Euskaraldiak ekarri dituen aukerez eta erronkez hausnartzeko jardunaldia

Euskaraldiak ekarri dituen aukerez eta erronkez hausnartzeko jardunaldia

Euskaraldiak euskaltzaleen mugimendua berritzeari begira ekarri dituen aukerez eta erronkez hausnartzeko jardunaldia antolatu du Euskaltzaleen Topaguneak, urtarrilaren 31ean, Bilboko EHUren Bizkaia aretoan burutuko dena. Gaia jorratzeko hainbat hizlari arituko dira beraien ekarpenak egiten. Jardunaldian parte hartu nahi dutenak, urtarrilaren 23a bitartean izango dute aukera izena emateko http://topagunea.eus/topaldia webgunean. 

Jardunaldiko egitaraua

Jasone Mendizabalek irekiko du jardunaldia, Euskaltzaleen Topaguneak mugimenduaren egoeraren gainean duen irakurketa eginez. Ondoren, Jon Sarasua autoeraketaz arituko da, Hiztunpolisa saiakeran jasotakoak eguneratuz. Manex Agirre euskara teknikariak, berriz, lankidetzaren gaia landuko du. Jarraian, Ipar Euskal Herrian erabilerari begira zabaldu den abaguneaz jardungo da Eneko Gorri. Goizari amaiera emateko, taldeka lan egiteko parada izango da autoeraketa eta elkarlana oinarri harturik. 

Arratsaldean, Mari Luz Estebanek mugimendu feministaren ibilbidea izango du ardatz, eraldaketarako ispilu izan daitekeelakoan. Jardunaldia amaitzeko, Elena Laka eta Rita Aldabaldetrekuk ekarpen lanaren lehen ondorioak plazaratu eta aurrera begirako proposamenaren berri emango dute.