Ostegunera arte luzatu dituzte muturreko fenomeno meteorologikoengatik abisuak

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko urt. 22a, 14:46
Urbia, atzo. (Argazkia: Jokin Larral)

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gaur, bihar eta etzi elur maila 500-800 metro inguruan kokatu daiteke Araba ekialdean eta Gipuzkoa barnealdeko bailaretan. Bestalde, prezipitazio iraunkorragatik gaur abisu horia aktibatu da Gipuzkoa eta Bizkaian eta gauerditik aurrera abisua laranja izango da, 24 orduan 80 l/m2 baino gehiago pila daitezkeelako. Abisu laranja mantenduko da osteguneko 06:00ak arte.

Prezipitazio iraunkorrak, elurra 1.000 metrotik behera eta haize zakarra dira egunotan barnealdean abisu horia eta laranja –kasuaren arabera– aktibatzeko arrazoiak.

Muturreko fenomenoen iragarpena

Asteartea, hilak 22

Zerua estalita egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariagoa egunaren bigarren partean eta Kantauri isurialdean. Egunaren amaieran eta Kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Elur-kota 800-900 m inguruan egongo da; barnealdeko eta ekialdeko bailaretan 500-800 m inguruan egon liteke. Mendebal/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da; eguerdian ipar-mendebaldera egingo du eta indartu egingo da, bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin mendi inguruetan eta kostaldean. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez. Mendi inguruetan izotz txikia egingo du.

- Abisu Horia elurragatik barnealdean 06:00etatik gauerdira. Elur-kota 800-900 metro inguruan egongo da. Araba ekialdean eta Gipuzkoa barnealdeko bailaretan elur-maila 500-800 metro inguruan egon liteke. Prezipitazio txiki-ertaina eta iraunkorra egingo du, ugariagoa egunaren bigarren partean eta Kantauri isurialdean. Aurreikusitako lodierak gainontzeko orduetarako: 5-30 cm 1.000 metrora, 0-5 cm 600 metrora, 0 cm 200 metrora.
- Abisu Horia prezipitazio iraunkorragatik Bizkaian eta Gipuzkoan 12etatik 24etara ordu lokala. Asteartean, hilak 22, 12etatik (ordu lokala) osteguna, hilak 24, 06etara (ordu lokala) bitartean, 24 orduan 60 l/m2 baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait
lekutan. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki Kantauri isurialdean.

Asteazkena, hilak 23

Zerua estalita egongo da. Prezipitazio ertaina egingo du, iraunkorra eta oso ugaria, bereziki Kantauri isurialdean. Goizaldean eta Kantauri isurialdean ekaitzak jo dezake eta txingorra egin dezake. Goizaldean eta goizean goiz elur-kota 800-900 metro inguruan egongo da; barnealdeko eta ekialdeko bailaretan 500-800 metro artean egon daiteke. Egunaren erdiko orduetan elur-mailak gora egin eta 1.000 metrotik gora kokatu daiteke; azken orduetan baliteke 700-900 metro arte jaistea. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, tarte gogorrekin, eta bolada oso gogorrekin, bereziki goizean goiz eta kostaldean; goizean ipar/ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogorrekin, eta oso gogor batzuekin gainerako orduetan. Tenperatura gutxi igoko da. Mendi inguruetan izotz txikia egingo du.

- Alerta Laranja prezipitazio iraunkorragatik Bizkaian eta Gipuzkoan, 24 orduz. Asteartean, hilak 22, 12:00etatik osteguna, hilak 24, 06:00etara bitartean, 24 orduan 80 l/m2 baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du.
- Abisu Horia prezipitazio iraunkorragatik Araban egun guztian zehar. Araban 24 orduan 30-50 l/m2 pilatu daitezke. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki iparraldean.
- Abisu Horia elurragatik barnealdean 00etatik 24etara ordu lokala. Goizaldean eta goizean goiz elur-kota 800-900 metro inguruan egongo da; Araba ekialdean eta Gipuzkoa barnealdeko bailaretan elur-maila 500-800 metro inguruan egon liteke. Egunaren erdiko orduetan elur-mailak gora egin dezake eta 1000 metrotik gora egon daiteke; azken orduetan baliteke 700-900 m arte jaistea. Prezipitazio ertaina egingo du, iraunkorra eta oso ugaria, bereziki Kantauri isurialdean. Aurreikusitako lodierak: 10-40 cm 1000 metrora, 0-10 cm 600 metrora, 0 cm 200 metrora.
- Abisu Horia haizeagatik haizeguneetan 03etatik 12etara ordu lokala. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek kostaldeko haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Mendi inguruetako haizeguneetan haize-boladak 100 km/h ingurukoak izan daitezke. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke.

Osteguna, hilak 24

Zerua estalita egongo da; egunaren bigarren partean hodeiak gutxituko dira, bereziki ekialdean. Egunaren lehen partean prezipitazio txiki-ertaina egingo du; bigarren partean prezipitazio txikia egingo du, zenbait tokitan ertaina arratsaldean. Elur-kota 500-800 metro inguruan egongo da. Ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin goizaldean. Tenperatura gutxi jaitsiko da. Arabako zenbait tokitan eta mendi inguruetan izotz txikia egingo du.

- Alerta Laranja prezipitazio iraunkorragatik Bizkaian eta Gipuzkoan gauerditik 06:00etara. Asteartean, hilak 22, 12:00etatik osteguna, hilak 24, 06:00etara bitartean, 24 orduan 80 l/m2 baino gehiago pila daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Bestalde, 24 orduan 30-50 l/m2 baino gehiago pila daitezke mediterraneo isurialdean. Prezipitazio ertaina, iraunkorra eta oso ugaria egingo du, bereziki Kantauri isurialdean.
- Abisu Horia elurragatik barnealdean 00:00etatik 12:00etara. Baliteke elur-kota 500-800 metro inguruan egotea. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, arratsaldean atertzeko joera izango du. Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1.000 metrora, 0-5 cm 600 metrora, 0 cm 200 metrora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak