Gaur, abenduak 29, banatu dute Karmele Igartua sorkuntza beka saria. Hirugarrenez antolatu dute Aretxabaletako Udalak eta Idazle Eskolak elkarlanean eta Copreci eta Ekide enpresen laguntza izan dute.
Poesia lanak aurkeztu behar ziren aurten eta zortzi jaso dituzte. Epaimahaia osatu dute honako kideek: Itziar Gomez, Iñaki Zubeldia, Tere Irastortza eta Pako Aristi. Hain zuzen Aristiren esanetan , lan batzuk oso maila altukoak izan dira. Erabakia hartzea ere kosta egin zaiela onartu du eta hiru finalistak saritzea erabaki dute.
Lanak publikatu
Miren Peñagarikanori sari nagusia eman diote, 2.500 euroko beka, Nik kontrolatzen dut makina lanagatik. Iruditeriaren aniztasuna, oroimen eta sentimenduak adierazterakoan konplexutasuna, eta poema luzeak nabarmendu dituzte besteak beste epaimahaiko kideek.
Beste bi lanek diru saririk ez dute izan baina bai epaimahaiko kideen "miresmen osoa", eta lanok argitaratu egingo dituzte. Batetik, Elgetan bizi den Marian Porcel arrasatearraren Lumak lana nabarmendu dute. Eta bestetik, Eneko Barberena arrasatearraren Udazkena.
Irastortzak aipatu du aretxabaletarren baten lanak ere antzeman dituztela erabilitako euskaragatik eta hainbat erreferentziagatik, eta horrek poztu egin ditu.
Karmele Igartua gogoan
Sari banaketa ekitaldi goxo eta intimoa egin dute Karmele Igartua idazle aretxabaletarra gogoan. Itziar Gomez idazle eta gidoigileak hain zuzen, Igartuaren hainbat poesia errezitatu ditu. Eta bekaren irabazleak, Miren Peñagarikanok, lehiaketara aurkeztutako hainbat poema. Ekitaldian Igartuaren senideak ere izan dira, urtero lez.
Bukatzeko, datorren urteko lehiaketaren berri eman dute. Ipuinak edo helduendako narrazioak aurkeztu beharko dira.