Gizartearen premia berriei erantzungo dien eskaintza akademiko berritzailea diseinatu du Mondragon Unibertsitateak

Maialen Regueiro 2019ko urt. 7a, 15:55

Vicente Atxa gaur goizeko aurkezpenean (Irudia: Mondragon Unibertsitatea)

Mondragon Unibertsitateak, 2019-2020 ikasturtean, graduko zein graduondoko eskaintza akademikoan, 10 titulazio berri eskainiko ditu: Gizartearen digitalizazioak dakarren datu-oldea analizatzeko eta datuok enpresarako balio bihurtzeko premia; digitalizazioa; zibersegurtasuna; prozesu industrialak eta robotak automatizatzeko eta adimenez hornitzeko beharra; irakasleak benetako egoeretan trebatzeko eta irakaskuntza-edukiak interes pertsonaletara eta hoteletako eta jangeletako profesionalen interesetara egokitzeko premia dira, titulazio berriak gehitzeko arrazoiak. 

Vicente Atxak gaur goizeko aurkezpenean adierazi duenez, merkatuan eta hezkuntza-arloan antzeman diren beharrei erantzungo dien eskaintza akademikoa taxutu da, Mondragon Unibertsitateak hasiera-hasieratik eduki duen profil berritzailearekin bat jokatuz eta jardunean oinarritutako prestakuntza-ereduaren garrantzia begi-bistatik galdu gabe. 

31 titulazio

Mondragon Unibertsitateak 31 titulazio eskainiko ditu 2019-2020 ikasturtean. Horietatik 16 graduak izango dira: 9 ingeniaritza alorrekoak izango dira, 2 enpresa kudeaketakoak, ekintzailetzako 1, komunikazioko 1, hezkuntzako 2 eta gastronomiako 1. Masterretan, berriz, 8 ingeniaritzakoak, 4 enpresa kudeaketakoak, 2 hezkuntzaren alorrekoak eta gastronomiako 1. Ondorengo taulan, fakultate bakoitzak eskaintzen dituen titulazio berriak adierazten dira: 

Enpresagintza Fakultatea
  • Business Data Analytics Gradua
  • Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza Gradua
  • MBA Bezeroen Kudeaketa Estrategikoa
  • MBA Executive
  • Kirol Berrikuntza Aditu Ikastaroa
Goi Eskola Politeknikoa
  • Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Garapena eta Eragiketak Unibertsitate Masterra
  • Robotika eta Kontrol Sistemak Unibertsitate Masterra
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
  • Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan Unibertsitate Masterra
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle gisa Aritzeko Gaitzen duen Unibertsitate Masterra
Gastronomia Zientzien Fakultatea (Basque Culinary Center)
  • Food & Beverage (janariak eta edariak) Zuzendaritza Master Profesionala
  • Jangelako Zuzendaritza eta Bezeroaren Arreta Aditu Ikastaroa

Digitalizazioa

Digitalizazioa dela eta, erakundeen kudeaketak bilakaera jasan du: segurtasun digitala edo zibersegurtasuna bermatzeko sistemen eskaera eta premia handitu egin da; prozesu industrialak eta robotak automatizatzeko, kontrolatzeko eta adimenez hornitzeko premia handiagoa dago; bezero eta erabiltzaileen milioika datu erabiltzen dira, eta erakundeen etorkizunerako funtsezkoa da datu horiek aztertu eta balioa ateratzea; eta abar. Enpresak aspaldi ari dira esparru horietan espezializatutako profilak eskatzen, premia berriek profil berriak eskatzen dituztelako. Unibertsitateek titulazio berrien bidez edo egungoak egokituz erantzun behar diote eskaerari. 

Hezkuntza aldatzeko bidea

Hezkuntza aldatzeko bidean, funtsezkoa izango da erakundeetan nahiz hezkuntza-komunitateetan berrikuntzaren kultura sustatzea eta irakasleek bereganatu beharko dituzten rol berriei erantzungo dieten pertsonak trebatzea. Rol-aldaketa horiek burutzeko, berriz, beharrezkoa izango da irakaslea ikaskuntza-prozesuaren «eraldatzaile» bihurtzea, hezkuntza-maila guztietan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak