2019ari heltzeko "gogo betez"

Amaia Zabala 2019ko urt. 18a, 12:39
Ekideko langileak Volkswagen auto baten atearen diseinua erabakitzen.
Urte berria hastearekin batera, ohikoa da urteko asmoak, erronkak eta helburuak ezartzea, bai norbanako eta baita enpresa eta erakunde mailan ere. Debagoieneko hainbat erakundek ere 2019rako dituzten aurreikuspenen berri eman dute.
Arrasateko Ekide enpresak, Mondragon Unibertsitateak, Arrasateko Mundukide Fundazioak, Debagoieneko ELA sindikatuak, Oñatiko Ulma kooperatibak eta Debagoieneko Ospitaleak, orokorrean, urtea "gogotsu" eta proiektu berri ugarirekin hasi dute.
 
Sei entitate horiek 2019rako erronka handiak dituzte, gainera: Ekide enpresan, esaterako, digitalizazio plan bat jarriko dute martxan 2019an, eta tren sektorean dituzten erronkei aurre egiteko IRIS ziurtagiria "zorrotza" lortzeko prozesuan ere badabiltza. Nazioartekotzeari dagokionez, Ipar Amerikan eta Asian presentzia sendotzeko asmoa dute, eta, etxera begira, berriz, Emun Elkartearekin elkarlanean Euskara plana martxan jarri berri dute.
 
Mondragon Unibertsitateari dagokionez, 2019rako erronka nagusienen artean nabarmentzekoak dira masterren eskaintza birmoldatzea, batetik, eta euskaraz ikasketak online eta erdi-presentzialki egiteko eskaintzan aurrerapausoak ematea, bestetik.
 
Mundukide Fundazioak, berriz, Afrikan programa berri bat zabaltzea du erronka nagusi 2019rako, eta hiru hilabeteko epean programa zehazki Afrikako zein herrialdetan finkatu erabakitzea aurreikusten dute. "Mundukideren helburua 20 urtetan zehar Mozambiken bildutako esperientzia guztiarekin Afrikako beste herrialde batean ahalik eta pertsona gehiagoren bizitzak hobetu ahal izatea da", azaldu du Urri Urizarrek, Mundukide Fundazioko komunikazio arduradunak.
 
Debagoieneko ELA sindikatuarentzat, 2019ko erronka nagusia langileak mobilizatzeko gaitasunak handitzea da, patronalak hitzarmenak berritzeko borondatea izan dezan. Horretaz gain, pobreziarekin amaitzeko asmoz Herri Ekimen Legegile bat bultzatzen ari dira beste hainbat sindikatu eta gizarte eragilerekin. Amaitzeko, apirilaren 5ean, ELAk kongresu garrantzitsua egingo du, zuzendaritza berria aukeratuko baitute; hain zuzen, Mitxel Lakuntza idazkari nagusi berria izatea proposatuko dute. Oñatiko Ulma kooperatibaren asmoak ere ez dira gutxiagorako, merkatuko eskaintzak "handitzea" eta 2019an eboluzio "positiboa" izatea baitu helburu.
 
Debagoieneko Ospitaleari dagokionez, erakundearen profesionaltasuna finkatzea, pazienteek ospitalearengan duten konfiantza hobetzea, neurologia zerbitzu berria ezartzea eta inbestigazio proiektuak babesten jarraitzea dute helburu 2019rako.
 

Ekide, sinergiak "aprobetxatzen"

Nazioarteko ekonomia kontuan izanik, "2019a urte konplexua eta ziurtasun gabekoa" izango dela aurreikusten du Oscar Sevillanok, Ekide enpresako zuzendari nagusiak, eta Estatu Batuetako ziklo ekonomiko positiboaren amaiera posiblea eta brexit -a aipatu ditu, besteak beste. Eta ondorioz, "zuhurtziaz" jokatuko dutela eta dibertsifikazioa eta internazionalizazioa izango direla gako nagusietako batzuk. Bestalde, enpresako langileei dagokienez, azken urteetan "etengabe hazten" ari direla eta 2019ari begira helburua "langile kopurua kontsolidatzea eta haien etengabeko formakuntza bermatzea" direla dio. Salmentei dagokienez, 2018an, 30 milioi euroko fakturazioarekin bukatu zuten eta 2019ari begira 33 milioi eurora igotzea aurreikusten dute.

 

"Gogoz eta proiektuz beterik"

Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak jakinarazi du 2019a "gogoz eta proiektuz" beterik aurkezten zaiela: "Gure jatorrizko kokalekuetan dauzkagun campusetan eskaintza akademikoa eta ikasle kopurua hazten doa, eta, horrez gain, Bilbon gure presentzia indartzeko urtea ere izango da". Bestalde, Huhezik Eskoriatzan duen Dorleta eraikin berriaren lanak aipatu ditu Altunak, eta bertan izango duten hezkuntza digitalaren KoLaborategia, ikerketa laborategia, hain zuzen, azpimarratu nahi izan du. Horretaz gain, 2019ko irailetik aurrera graduondoko hainbat tituluren birmoldaketa hasiko dutela jakinarazi du errektoreordeak: "Hezkuntza eredu berritzaileen lider aitortza daukagu eta hala izaten jarraitzea nahi dugu". Oro har, 2019a urte "garrantzitsua" izango dela nabarmendu du Altunak.
 
 

Mundukide, mundura zabaltzen

Mundukide Fundazioak aurreikuspen onak ditu 2019rako, nahiz eta badakiten "gogor lan egitea" tokatzen zaiela, lantaldea "gogotsu" baitago "ahalik eta etekin handiena ateratzeko". Urri Urizar Mundukideko komunikazio arduradunak jakinarazi du fundazioak aurrekontua estalita duela, gutxienez, bi urterako, eta, ondorioz, esku artean dituzten programek egunerokoan eskatzen dizkieten beharrei aurre egiteko aukera "ona" dutela. Mozambikeko eta Brasilgo proiektu beteranoak optimizatzeaz gain, Kolonbian programa bat estreinatu berri dute, eta epe motzean Ekuadorren ere gauza bera egin nahi dute. Afrikari dagokionez, Mozambikeko esperientzia jarraituz programa berri bat zabaldu nahi dute (informazio gehiago urtarrilaren 25ean argitaratuko den Puntua -n, 179. zenbakian).

 

2018ko lorpenekin jarraitzea

2018a hainbat berri "onekin" itxi dutela jakinarazi du Amagoia Lasagabasterrek. Deba eskualdeko ELAko arduradunaren esanetan: "Greba kopurua %80 hazi da, langile askok protestak egiteari beldurra galdu diote eta, ondorioz, 2018an zehar hainbat hitzarmen berreskuratu ditugu: Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena eta Gipuzkoako hoteletako hitzarmena, esaterako". Horretaz gain, Martxoaren 8ko greba "arrakastatsuari" ere egin dio aipamena: "Greba honek lan munduan hainbat erronkari aurre egiteko indarra eman digu; besteak beste, Arrasateko etxez etxeko laguntza zerbitzuan hobekuntza garrantzitsuak ixteko ezinbestekoa izan da". 2019ari dagokionez, lorpen horiei jarraipena emateko urtea izango dela azpimarratu du.
 

Ulma, "eboluzio positiborantz"

Ulma Taldearen esanetan, 2018a urte oparoa izan dute; izan ere, "840 milioi euro" inguru fakturatzera iritsi dira. 2019 urte berrian ere, nazioarteko ziurgabetasun ekonomikoak gorabehera, negozio gehienetan "eboluzio positiboa" izatea espero dute, eta, era berean, merkatuko eskaintza "handituz" joatea ia-ia negozio guztietan. 2019rako espero den bilakaera positibo horren arrazoia da, hein batean, Ulma Taldeko negozioen posizionamendua "hobetu" egin dela presente dagoen merkatuetan. Enpleguaren ikuspuntutik, azpimarratzeko datua da langile kopuruaren igoera nabarmena; izan ere, taldeak, guztira, 5.000 lanpostu baino gehiago ditu. Azpimarratu dute, ordea, langile kualifikatuak lortzeko arazoak dituztela eta 2019an egoera hori hobetzea espero dutela.
 

Aldaketak, pazienteen "onerako"

Debagoieneko Ospitaleak kanpo-kontsultentzako gune berri batekin hasiko du urtea; izan ere, ospitale zaharreko ospitalizazio solairu bat berritu egin dute, bezeroei eta profesionalei gune "erosoagoa" eskaintzeko helburuarekin. Eraikin bereko beheko solairuan, erauzketetako hainbat gune egokitu dituzte. Ospitaleak eskaintzen dituen zerbitzuei dagokienez, horiek finkatzeko bidean lanean jarraituko dutela jakinarazi du zuzendaritzak: bizi ohitura osasuntsuen promozioa, komunitate-jarduerak, lekuko osasun sareen sustatzea, eta abar. Eta baita dagoeneko ondo finkatuta dauden Paziente Aktiboa programa eta erorketak saihesteko tailerrak ere. Horretaz gain, paziente kronikoen arreta integratuari dagokionez ere aurrerapausoak ematea dute helburu 2019an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak