Dabid Lazkanoiturburu: "Bidegabekeria da 'Egin'-en zorra pagatzera behartzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2019ko ots. 1a, 10:00

Espainiako Gizarte Segurantzari 3 milioi euro ordaintzera behartu dute Gara egunkaria. 1998an Egin egunkaria eta Egin Irratia itxi ostean, zorra Gara-ren bizkar laga zuen Baltasar Garzon epaileak 2003an, enpresen "ondorengotza ideologikoa" zegoela argudiatuta.

Ze balorazio egiten duzu?

Izugarrikeria da. Egin-en ixtearekin konformatu ez eta Gara itotzen saiatu dira. Lege aldetik bidegabekeria da. Auzitegiek hasieratik onartu zuten ez zegoela enpresen arteko segidarik. Baina Baltasar Garzon epaile izarrak segida ideologikoa zegoela erabaki zuen. Ideologia bat kriminalizatzetik komunikabideak ixtera.

Nola egingo diozue aurre zorrari?

Ahal dugun moduan eta, ziurrenik, ondorio latzak pairatzen. Jakin badakigu, dena den, Egin eta Gara egunkariak posible egin zutenen eta beste askoren elkartasuna lortuko dugula. Elkartasunean dago segida.

Egin egunkariaren itxiera baliogabetzat jo zuen Auzitegi Gorenak, baina haren zorra ez zuen kitatu…

Ez dago horrelako aukerarik. Bi aukera zeuden: ordaindu ala kiebra egin eta zuzeneko likidazioan amildu.

Hedabideek, oro har, eta Euskal Herrikoek zehazki, nola erantzun dute?

Batzuek ondo eta beste batzuek ez hainbeste. Korporatibismoaren inguruan nahiko joera ankerra dute batzuek. Baina ezin dugu ahaztu hau ez dela korporatibismo kontua. Askoz harago doa.

Eta erakunde publiko zein eragileek?

Oro har, oso era positiboan. Klima politikoa erabat diferentea da egun, eta laguntzeko borondatea eta elkartasuna agertu digute. 2019an 200 langile inguru dituen gure enpresa moduko bat ixterik ez dagoela argi dute. Gehienak harrituta agertu dira, gauzak dagoeneko konponduta behar zuelakoan... Dena den, argi eta garbi esan diegu auzi hau ez dela eman diguten jipoi izugarri honetan amaitzen eta hausnarketa orokorra eman behar dela gure herriaren komunikabideen eta etorkizuneko helburuen inguruan.

Gaur egun, Gara-Naiz-Info7-n, zenbat debagoiendar ari zarete lanean?
Zortzi gara. Martin Garitano –Gipuzkoako diputatu nagusi ohia– zutabegile eta irratian aritzen da; Mikel Zubimendi eta Maddi Txintxurreta erredaktoreak, hiruak bergararrak. Bestetik, Iñigo Olasolo eta Xabi Pico teknikariak, lehena bergararra ere eta bigarrena oñatiarra. Gero, Nekane Ayensa komertziala, arrasatearra. Eta, azkenik, Luis Jauregialtzo eta ni neu, biok ere txantxikuak, nahiz eta aspalditik erbestean bizi garen.

Zu zeu Gara egunkariko kazetaria zara sorreratik.

Bai. Nazioarteko editorea naiz Gara egunkarian, Gaur Zortzi euskarazko gehigarrian eta Zazpika igandekoan jorratzen diren nazioarteko gaien inguruan ardura dut eta irizpideak finkatzen ditut zuzendaritzarekin elkarlanean.

Egin-en aritu zinen aurretik, itxierara arte. Noiztik Egin-en?

1991eko irailean hasi nintzen Egin-en lanean, edizio lokalean. Oñatiko atala idazten hasi nintzen eta handik sei hilabetera Eibarrera deitu ninduten, garai hartako Debaldea erredakzio lokalean lan egiteko. Orduan ere langile gutxi ginen eta Deba arroko hainbat herriri buruz berriak emateko orduan lanak partekatu egiten nituen. Ni neu Bergaran eta Arrasaten aritu nintzen, nire jaioterria, Oñati, ahaztu gabe. 1996an Egin-en erredakzio nagusira joan nintzen, Gipuzkoako sekzioan lan egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak