Anastasio Zubiaren gaineko liburua aurkeztu dute gaur Araotzen

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko abe. 15a, 22:23
Migel Anjel Kortabarria eta Jose Antonio Azpiazu liburuarekin.

Anastasio Zubia araoztar saltzaile ibiltariaren historia eta pasadizoak liburu baten jaso dituzte. Gaur aurkeztu dute Migel Anjel Kortabarria eta Jose Antonio Azpiazu egileek, eta Araozko saloia bete egin da okasiorako.

Gaurko egunez hil zen Anastasio Zubia duela 35 urte. Araotzeko Gerneta baserriko erdiko etxean jaio zen 1916an eta gaztetatik izan zuen salerosketan aritzeko abilidadea. "Berezkoa zuen. Txikitatik zetorkion merkatari sena", azpimarratu du Migel Anjel Kortabarriak aurkezpenean.

Jose Antonio Azpiazu da beste egilea. Horrek aipatu duen bezala, "miseriari aurre egiteko oso ausartak izan ziren araoztarrak, eta Anastasio Zubia da horren adibide bat. Zubia noiz etorriko zain egoten zen jendea. Umoretsua, nekaezina eta langilea zen".

Oñatin ez ezik, Aretxabaletan eta Arabako herri askotan zituen bezeroak astoarekin ibiltzen zen saltzaile ibiltariak. 1960an esaterako, Gipuzkoako eta Arabako 1.159 etxetara heldu zen, 6.190 bezerorengana. "Izarak, mahoizko telak, mahai-tresneria... horrelakoak saltzen zituen. Baita garia edo txerrikumeak ere. Bere emazte Euxebik alkandorak edo neurriko izarak egiten zizkion gero berak saltzeko. Oso ondo erreparatzen zion zeinek zer zuen faltan edo zer soberan. Aipatu behar da inork ez digula kexarik edo hitz txarrik esan berari buruz hitz egitean", esan du Migel Anjel Kortabarria Sarramendi- k.

Araotzeko saloian egin dute Artixak atera duen liburuaren aurkezpena eta jende asko batu da ekitaldian. Bittoriano Gandiagak Anastasio Zubia lagunari buruz idatzitako poema errezitatu du Roberto Altunak, euskaltegiko irakasleak, eta Xabier Ugartek gitarrarekin jo ditu Araotzeko aspaldiko kantu batzuk, Arantxa Zumalde eta Mari Tere Azkoitia auzotarrak kantuan lagunduta.

Liburua Oñatiko Txokolateixian eta Turismo Bulegoan dago salgai hamar eurotan. Aretxabaletako Aozaratza auzoko Matiku jatetxean ere jarriko dute salgai.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak