Nortasuna eta balioak landuz Indiako neska-mutikoak erregistratzen lagunduko duen panpina

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko urt. 11a, 10:54

Sara Anton 'Iam' panpinarekin.

MUko Leinn graduko ikasle talde batek Iam panpina sortu du –ingelesezko I am-etik hartu dute izena, ni naiz–. Panpina hezitzailea da, eta nortasuna eta balioak lantzeko balio du. Panpinarekin lortuko duten diruaren zati bat Indiara bideratuko dute, neska-mutikoak erregistratzen laguntzen duen Sharuk proiektura.

"3 eta 8 urte bitartekoei zuzendutakoa da; panpinaz gain, eguneroko bat eta fitxa batzuk ditu jolasak", azaldu du Sara Antonek, Leinn graduko ikasleak. "Txikiek panpina kuttun bat izaten dute, euren garapenean balio handia izaten duena. Gurasoen babesa ez duten momentuetan balio handia izaten du", dio Antonek.

Kolorerik gabeko mundua

Jolasa 2030ean kokatzen da. Munduko koloreak galdu egingo dira, jendeak elkarbizitzarako behar diren balioak galduko dituelako. "Iam panpinak basoan karta bat aurkituko du: hor irakurriko du koloreak ez direla galdu, gordeta daudela, baina behar dela jende ausarta kolore horiek berriro ere mundura ekartzeko", azaldu du Antonek. Iam-ek haurra animatuko du kolore horiek bilatzera. "Mapa batean puntu ezberdinak daude eta puntu horietan ariketa batzuk: gurasoen laguntzarekin egin behar ditu umeak ariketak. Familia giroan lantzeko jolasa da", dio. Ariketa horiek egitean, balio bat ordezkatuko duen fitxa jasoko du umeak, kolore bat izango duena; hala, munduak kolorea berreskuratuko du.

Indian duten proiektua

Leinn graduko ikasle horiek identitatearen eskubidearen beharra aldarrikatzen duen Sharuk proiektua dute Indian. "Erregistro sistemak ez du ondo funtzionatzen, eta, ondorioz, familia askok ez dituzte euren haurrak erregistratzen. Orduan, ez dira existitzen Gobernuaren aurrean eta ez dira gizaki kontsideratzen giza eskubideen aurrean", azaldu du Antonek. Ikusi dute Indiako lana aurrera eramateko finantziazioa behar dutela: "Guk ez genuen GKE bat sortu nahi, baizik eta enpresa sozial bat izan eta gure produktu edo zerbitzu propioengatik aurrera eramatea gure lana", dio. Nortasuna izatea beharrezkoa da NA bat lortzeko. "Baina pertsona baten identitatea hori baino askoz gehiago dela ikusi dugu, eta bi ideiak lotu ditugu; hala, produktu bat sortu dugu, haurrekin nortasuna lantzeko balioko duena", gaineratu du. Emozioak eta balioak lantzeko erreminta izango da jolasa.

Nola lortu panpina

Ikasleek Elmundodeiam.com ataria sortu dute: atari horretan eskatu behar da jolasa. 55 euro balio du–Sharuk proiektura bideratuko dute zati bat–. Panpina egin ahal izateko 500 aleko produkzioa bermatu behar dutela azaldu du Antonek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak