Duela hamar urte hasi zen mundu mailan Microsoft-eko teknikari faltsuaren iruzurra, eta tarteka kasu berriak entzuten dira. Pasa den irailean hainbat kasuren berri eman zen estatu mailan, eta azkenaldian, hainbat debagoiendarrek jaso dute telefono deia, eta batzuk, lapurretaren biktima ere izan dira. GOIENAk jakin dituen kasuetan, deia telefono finkoan jaso da eta ingelesez zein gaztelaniaz –atzerritar kutsuarekin– izan dira elkarrizketak.
"Nire ordenagailura sarbidea eman nien, TeamViewer-ekin, eta 1.100 euro ostu zizkidaten"
Microsoft-etik deitzen dutela esatearekin batera, hacker-a aipatzen dute eta baita presazkoa dela hori moztea. Horrela biktimaren konfiantza eta ordenagailurako sarbidea lortzen dute: "Nire ordenagailura sarbidea eman nien, TeamViewer-ekin, eta 1.100 euro ostu zizkidaten" azaldu dio iruzurra jasan duen debagoeindar batek GOIENAri: "Nik gakoak-eta eman nizkien. Izan ere, esan zidaten hacker-en kontrako segurtasuna handitu egin behar zutela, eta nik datu guztiak eman nizkien. Konturatu nintzenerako, dirua ostuta". Biktima horri Ertzaintzak azaldu zionez "dirua Londresera" joan zen eta hura "paradisu fiskala" izanik, ezinezkoa da pista jarraitzea.
Zoritzarrez ez da lapurreta jasan duen bakarra, sare sozialetan ere bolo-bolo dabiltzan iruzur mota hori jasan dutenen mezuak; baita deia jaso arren sinetsi ez dutenenak ere. Goiena Komunikazio Taldeak Otalora lizentziaduna kalean duen eraikinean ere jaso dira mota horretako deiak. Horretaz gain, estatu mailan ere hainbat komunikabidek ohartarazi dute ustezko Microsoft-eko teknikariaren iruzurra jasan dutela hainbat pertsonek.
Microsoft-en oharra
Konpainiak garbi utzi nahi izan du, bezeroak eskatu ezean, zerbitzu teknikoa sekula ez dela jarriko bezeroarekin harremanetan. Beraz, eskatu gabeko laguntza bat jasoz gero, telefonoz zein mezuz, iruzur bat izan daiteke. Microsoft-ek bere webgunean orrialde berezi bat dauka mota horretako iruzurrei buruz ohartaraziz eta hainbat gomendio eskainiz. Era berean, oso garrantzitsua da datu pertsonalak eta segurtasun klabeak edo ordenagailuko sarbidea telefonoz edo posta elektronikoz ez ematea inori, ezta ustez bankuko dei bat denean ere.
GOIENA albiste hau osatzen joango da adituekin eta biktima gehiagorekin hitz eginda.