Juanjo Arrieta: "Etxeko entrenatzaileekin ez dugu izaten pazientziarik"

Xabier Urtzelai 2019ko urt. 11a, 20:00
Juanjo Arrieta eta Javier Igartza, joan den zapatuan, Bergarako Sagarpe elkartean.

Reala barrutik ezagutzen duten bi bergararrek, Javier Igartzak eta Juanjo Arrietak, Garitanoren kaleratzearen gainean egin dute berba GOIENArekin; horrekin batera, klub txuri-urdinaren gaineko errepasoa egin dute.

Entrenatzailea estreinatzeak zortea dakarren esaera berretsi ahal izan zuten realzaleek joan den domekan, Bernabeun Imanolen mutilek merengeei 0-2 irabazi eta gero. Eta kolpe bakarrean, garaipen horrek Realaren zuzendaritzak Gabonen bueltan hartutako erabakia –prezipitatua askorendako– isilarazi du. Imanolen debutaren aurretik, GOIENA bederatzi urtez Realeko kontseiluko kide izan den Juanjo Arrietarekin eta kargu berean urtebete daraman Javier Igartzarekin izan zen. Asier Garitano izan zuten berbagai, baina baita Realaren gaineko beste zenbait gai ere, barrutik ezagutzen dute-eta klub txuri-urdina.

Bidegabea izan da Asier Garitanoren kaleratzea?
Juanjo Arrieta: [Hasperena] Ikusten dut galdera zailenarekin hasiko dugula elkarrizketa. Bai, nik uste dut bidegabea izan dela Asierren kaleratzea. Futbolean partiduak galtzen badituzu zaleek segituan egiten dute entrenatzailearen kontra. Baina kasu hau salbuespena izan da, Anoetako zaleek oraindik ez zutelako Garitanoren kontra nabarmen egin. Akaso bai berdegunean zeuden hainbat jokalariren kontra, baina ez entrenatzailearen kontra; nabarmen ez, behintzat. Eta, Asier bergararra izanda, Bergarako realzaleek ez dute erabakia batere ondo hartu, herrian maitatua delako. Hemen min egin du erabaki horrek.
Javi, barrutik zelan bizi izan duzu egoera?
Javier Igartza: Hasteko, uste dut Asierrek dena izan duela kontran Realean, ez du zorterik izan. Lesionatu mordoa izan ditu, eta aste askotan filigranak egin behar izan ditu hamaikako lehiakor bat zelairatzeko. Hortik aurrera, emaitzak ez dira nahi modukoak izan, eta bereziki abendua oso txarra izan zen. Orain, bidegabea izan den Asierren kaleratzea? Ez dut erantzun egoki bat emateko nahikoa informazio, baina pertsonalki, pena handia hartu dut.
Kanpotik, baina, erabakia azkarregi hartu ote den sentsazioa egon da. Etxekoekin pazientzia gutxi izango bagenu moduan.
J.I: Akaso beste entrenatzaile batzuekin zuzendaritzak pazientzia handiagoa izan du, baina kirol zuzendaritzatik garbi zuten ez zela Realaren etorkizuneko entrenatzailea. Hori izan da erabakia hartzeko motibo nagusia.

Javier Igartza eta Juanjo Arrieta, Bergaran.

