Orain Presoak dinamikak gizarte zibil osoari eta alderdi eta instituzioetako kidego osoari egin die aurtengo bi manifestazioetarako deialdia eta lau eskaera egin dituzte bertan: urrunketa amaitzeko, gradu progresioa ahalbidetzeko, preso eriak artatzeko eta Frantziako kartzela urteak zenbatzeko Espainiak. Antolatzaileek nabarmendu dute, lehenengoz, Bilboko manifestazioan sindikalgintza osoaren ordezkaritza izango dela –ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde–. Horretaz gain, atzo, erredakzioaren itxiera ordura bitarte, Gure Esku Dago, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk ere publiko egina zuten manifestazioarekiko atxikimendua. Ipar Euskal Herriko alderdi gehienek ere bat egin dute–EH Bai, EAJ/PNB, Generation.s, Europe Ecologie Les Verts, Modem, UDI eta PS–. Bestalde, Kataluniatik babes zabala iritsiko da, "ordezkaritza politikoa ez ezik, preso diren politikarien senideak ere manifestaziora etortzekoak baitira".
Euskal presoen datuak
Sarek –herritarren sarea– abenduaren 20an argitaratutako datuen arabera, 264 euskal preso daude gaur egun: 210 Espainiako Estatuko espetxeetan, 46 Frantziako Estatuko espetxeetan, hiru Euskal Herriko espetxeetan, bat zentro batean preso, beste bat Portugalen, beste bat Ipar Euskal Herrian, epailearen kontrolpean, eta, azkenik, bi espetxe arinduan. Sarek distantziak ere salatu ditu; izan ere, "aste batean, senide guztien artean 13,2 buelta ematen dizkiote munduari eta 110.112,03 euro gastatzen dituzte bidaietan senide guztien artean aste bakar batean". Horretaz gain, dispertsioak hamasei pertsonaren heriotza eragin du dagoeneko. Debagoienaren kasuan, zortzi euskal preso eta errefuxiatu bat daude une honetan.
Joseba Erostegi antzuolarra
1997ko uztailaren 1ean atxilotu zuten eta hogeita hamar urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, "Ortega Lararen bahiketan parte hartzeagatik", besteak beste. "Bost egun inkomunikatuta egin ondoren, Auzitegi Nazionalera eraman zuten eta torturatua izan zela salatu zuen", azaldu du Ines Zubia emazteak.
Egun, 65 urte ditu eta askotariko gaitz larriak ditu, eta, ondorioz, preso gaixoen zerrendan dago. 2014tik 2017ra hainbat operazio eta interbentzio egin dizkiote; dena den, gaur egun, "ondo" dago.
Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzelan dago, 580 kilometrora." Komunikazio guztiak interbenituak ditu eta 2003an, beste euskal presoei bezala, lagunen bisitak murriztu zizkioten, eta, orain, sei hilabetean behin hamar lagunen bisitak bakarrik onartzen dizkiote. Gainera, hilean bi orduko bi bisean biseko soilik ditugu. Bestalde, hilean pakete bakarra jaso dezake". Zubiak gaineratu du frutak erosteko aukera ere kendu egin ziotela 2018an.
Joseba Erostegi lehen graduan dago egun, eta, hori dela eta, preso sozialek dituzten eskubideekin konparatuz, "euskal presoek eskubide murriztuak" dituztela salatu du presoaren emazteak.
Garikoitz Garcia aretxabaletarra
2010eko urtarrilaren 9an atxilotu zuten, Portugalen, eta hogei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, “banda armatuko kide izateagatik, armak eta lehergaiuak garraiatzeagatik, indarkeriazko lapurreta egiteagatik eta lesioak eragin zituen atentatu bat egiteagatik”. Gaur egun, Picassent-en (Valentzian) dago, 630 kilometrora, eta, Erostegiren moduan, hura ere lehen graduan dago. Uda honetan, uztailaren 1ean, hura bisitatzetik bueltan zetozen bi lagunek istripua izan zuten Teruel parean.
"Presoak etxean nahi ditugu lehenbailehen eta hori gertatu dadin ezinbestekoa da euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politika krudel hau bukatzea, gradu aldaketak egitea eta honek ekarri ditzakeen espetxe onurak jasotzea
eta urrunkeria bukatu eta larriki gaixorik dauden presoen etxeratzea", salatu du AmaiaGarciak, Garikoitz Garciaren arrebak.
Honen harira, Aretxabaletako Udaleko bozeramaile batzordeak (EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Irabaziko zinegotzi ohi Luis Mariano) "konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako unea dela" aldarrikatuz komunikatu bat kaleratu du.
Josu Arkauz arrasatearra
1991ko martxoaren 20an atxilotu zuten eta “ETAko komandoen koordinatzaile” izateagatik 115 urteko zigorra ezarri zioten. Murcia II espetxean dago, eta 2023rako dauka ezarrita irteera- data. Presoen aldeko eragileek jakinarazi dutenez, Europako legediak dioena betez gero, 2015a ezkero egon beharko luke aske, Frantzian egindako espetxe urteak eta Espainiako zigor kode zaharrak barne zituen erredentzioak kontuan izanda. "Euskal presoei ez zaizkie inoiz erredukzioak aplikatzen eta distortsioak jarraitzen du. Iaz, gainera, gure aita hil zen eta anaiari ez zioten ikusten utzi. PSOEk pausoak emango zituen esperantza genuen, baina ikusten da ezetz", dio Ramon Arkauz anaiak.
Unai Parot arrasatearra
1990eko apirilaren 2an atxilotu zuten, eta 4.797 urteko espetxe- zigorra ezarri zioten –40 egingo ditu espetxean–, “26 hilketa eta 166 saialdi egiteagatik”. Unai Parotek 2020an aske geratu beharko luke, 30 urte preso egon ostean. Baina espetxean ustez aurkitutako gutun baten ondorioz, 2020an hamabi urteko beste espetxe-zigor bat hasiko luke, "mendekuz sorturiko" zigor kodearen aldaketa baten ondorioz, presoen aldeko erigileek adierazi dutenez. Gaur egun, Puerto III espetxean dago, 1.020 kilometrora: "Oso baldintza gogorretan".
Maixol Iparragirre eskoriatzarra
2003an espetxeratu zuten, eta, 2010ean egindako epaiketan, 20 urteko zigorra ezarri zioten, “ETAko administrazio zuzendaria izateagatik”. Iparragirreren ahizpak, Maitek, azaldu du gaztetan "atxilotua eta torturatua" izan zela eta aske uztean sortetxetik alde egin behar izan zuela: "Iparraldean zela, Estatuaren errepresioa jasan zuen eta GALen hilketak gertutik bizi izan zituen; egun, Paristik gertu dagoen Reu espetxean dago, 900 kilometrora, eta bisitatzera joateko zailtasunak izugarriak dira; batez ere, gurasoentzat, adinean aurrera doazelako, ezintasuna izugarria da".
Xabier Ugarte oñatiarra
21 urte pasa daramatza espetxean eta Ortega Lararen bahiketan parte hartzeagatik atxilotu zuten, besteak beste. Egun, Topas-en dago, Salamancan, 400 kilometrora."40 minutuko bisita edo ordu eta erdiko bisean bisekoa egiteko berarekin, zortzi orduko joan-etorria egin behar izaten dugu Bestalde, urte hauetan guztietan behin eta berriro gradu aldaketa eskatu arren, lehen graduan jarraitzen du, euskal preso gehienek dituzten baldintza beretan", salatu du Susana Uribetxeberria emazteak.
Ugartek Menier sindromea du: "Zorabioak eta belarri batetik entzumena galtzea eragin dizkio. Artritis erreumatoidea ere badu, eta, hotzarekin gaiztotu egiten denez, neguan min- aldi handiak izaten ditu", salatu du Uribetxeberriak.
Xabin Usandizaga oñatiarra
1997ko uztailaren 3an, atxilotu zuen Guardia Zibilak, Oñatin, Erostegirekin, Ugarterekin eta Gaztelurekin batera, kausa beragatik. Egun, Kordoban dago, bertan bost urte daramatza, eta ikasteko aprobetxatzen ari da: Filologia Hispanikoko laugarren kurtsoan dago. "Bere egoera oso latza da; izan ere, lehen graduan eta isolamenduan dago eta espetxeko bizi baldintzak muturrekoak dira, oso gogorrak", salatu du Iñaki Usandizaga anaiak. Gaineratu du legea ez aplikatuta presoen eskubideen urraketa "larriak" egiten ari direla: "Zer gertatzen da larriki gaixo dauden presoekin? Eta 70 urte beteta dituztenekin? Eta erredentzioekin?".
Gaineratu du larunbat honetako manifestazioak eta bestelako mobilizazioak "beharrezkoak" direla eta "herritar guztiei" bertaratzeko deia luzatu die.
Joseba Arregi oñatiarra
1992ko martxoaren 29an atxilotu zuten. 73 urte beteko ditu martxoan eta 27 urte daramatza jada preso. Egun, Alacanteko Villena espetxean dago, Oñatitik 780 kilometrora. 70 urte baino gehiago dituzten hiru euskal preso daude Espainiako espetxeetan, nahiz eta legeak dioen behin adin hau betetzean askatuak izan behar dutela. Bestalde, Arregiren kasuan ere, Frantziako espetxean egindako urteak kontuan hartu izan balizkiote, kalean beharko zuen. "Estrasburgoko epaiarekin esperantza pixka bat bagenuen, baina, beste behin ere, ezer ez, tranpa egin dute eta ez dituzte sakonean errebisatu", azaldu du Mertxe Arregi arrebak. Izan ere, Estrasburgoko auzitegiak azaldu du Espainiako legerian ez zela zigorrak batzea aukera bezala jasotzen.
Alberto Plazaola oñatiarra
Plazaolaren kasua berezia da. 2015eko martxoaz geroztik iheslaria da; izan ere, Frantziako espetxean betetako zigor urteak ez zizkiotela kontuan hartuko ikusita, ihes egin zuen.
Debagoienetik autobusak
Oñatitik, Enpresagintza Fakultatetik, bata 10:00etan eta bost 15:00etan. Bergaratik, bata 11:00etan eta lau 15:15ean, geltokitik. Arrasatetik, bi 11:00etan eta hiru 15:30ean, Garibaitik. Aretxabaletatik, bata 11:00etan eta bestea 15:15ean, Azbetik. Antzuolatik, 15:30ean, autobus geltokitik; Elgetatik, ordu berean, plazatik; Aramaiotik, 15:00etan, biribilgunetik. Eskoriatzatik, 14:45ean, erdiko geltokitik; aurrez Gatzagatik pasako da.