gara begira geratu. Osasun programa berri bat jarri behar dugu martxan, medikuekin, erizainekin eta medikuntzako milaka ikaslerekin. Hala, daukagun hutsune hau beteko genuke, eta behar gehien duten sektoreei esperantza izpi bat eman. Era berean, ospitaleak eta sendagaiak berreskuratu behar ditugu".

Eta orain zer?

Hori da askok egiten duten galdera: zer gertatuko da orain? Zein da konponbidea? Gonzalezek dio Mexikok eta Uruguaik proposatutako elkarrizketa izan daitekeela bide bat. "Madurok askotan esan izan du elkarrizketaren aldekoa dela". Hala ere, "oso zabalik" ikusten du interbentzio militar baterako bidea. "AEBek askotan erabiltzen duten estrategia da. Lehenik, presidentea gaitzetsi, eta gero, kanpoko komandoak sartu. Aspalditik nahi dute Kolonbiako mugatik sartu gatazka armatu bat hasteko", azpimarratu du.

Sanchezek ere gatazka armatuaren arriskua ikusten du. "Venezuelako armada guztia zabalduta dago herrialde osoan, muga guztiak kontrolatuta daude, eta herria prest dago eraso posible bati aurre egiteko. Maduro saiatzen ari da herria lasaitzen, eta herria Madurorekin dago. Garbi dagoena da, gerra hasten bada, eskuinaren faltsutasuna demostratzea izango litzatekeela, beste behin. Badakigu AEBen jarrera zein den, eta gura dutena lortzeko edozein gauza egiteko gai dira, berdin zaie herritarrei gertatu dakiekeena. Mundu hau oso zatituta dago gizartean agintzen duen ideologia nazkagarri honen ondorioz, eta borroka egin behar dugu hori amaitzeko, nahiz eta oso zaila izan", dio.

Ebert Sanchez: "Ez da posible kanpokoek Venezuelan agindu behar izatea"

Mesfidati azaldu da Baez ere. "Gatazka armatu baten arriskua ikusten dut. Chavismoa ez da hortik mugituko eta gatazka armatu bat hasiko dela uste dut, Kolonbian gertatu moduan. Arazo honi konponbidea emateko, beharrezkoa da Guaidok izan duen nazioarteko babesa. Oposizioak gehiengo soziala dauka, baina chavismoak militarrak ditu, gerrilla armatu bat dauka, eta zibilak armatu ditu. Hala ere, chavismoa politikoki hilda dago. Ez dauka gizartearen babesik. Ondo erreparatuz gero, azken asteetako irudietan Maduro ez da ikusten gizarteak babestuta, militarrek babestuta baizik, eta hori oso esanguratsua da", azpimarratu du.

Ugaldek, azkenik, agintea utz dezala exijitu dio presidenteari. Dio Maduro agintetik kentzea ezinbestekoa dela, "demokraziarako trantsizioa" egin ahal izateko, "aldaketa sozioekonomiko azkar" batekin. "Hala, hauteskunde libre eta justu batzuk egiteko baldintzak edukiko ditugu. Zorionez, Guaidok ausardiaz eta garbi jokatu du eta venezuelarren gehiengoarekin modu sinesgaitz batean konektatu du, baita nazioarteko beste hainbat gobernurekin ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak