San Andres auzoan Iñaki Bengoak duen Shot! estudioa maiatzean erre zen. Eta hura berriro abian jartzeko bigarren elkartasun jaialdia antolatu zuten Arrasateko kiroldegian urtarrilaren 5erako.Bertan aurpegi ezagunak egon behar zuten; Itziarren Semeak, La Furia, Soziedad Alkoholika, Glaukoma eta Pikete Lerroa –Fermin Muguruza eta Des-Kontrol taldearen proiektu berria–. Orain baina, kontzertua bertan behera gelditu dela iragarri dute "atsekabez" antolatzaileek. Horren arrazoia da babes planean akats batzuk agertu izana eta horiek zuzentzeko denbora falta: "Udala segurtasun kontuak bideratzekotan geratu zen Jaurlaritzarekin, eta antolatzaileok arduratu gara babes planarekin, horretarako enpresa bat hartuta. Kontua da abenduaren 27an oraindik ezer egin barik zuela Udalak jakin genuela. Horren aurrean, antolatzaileok jarri gara harremanetan Segurtasun Saileko Jokoak eta Ikuskizunak departamenduarekin, eta horiek, akats batzuk antzeman dituzte babes planean. Urtarrilaren 5a bitartean horiek zuzendu ahal izango diren ez dakigunez bertan behera uztea erabaki dugu; izan ere, egunek aurrera egin ahala gastuak ere gora doaz".
Hori horrela, "sortutako eragozpenengatik barkamena" eskatu nahi izan dute eta "ekimen hau babesten aritu diren musika talde zein gizabanako guztiei eskerrak eman".
Urtarrilaren 5eko asteburuan kontzertu edo jairen bat
Iragarritako kontzertua ezingo bada egin ere, "elkartasun jaialdiak orain arte sortutako gastuak estaltzeko asmoz" kontzertu edo jairen bat antolatuko dutela aurreratu dute. Ekimen berezia kontzertua egin behar zen aste bukaera berean egingo da.