Debagoiena eraldatzeko sarea: egindako bidetik ikasiz, urrutiago iristeko

Julen Iriondo 2019ko urt. 28a, 12:56
Iraitz Agirre, Jon Sarasua, Juan Luis Arexolaleiba Gatxi eta Nagore Iraola, Bagararen sorreran eta bidean protagonista, hastapenetako argazki batean.

Hamarkada batez Bagararen zigilupean ezagututako planteamendu eta prozesuak indartu eta hari jarraipena ematera dator proposamen berria; askotariko esparruetako eragile eta ekimenak lotu nahi ditu, adostutako iparren norabidean jartzeko.

Bailara honek izan nahi du; eta –edo baina– ez edozein moduz. Erronka handiak ditu jendarteak, gizateriak esatea ez litzateke lar, eta Debagoienak bere erara erantzun eman diezaiekeela sinetsita daude hainbat, lehenago ere erakutsi dela eskualde honetan erantzun propioetarako gaitasuna –kooperatibak sortuz–, beste batzuentzako ispilu izateko aukerarekin, gainera; etorkizun hobe baten alde, etorkizuna posible izan dadin, agian, areago.

Lau erronka nagusi darabiltza ahotan Bagarako lehendakari Aritz Otxandianok –Gizarte Eraldaketarako arduraduna ere bada Fagorren–: "Lehena da energiarena eta iraunkortasunarena, eta hor egiten dugun hausnarketa da nola egokitzen den bailara honek duen lankidetzazko ekosistema industrial hau karbono isurketa txikiko ekonomia batera; zeren, hori badator, klima aldaketari aurre egiteko ekonomia, eta, oro har, gure gizartea karbonogabetu egin behar da. Bigarrena da ekosistema industrial hau nola moldatzen den lanaren munduan datozen aldaketetara, robotizaziora, automatizaziora... eta nola egiten dugun enplegua sortzen jarraitzeko panorama berri horretan. Hirugarrena da nola egiten dugun trantsizio hau bailara honek dituen gizarte berdintasuna edo kohesioa mantenduta, aberastasunari dagokionez desberdintasunak areagotu gabe, gizartearen zahartzeari aurre eginez, pertsona migratzaileak prozesu honetan barneratuz, euskararen normalizazioan ere aurrera eginez, eta abar. Eta laugarrena da ze berrikuntza txertatu behar diren hezkuntzan horrelako eraldaketa prozesu bat modu egoki batean sostengatu ahal izateko; gure ustez, hezkuntzak sostengatzen duelako edozein eraldaketa prozesu".

Datorrenaren aurrekariak

Ez ziren erronka horiekiko oso desberdinak mende honetako aurreko hamarkadaren azken aldera Bagara sortzeko burutazioa izan zutenek gogoan zerabiltzatenak. Jon Sarasua zen Bailara prozesua izendatu zutena ondu zutenen artean –hori gauzatzeko tresna moduan sortu zen Bagara, elkarte modura aurrena eta kooperatiba gisa ondoren–. Orduko eta oraingo diagnosiak ere antzerakoak dira: "Seguru asko, munduko bailararik kooperatiboena gara, dimentsio ekonomikoan eta beste arlo askotan, zenbaki aldetik; gizarte antolatuaren muskulua ere esanguratsua da, baina inor ez dabil konexioak pentsatzen edo ipar orokor bat pentsatzen, bakoitza dabil bere negozioari begira eta bere arloari begira". Adibide gisa jartzen du Sarasuak nolatan ez den, esaterako, eraikuntzaren eta etxegintzaren gaian erantzun bat antolatu, "kontuan hartuta hortik zihoala bailarako diruaren zati handi bat". Eta horrela jardunda, "tope baten aurrean eta ziklo amaiera baten aurrean" ikusten zituzten –eta dituzte; berak eta beste batzuek– kooperatibagintza eta herrigintza: "Gogoeta hori, berehala, bailarako erakunde kooperatibo eta sozial edo zibil nagusietan mamitu zen, eta denon artean ikusi genuen bagenuela errelato berri bat sortzeko aukera, kooperatibagintzaren eta herrigintzaren ibilbidetik, baina jauzi bat planteatuz, jauzi integral bat, eta bailara honetan elementuak baditugula gizarte eraldaketa humanizatzaile bat zer izan daitekeen amesteko eta praktikatzeko, eta horrantz abiatu ginen duela hamar bat urte".

Ainara Udaondok ere badu Bagararen sorreraren berri; orduan ere Lankin –MUren lankidetzaren ikertegia–, gaur egun zuzendari: "Funtsezkoak izan zitezkeen zenbait arlotan jarri zen begirada: hezkuntza; kooperatibak biziberritzea, batez ere euren gizarte konpromisoari dagokion atalean; nekazaritza; kontsumo arduratsua; iraunkortasuna; etxebizitza...". Gai bakoitzarekin lotutako azterketak egin, eta arlo horietan eraldaketara bideratutako proiektuak martxan jartzeko unea zen; eta hamarkada honetan izan dira hainbat –denak azken-azkenera, gauzatzera, ez iritsi arren–.

Ikuspegi orokor batetik, Bagarak –eta bere proiektuek– denbora honetan izandako inpaktuari buruz, haren sortzaileek eta inguruan ibilitakoek ez dute ezkutatzen mugatua izan dela; Iraitz Agirre da Bagaran teknikari lanean jardun duenetako bat: "Hordago bat zen, oso proiektu integrala zen. Eta integraltasun horretan markoa jartzen da, baina gero hori dena ezaugarritzeak eta gorpuzteak bere erritmoak, bere energiak ditu; eta hori dena lankidetzan jartzea eta emankorra izatea ez da nahi besteko abiaduran gertatzen: helburua argi eduki arren, bidea ez da, sarri, erraza izaten".

Agirreren bidetik Udaondok ere: "Zaila izan da saretze hori osatzea. Konfluentzia izaera hori aitortu egin behar zaizu, lidergoa izan behar duzu, eta proiektu komunen bueltan askotariko eragileak bildu ahal izateko behetik gorako lan handia egin behar da". Baina baieztapen baikorra ondoren: "Beste edozeren gainetik azpimarratuko nuke Bagarak garrantzi handia izan duela, zerbait martxan jartzeko norabidean eragile izan zelako; eta taupada horrek bizirik dirau".

Bagararen agurra, hilaren 31n

Jon Sarasuaren ustez, Bagara esperientziaren ostean, bere garaian egindako planteamenduek bere horretan diraute; martxan jarritako proiektuei aitorpena eginda, baina honetarako guztirako ipar bat pentsatu eta horren arabera jardutearena hor dago oraindik, eta baita askotariko esparruetako eragileak artikulatzearena ere: "Kooperatibagintza daukagu, hezkuntza erakundeak ditugu, euskalgintza dugu, maila askotako elkarteak ditugu –hirugarren mundura begirakoak, eta batekoak, eta bestekoak...–, eta horien guztien saretze espazioa izan behar zuen Bailara prozesuak, eta hortik sortuko ziren hainbat ideia eta konexio berri".

Baina hauxe da 2010ean Arrasateko Amaia antzokian aurkeztu eta hurrengo eguenean Kulturaten egingo duten ekitaldian agurtuko duten Bagararen sorreran protagonismo handia edukitakoaren ebazpena: "Inportanteena da seguru asko bigarren aukera baten aurrean gaudela orain proiektuaren sakontasun originala berrartzeko eta tresna berriekin, jende askori entzunez eta ikuspuntu berrituekin aurrera egiteko".

Nortzuen artean eta nola egin

Aritz Otxandianoren esanetan, lau zutabe behar ditu eraldaketa sozialak: erakundeak, enpresak, gizarte eragileak eta unibertsitatea. "Hausnarketa konpartitua da gaur egungo gizarte konplexuek dituzten erronkei erantzuteko lankidetza funtsezkoa dela; esparru bakoitza –adibidez, erakunde publikoak– bere kabuz ez dela gai erronka horiei erantzuteko".

Bat dator Aldundiaren izenean diharduen Xabier Barandiaran; dio askotarikoen arteko elkarlanetik sortutakoek hiru bertute dituztela, nagusiki: "Legitimitate handiagoa dute; eraginkorragoak dira; eta denboran iraunkorragoak".

Bagarak pilatutako ezagupenak eta egindako harreman sarea aprobetxatu nahi dituzte "jauzi bat" egiteko eta komunitatean "inpaktu handiagoa" izateko; nola? Tresna eta modu berriak erabilita: "Big data", adibidez, komunitatea "hobeto" entzun eta interpretatzeko, hortik proiektuak abiaraziz; eta esparru desberdinetako proiektuak – bisio bat partekatzen dutenak– elkar konektatuz. "Horrela sor liteke eraldaketa mugimendu bat", dio Otxandianok; horren harira, Agirre Lehendakaria Center-ekin dihardute lanean. 

Kooperatibak, motor eta berme

Beste hiru zutabeak –erakundeak, gizarte eragileak eta unibertsitatea– aitortuz, baina ez da kasualitatea gisa honetako planteamendua Debagoienean sortu izana: "Arrasateko kooperatiba esperientzia, zerbait izatekotan, gizarte berrikuntza esperientzia da, duela 60 urte erronka sozial bati emandako erantzun berritzailea", dio Bagarako lehendakariak; enplegua sortzeko erantzuna, baina baita komunitatearen beste erronka batzuei heltzea helburu zuena ere: "Esperientziaren hasieran hain estuak izan ziren komunitatearekiko lotura horiek ahuldu egin dira, eta berriz estutu behar ditugu". Otxandianoren esanetan, kooperatibek "berme" izan behar dute, duten pisuagatik, prozesu berri hau beste logika batzuetatik –politikarenak...– "blindatzeko".

Urteotako hainbat proiektu

Ereindajan

Bailarako baserritarrak eta kontsumitzaileak harremanetan jartzeko proiektua. Arrasaten eta Bergaran dituzte dendak. Bertakoak eta osasuntsuak dira darabiltzaten produktuak, eta egitasmoa ekoizle, kontsumitzaile eta Ereindajaneko langileen artean daramate. Bagarak dinamizazio lana egin zuen sorreran.

Gureztatu

Arrasateko Azoka Plaza biziberritzea helburu izan zuen. Lehen sektorea indartzea eta beste kontsumo eredu bat zituen helburuen artean. Bagarak gidatuta, askotariko eragileek parte hartu zuten prozesuan, eta azoka berria diseinatzera iritsi ziren. Erabakimenik ez zuten, ordea, eta ez zen proiektua gauzatu.

Eltzia

Oñatiko askotariko talde eta elkarteek partekatzen duten espazioa eta egitasmoa. Aurretik harremanik –askorik– ez zutenen arteko sinergiak aprobetxatzea du helburu. Autogestio adibidea, eta martxan jartzerakoan askotarikoen –Bagara eta Udala ere bai– arteko elkarlanaren eredu ere bai.

Herrigintza gaztea

Gazteak askotariko gaien inguruan formatzeko gunea, Bagarak sortua. Herrigintzara bideratutako edukiak landu zituzten, hainbat esperientzia ezagutuz. Gazteei beraien inguruan eragiteko eta proiektu berriak sustatzeko oinarriak eskaintzea izan zuen helburu, eta baita herri desberdinetako gazteak harremanetan jartzea. 

Koopfabrika

Hainbat erakundek –Bagara tartean– martxan jarritako ekintzailetza sozial programa. Koopfabrika gako izan zen, adibidez, Gu Haziak Gara elkartearentzat; kanpotik iritsitako pertsonen inklusioa errazteko ehungintza tailerra jarri zuten martxan, Koopfabrikak emandako laguntzari esker.

Tobera

Bagararen ekimenez, eskualdeko herrietako pertsona eta taldeen artean egindako antzezlan satirikoa, epaiketa erakoa. Bost urtean egin zen, beste hainbeste herritan. Elkarlanaren kultura sustatzea eta herrien arteko dinamika trinkotuz bailara izaera indartzea zituen helburuen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak