Hamar urtean gora egin du populazioak Debagoienean

Eneko Azurmendi 2019ko urt. 11a, 08:59
Oñatiko herritarrak, Kale Barrian.

Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) datuen arabera, 2008an baino 810 biztanle gehiago izan ditu Debagoienak 2018an; hamar urteko epe horretan Bergarak galdu du biztanle gehien, eta Oñati izan da herritar kopurua gehien hazi den herria.

2019ko urtarrilaren 1ean INEk egindako herriz herriko udal errolden berrikuspenak utzitako datuak dira horiek.

Bergarak, esaterako, 150 biztanle gutxiago ditu duela 10 urte baino, eta azken urtean 95 herritar gutxiago erroldatu dira. Kezkaz hartu ditu datu horiek Elena Lete Bergarako alkateak. "Egia da aspaldian ez dagoela hazkunderik, eta hori ez da ona. Baina horrek baino gehiago kezkatu behar gaitu Bergaran eta, oro har, Bergaran populazioa zaharra dela", adierazi du. Hori horrela, jende gaztearen beharra azpimarratu du Letek. "Horri buelta emateko, jende gaztea behar dugu, jakina. Horren harira, gure enpresek ere aspalditik esaten dute jende gaztea behar dutela lanerako. Horretarako, funtsezkoa da Lanbide Heziketan gazteak formatzea, hona etorri eta gelditu daitezen eta, bide batez, aktibitatea indartu dadin".

Beste puntan Oñati dago. Izan ere, 2008an baino 519 herritar gehiago erroldatu dira 2018an. Hala ere, azken urtean joera apurtu da, eta 59 oñatiar gutxiago izan dira. "Azken urtean, beherakada izan da, jaiotza eta heriotza kopuruaren arteko diferentzia ohi baino handiagoa izan zelako 2017an. Horregatik jaitsi da biztanleria, hein handi baten. Urte hartan, 136 hil ziren eta 69 jaio", azaldu du Mikel Biain Oñatiko alkateak. Salbuespena izan dela dio Biainek. "Azken urteetan positiboa izan da bilakaera, eta aurrera begira ere joera mantenduko dela uste dugu. Ume gutxiago jaiotzen dira, baina industria asko dago herrian, eta kanpotik ere etortzen da jendea. Tokatu daiteke 2017an moduko salbuespenen bat, baina, orokorrean, tendentzia goranzkoa izango dela uste dugu, eta herria hazten joango da", nabarmendu du.

Gainontzeko herriak

Aretxabaletan ere Oñatin gertatutakoaren antzerakoa gertatu da. Izan ere, hamar urteko epea aintzat hartuta, populazioaren hazkundea nabarmena izan da, 2008an baino 341 herritar gehiago izan dituelako 2018an. Azken urtean, ordea, 28 biztanle galdu ditu.

Hazkunde nabarmena izan duen beste herri bat Elgeta izan da, eta joera goranzkoa da bi epeak kontuan hartuta. Hau da, azken 10 urteetan 85 herritar gehiago erroldatu dira eta 2017tik 2018rako epean, berriz, lau herritar gehiago.

Arrasatek, erritmo baxuan bada ere, hazkunderako joera izan du azken urteetan. Hala, 2017tik 2018ra bitartean izandako hazkundea azken hamarkadan izandakoa bezainbestekoa izan da ia. Hau da, azken hamar urteetan 45 biztanle irabazi ditu Arrasatek eta azken urtean, berriz, 42.

Eskoriatzari dagokionez, hazkunde txiki bat izan da populazioan azken hamar urteetan. Hala, 2008an baino hamasei pertsona gehiago erroldatu dira 2018an. Azken urtean, aldiz, bi pertsona gutxiago.

Aramaion eta Antzuolan gauza bera gertatu da azken hamar urteotan. Izan ere, 2008tik 2017ra hazi egin ziren eta azken urtean beherakada izan dute.

Aramaiori erreparatuta, 2008tik 2017ra zazpi biztanle gehiago erroldatu ziren, baina, azken urtea kontuan hartuta, jaitsiera hamahiru biztanlekoa izan da.

Antzuolan, 2017an sei herritar gehiago ziren 2008an baino. Azken urtean, ordea, antzuolar kopurua jaitsi egin da; hamabost gutxiago izan dira 2018an.

Azkenik, Leintz Gatzagan populazioa nabarmen jaitsi da azken hamarkadan, nahiz eta azken urtean mantendu egin den biztanleria. Hau da, 2008tik 2018ra, 31 herritar galdu ditu. Hala ere, 2017an baino biztanle bat gehiago izan du 2018an; 232, zehatz esateko.

Debagoiena

Bailara osoa aintzat hartuta, Debagoienak Oñatiren eta Aretxabaletaren bilakaera bera eduki duela esan daiteke. Izan ere, 2018an 64.010 debagoiendar erroldatu dira, 2008an baino 810 gehiago. Hala ere, azken urtean, hazkunde hori eten bakarrik ez, beheranzko joera hartu du, eta 2017an baino 165 gutxiago izan dira 2018an Debagoienean erroldatutako herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak