Mendeurreneko ospakizunen barruan eskatu zion Euskaltzaindiak Tartean konpainiari antzezlana egiteko, baina, atzera begiratuta beharrean, etorkizunera salto eginda osatu zuela gidoia dio Patxo Telleriak: "Koldo Mitxelena idazleak zioen euskararen misterioa ez zela bere jatorria, bere iraupena baizik, eta horixe da, hain justu, Ghero lanaren motorra. Euskarari buruzko hainbat antzezlan egin izan ditugu aurretik, baina honako honen dohainik garrantzitsuena originaltasuna da”.
Bederatzi fabularekin kontatuta
3000. urteko ospitale batean abiatzen da istorioa; balizko gizarte horretan urte askoan bizi da jendea, eta hizkuntza bakarra hitz egiten da munduan. "Hiltzear dagoen azken euskalduna da protagonista; kezkatuta dago, bera hiltzerakoan berarekin batera euskara hilko delako, ez baitu, bere arbasoek egin zuten moduan, euskarak bizirik irauteko nahikoa ahalegin egin; lekukoa pasatzeko oinordekorik ez izatea, adibidez. Hortaz, nolabaiteko errudun sentimendua dauka, eta azken euskalduna izatea zama moduan bizi du. Esan daiteke istorio bat dagoela, baina horren barruan beste hainbat kontakizun sortuko dira; izan ere, euskararekiko duen ikuspuntua hainbat fabularekin islatzen da, askotariko tonu eta estiloetakoak". Mikel Martinez aktorea da, gaixoa, eta harekin batera beste lau lagun daudela dio Telleriak: "Istorioaren haria Martinezek eta Ane Pikazak (medikua) daramate, eta Iñaki Marurik, Olatz Ganboak eta hirurok kontatzen dituzten fabulak gorpuzten ditugu. Aipatzekoa da, era berean, Iñaki Salvadorrek egindako musikak duen pisua. Oso kantu bokalak dira, eta aktoreok nolabaiteko polifonia sortzen dugu”.
Gazteentzat eta helduentzat
Oinarrian gai sakona den arren, Tartean konpainiak marka duen umorea eta ironia ez dira falta. "Pozik gaude emaitzarekin, eta harrituta gazteen erantzunarekin, euren klabeetarako ikuskizun aproposa dela ikusi dut". Sarrerak 10 eurotan eskura daitezke, leihatilan, Oñatiko Txokolateixan eta Arrasate.eus eta Oñati.eus atarietan.