"Gipuzkoako ekonomia % 2,2 - % 2,6 artean haziko da 2019an, eta 5.500 enplegu inguru sortuko ditu"

Amaia Zabala 2019ko ots. 1a, 15:29

ADEGI, Gipuzkoako Enpresen Elkarteak Gipuzkoako enpresei egin dien Koiunturaren inguruko Inkesta aurkeztu du eta "joera positiboa" da, ekoizpen-gaitasunaren erabilera "maximoetan" baitago. Enpleguari dagokionez esaterako, enpresen %96,6k langile kopuru berarekin jarraitzea edo langile gehiago kontratatzea aurreikusten du, ondorioz, 2019rako 5.500 enplegu garbiren sorrera aurreikusten du ADEGIk.

Enpresen konfiantzari begiratzen badiogu, berriz, maila "altuan" jarraitzen du, pixka bat "apaldu" bada ere. Salmentei dagokienez, ADEGIren esanetan gora egin dute aurten; kanpo-merkatura zuzendutakoek hazkunde-erritmoa mantenduz eta barne-merkatura zuzendutakoek hazkunde- erritmoa moderatuz.

Kezka-faktoreei dagokienez, ADEGik eginiko inkestaren emaitzen arabera hiru dira nagusiak: langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna, lan-kostu altuak eta nazioarteko ekonomiarekin lotutako kezka (nabarmen handitu da). Aipagarria da, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna da enpresen kezka nagusia eta enpresen % 43,5ek aipatu du hori.

2018ko datuak

"2018. urtea aparta izan da Gipuzkoaren kasuan arlo ekonomikoari dagokionez: bosgarren urtez ekonomia hazi egin da eta %2,8 egin du gora , urte hasierako aurreikuspenak gaindituz" azaldu du Jose Miguel Ayerza ADEGIko zuzendari nagusiak.

Industria-ekoizpenak % 5 egin du gora eta 7.000 milioi euro baino gehiagoko bolumena duten esportazioek errekor mailak gainditu dituzte eta % 5,4 egin dute gora. Europar Batasunera zuzendutakoek % 13 egin dute gora eta maila "historikoak" gainditu dituzte; Europar Batasunetik kanpora zuzendutakoek, ordea, % -7 egin dute behera. Turismoa ere errekor zifretan kokatu da.

Enplegua eta soldata

Gipuzkoan 6.700 enplegu garbi baino gehiago sortu dira 2018an eta Erregimen Orokorrerako afiliazioak ere gora egin du 2018an, urtean % 3ko batez besteko hazkundea. Ondorioz, langabezia-tasa % 7,56ean kokatzen da, 2018ko hirugarren lauhileko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera.

Kontratu motari dagokionez, Ayerzak azaldu du abenduan kontratu mugagabea zuten 150.383 afiliatu erregistratu zirela Erregimen Orokorrean: "Kopuru hori historia osoko altuena da. Soldata-masak ere errekorreko bolumena lortu du eta % 5 baino gehiago gainditu du 2008ko soldata-masa. Gipuzkoan inoiz ez da horrelako soldatakopururik ordaindu".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak