Amiantoak eragindakoak azaleratzea helburu

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 31a, 21:47

Jose Luis Loidi, Jesus Uzkudun, Ainhoa Larrañaga eta Josu Zeziaga, martitzeneko saioan.

Amiantoaren ondorioak izeneko mahai-ingurua egin dute asteon Bergarako Irizar jauregian. "Amiantoak gizakion osasunean dituen eraginak ikusaraztea, mito batzuk apurtzea eta herritarrak gaiaren inguruan kontzientziatzea" izan da saioaren helburua.

Jesus Uzkudun Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteko (Asviasmie) kidea, Jose Luis Loidi Arcelor Mittal Bergarako langile batzordeko kide ohia eta Josu Zeziaga amiantoaren eraginez hildakoen semea izan dira hizlariak. Ainhoa Larrañagak egin ditu moderatzaile lanak.

"Oso pozik" azaldu dira mahaiinguruak izandako erantzunarekin. "60 pertsona inguru batu ginen, bete egin zen aretoa", azpimarratu du Loidik.

Uzkudun eta Larrañaga izan dira saioaren sustatzaileak. "Beharra ikusi genuen gai honen inguruan horrelako saio bat egiteko eta herritarrei informazioa emateko, oro har, oso ezkutuan eramaten ari den gai bat delako", dio Larrañagak.

Uzkudunek dio amiantoak hainbat gaixotasun eragiten dituela. "Hala ere, gaixotasunok tapatzeko ahalegina egiten dute hainbat mediku, enpresa eta eragilek. Ez zaie komeni gaixotasun hauekiko prebentzioan sakontzea. Kalte-ordainak ordaindu beharrik ez izanda, oso merke ateratzen zaie, eta, beraz, ez zaie komeni prebentzioan inbertitzea", adierazi du.

Langileen zerrenda

Amiantoarekin lan egin izan duten langileen erregistro bat dago. Hala ere, Loidik salatu duenez, Arcelor Mittaleko langile asko ez daude zerrenda horretan, amiantoarekin lanean ibili izan arren. "Langile batzordetik hainbat salaketa egin ostean, Osalandik pasatu behar izan genuen, eta langile batzuei onartu egin gintuzten zerrenda horretan, enpresaren irizpidearen kontra. Ahoa betetzen dute esanez eurentzat segurtasuna dela inportanteena, eta honek agerian uzten du eguneroko jardunak beste bide bat hartzen duela. Lehen, tantaka onartzen ziren horrelako kasuak, baina orain, pixkanaka, geroz eta gehiago azaleratzen ari dira".

Langile guztiak zerrenda horretan egotearen garrantzia azpimarratu du Uzkudunek. "Zerrendan ez dagoen norbaitek zailagoa du daukan gaixotasuna aitortzea. Adibide bat jartzearren, ni belaunetik operatu nindutenean, txosten guztietan agertzen zitzaien amiantoarekin lan egin izan dudala. Medikuek azterketa zehatzagoa egiten dizute zerrendan bazaude. Bestela, tabakoari errua bota eta hor konpon". Gaineratu du "jende asko" dagoela fundizioetan eta metalaren sektorean lan egin izan duena eta ez dagoena zerrenda horretan erregistratuta.

Gaixotasunak

Loidiren esanetan, dagoeneko "gaitza eginda dago" , baina "aurrerapausoak" ematen ari dira. "Orain arte isilean gorde dituzten hainbat gaixotasun arrunt moduan kontsideratuak izan dira, baina gure ustez profesionalak izan beharko lukete, lanaren ondoriozkoak direlako".

Hainbat gaixotasun eragiten ditu amiantoak, Uzkudunek adierazi duenez: mesotelioma minbizia –laringekoa, pleurakoa, peritoneokoa, esofagokoa eta abar–, plaka pleurala edota asbestosia.

Zeziagak, testigantza

Josu Zeziaga bergararrak esperientzia propiotik egin du berba mahai-inguruan. Izan ere, aita Labegaraietako langilea zuen, eta 1989an hil zitzaion "gaixotasun ezezagun" baten ondorioz. "Esan ziguten fabrikako zerbaiten ondorioz izan zitekeela, baina argitu gabe geratu zen".

2011n, berriz, ama gaixotu zitzaion. Mesoteliomak erasan zuen eta zazpi hilabeteren ostean hil zen. "Medikuek esan ziguten amiantoaren ondoriozko gaitz bat zela, baina ez ziguten esan non kutsatu zen; arropa garbitzen edo auskalo...".

Zeziagak dio garrantzitsua dela hau guztia kontatzea eta azaleratzea, "jendeak jakin dezan gaixotasun hauek existitzen direla". Izan ere, azaldu du batzuei ez zaiela interesatzen amiantoarekin gertatzen ari dena azaleratzea. "Guk aitarena ez, baina amarena behintzat jakin ahal izan dugu. Beste kasu askotan ezin izaten dute jakin ez gaitza zein den, ezta gaitzaren jatorria ere", nabarmendu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak