CIES erakundeak neurtzen ditu Euskal Herriko telebista, irrati eta papereko argitalpenen audientziak. Bestetik, Google analytics-ek Interneteko erabiltzaile edo bisitarien eta ikusitako guneen kopuruen gaineko datuak ematen ditu.
CIES erakundeak aste honetan argitaratu ditu 2018ko bigarren neurketako datuak –aurtengo urri eta azaroan egin zituen inkestak telefonoz– eta 2018ko osoak. Eta datuen arabera, Goiena Telebistak eta Goiena aldizkariak gora egin dute. 7.000 ikus-entzule ditu egunero Goiena Telebistak –iaz 6.000 zituen– eta 43.000 irakurle Goiena aldizkariak astero Gipuzkoan –iaz 37.000 ziren–. Debagoienean, 36.000 irakurle ditu.
Goiena aldizkaria nagusi da Debagoienean, askogatik, El Diario Vasco-ri alde handia ateratzen dio-eta. Egunkariak 18.000 irakurle ditu eskualdean, hau da, Goiena-ren erdia. Gainera, Goiena-ren gorako joera hau ez da ohikoa papereko argitalpenetan, egunkariek behera egin baitute aurten ere, irakurleak galduz. Goiena salbuespena da eta Goiena-ko irakurleek produktuarekiko duten atxikimendua adierazten dute datuek.
Goiena Telebistak ere gora egin du iazko datuekin alderatuta. Gipuzkoako euskarazko tokiko telebistek –Hamaikak, Goierrik, 28. Kanalak eta Erlok–, orotara, 25.000 ikus-entzule dituzte lurraldean.
Goiena.eus-ek, azkenik, gorako tendentziarekin jarraitzen du. Google analytics-eko datuen arabera, egunero 5.000-6.000 erabiltzaile ditu batez beste, eta albiste esanguratsuak dauden egunetan, 8.000 eta 9.000 bisitaren buelta ibiltzen da. Bestalde, sesioek ere gora egin dute 2018an; astegunetan 7.000-8.000 bisita jasotzen ditu egunero.