Horregatik, barruan zerbait arraroa gertatu den susmoa izan dute zale eta kazetariek... Harreman txarra jokalariekin, bigarren entrenatzailearekin...
J.A: Bigarren entrenatzaile Ruben de la Barrerak aste batzuk lehenago Reala uztea erabaki zuen, eta halakoak ere susmoak zabaltzeko oso aproposak dira. Baina erabaki hori ulertzekoa ere bada, Ruben Qatarrera joan delako entrenatzaile moduan, eta hango kontratuak hemengoak baino dezente hobeak izaten direlako. Nik, esaterako, garbi daukat Asierrek eta Rubenek [de la Barrera] ez dutela inongo arazorik izan.
Baina oso estilo diferenteko entrenatzaileak dira.
J.A: Batzuetan, futbolaren gainean ikuspuntu ezberdinak izan eta hainbat ideia komunean izatea ez da txarra izaten. Horrek kontrarioa ikuspuntu ezberdinetatik aztertzeko aukera ematen dizu. Hau futbola da, ez zientzia fikzioa.
J.I: Nik, hain zuzen, badakit ze helbururekin fitxatu zuen Realak Ruben de la Barrera. Entrenatzaile ezberdina delako ekarri zuten Realera, eta gainera, Asierrek bere ikuspuntua beste norbaitenarekin alderatu gura zuen, aurreko etapetan izandako lantaldean ez zuelako halakorik izan, eta kirol zuzendaritzatik proposamena egin ziotenean, badakit begi onez ikusi zuela.
Azken hamarkadan Realak estilo oso ezberdinetako entrenatzaileak kontratatu ditu. Kanpotik informazio asko falta zaigu, baina, zuzendaritzak garbi dauka zer nolako Reala gura duen?
J.A: Entrenatzaile bakoitzak bere liburuxka izaten du, garbi dago hori. Denak ez dira berdinak, inondik inora. Gu sartu ginenean Juanma Lillo zegoen, eta hura ezberdina zen. Gero, Moyes, Montanier, Eusebio… Beste estilo bat zuten, bakoitzak berea, eta lan egiteko modu propioa. Eta, bakoitzak emaitza ezberdinak batu zituen.
J.I: Nik Realean daramadan denboran ikusi dudana da entrenatzaile bat fitxatu denean fokua jarri dela entrenatzaile horrek futbola ikusteko daukan moduan. Eta Asier fitxatutakoan ere hor jarri zen indarra: filosofia konkretu batekin lan eginda taldeak progresio bat izan zezala. Gero, zirkunstantziak izan dira izan direnak.
Juanjo, Jagoba Arrasaterekin ere ez zenuten pazientzia handiegirik izan, ala?
J.A: Egia da. Eta uste dut gipuzkoarrok garen modukoak garelako gertatzen dela hori. Entrenatzaile ingeles bat, frantsez bat edo hegoamerikar bat ekartzen badugu pazientzia gehiago izaten dugu, orokorrean. Etxekoei ez diegu bakarra ere barkatzen, eta hau gertatu da Jagobarekin [Arrasate], Asierrekin [Garitano] eta seguruenik Lillorekin [Juanma] ere bai. Gero, egia da talde oso gutxi daudela etxeko entrenatzaileekin lan egiten dutenak. Eta bestalde, oso zaila da cache handiko entrenatzaileak gurera ekartzea, Emery moduko bat, esaterako. Hasteko, dauden lekuan hemen baino lau aldiz gehiago kobratzen dabiltzalako, edo denak ez daudelako prest harrobiko jokalarien aldeko apustu serioa egin eta fitxaketa gutxi egin behar direla onartzeko… Realera halako mailako entrenatzaile bat etortzeko, entrenatzaileak berak interes handia izan behar du, eta gauza asko utzi behar ditu alde batera.
J.I: Ni ados nago Juanjok esan duenarekin, baina ez dut uste hori gipuzkoarroi bakarrik gertatzen zaigunik. Seguru Madrilen oso entrenatzaile onak daudela, eta harrobietan oso jokalari onak dituztela, baina ez dutenez brasildar baten cache-a, bada… Errazago egiten da kanpotarren aldeko apustua, askotan ilusioa delako saldu behar den hori.


Komentatu den beste kontu bat da, Realaren partetik, Asierren agurra oso hotza izan zela.
J.I: Baina ez Asierren kasuan bakarrik, Eusebiorena ere antzerakoa izan zen, entrenatzaile berria aurkeztu zen, eta ez zen askoz gehiago egin. Hori hobetu egin beharko genukeela? Bada, seguruenik bai.
Javier, konta iezaguzu, ahal duzunera arte behintzat, zelan hartu zenuten Asier kaleratzearen erabakia.
J.I: Kirol zuzendariak [Roberto Olabe] klubaren kontseiluaren aurrean beharrezko azalpenak eman zituen, zergatik uste zuen Asierrek ez zuela Realeko entrenatzaile izaten jarraitu behar. Eta erabaki horren gainean kirol zuzendariak berak hainbat medioetan onartu du bere akatsa izan zela Asier kontratatzea. Ikusitakoak ikusita, ez zuelako uste etorkizunean Realarendako entrenatzaile egokia zenik. Ondoren, gai horren gainean eztabaidatu egin genuen kontseiluko kideok, eta erabakia hartu zen.
Erabakia ahobatezkoa izan zen?
J.I: Ez, gehiengo batek iritzi bat zuen, baina baziren beste ikuspuntu batzuk ere.
Zuretako bereziki izango zen erabaki gogorra.
J.I: Asier aspaldiko laguna dut, Castellón inguruan entrenatzen zebilen garaitik ezagutzen dut, eta ez, ez dira egun errazak izan. Baina, Realeko Kontseiluko kide zaren momentuan halakoak ere onartu egin behar dira.
Zuk ze iritzi duzu, Juanjo?
J.A: Nik zuzendaritzak hartutako erabakia errespetatzen dut, baina ez dut partekatzen, ez nator bat hartutako erabakiarekin.
Asierren kaleratzea alde batera utzita, Juanjo, Aperribayrekin batera iritsi zinen Realera. Eta hamarkada honetan Realaren egoerak hobera egin du nabarmen.
J.A: Nik ez daukat zalantzarik, baina Kontseilu horretako ordezkari izan naiz urte hauetan guztietan eta ez dagokit niri halako analisiak egitea. Aperribayri onena opa diot, merezi duelako, gainera. Lan handia egin du Realean, eta lan ona, gainera.
Europan futbolaren bueltan egon daitezkeen aldaketen aurrean, Realak hor egotea gura du. Anoeta berria da hor egoteko giltza?
J.I: Futbola ikuskizun handi bat da, baliabide ekonomikoak sortzen dituena, eta jendeak kontsumitu gura duen zerbait da. Eta Anoeta berriak zaleei eskaini behar die ikuskizun hori modurik onenean gozatu ahal izatea, erosotasun guztiekin, azken teknologiarekin... Realak Ligako zelai txukunenetako bat izan gura du.
J.A: Gainera, Europa mailako liga bat sortzen badute, Realak hor egoteko halako zelai bat izan beharko du. Izan ere, eskaera zorrotzak izango dituzte: zerbitzu guztiak eskainiko dituen futbol zelaia izatea, aforoa, gutxieneko bazkide kopurua...
J.I: Esaterako, Anoeta da ikusentzunezko zerbitzuei dagokienez puntan dagoenetako bat. Esaterako, denek ez dute armiarma-kamera famatua.
Anoetaren edukieraz berbetan gabiltzala. Orain 40.000 lagun sartuko dira, baina hamabost egunean behin, salbuespenak salbuespen, kopuru horren erdia baino ez da joaten Reala ikustera.
J.I: Ni arlo horretan oso baikorra naiz. Ez dizut esango partidu guztietan 38.000 lagun batuko direnik Anoetan, baina atzera egiten badugu, Atotxan 16.000 lagunendako tokia zegoen, eta 11.000 lagun joaten ziren Reala ikustera. Anoetan, berriz, 30.000 lagunendako tokia izanda 23.000 lagun joaten dira. Hau da, daukazun eskaintzaren arabera ikusle kopurua hazi egiten da. Nik uste 30.000 laguneko kopurura irits gaitezkeela.
J.A: Zentzu horretan nik uste dut zaleek eta bazkideek erraztasunak izango dituztela partiduetara joan daitezen. Horretarako, baina, ezin dituzu igo sarreren edo kuoten prezioak. Gainera, garai batean ez moduan, gaur egun irudi eskubideetatik datoz diru sarrera handienak, eta ez sarreretatik edo bazkide kopurutik.
Komentatzen da telebistek ematen duten dirutza horren bueltan, burbuila hori ere lehertuko dela...
J.A: Baliteke, baina lehertzen ez den bitartean... Garbi dagoena da Realaren eta Eibarren arteko partidu batek gurean sortzen duela interesa, baina Real Madrilen edo Bartzelonaren partidu bat Japonen ere ikusten dute. Eta horrek dirua sortzen du.
Hain zuzen, klub handiek hartzen duten dirutzak Ligako lehiakortasuna kolokan jartzen du, klub txikiek ez dute zereginik.
J.A: Bai, baina joera ziklikoa da. Duela 2-3 urte aurrealdeko taldeek 100 puntu batzen zituzten, eta 35 punturekin posible zen kategoriari eustea. Aurten, ikusita gauzak zelan dauden, posible da 40 punturekin larri ibiltzea, eta aurrealdekoak ez dabiltza horrenbeste irabazten.
J.I: Telebistako dirua aurreko urteetan baino banatuago egon da, eta talde txikiak ondo indartu dira. Horrek oreka handiagoa ekarri du txapelketara, eta gaur egun ez dago talde txarrik. Getafe moduko talde bat, Leganes... Talde horiek gaur egun diru asko dute fitxatzeko, eta gainera, harrobian lan handirik egiten ez dutenez, diru sarrera guztia lehenengo taldera bideratzen dute. Duela 30 urte, esaterako, Realaren eta Valladoliden artean alde handiagoa zegoen. Gaur egun, Valladolidek Anoetan irabazi egiten dizu.
Anoetako obrak direla-eta, ELAk prekarietatea salatu du estadioaren eraberritze lanetan.  
J.I: Kasu horretan Realetik ez dugu uste askorik esaterik dugunik. ELAk esandakoak errespetatzen ditugu, baina Realak kasu honetan egin duena da zerbitzu bat azpikontratatu. Edozein kasutan, gurekin beharrean ELAk proiektua gauzatu duten enpresa horiekin egin beharko luke berba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak