Foru hauteskundeetarako EAJren hautagaitzek Herrialde Batzarraren onespena jaso dute eta, ondoren, jendaurrean aurkeztu dituzte, gaur goizean, Donostiako Kursaalean; 150 pertsona inguruk hartu dute parte topaketan, besteak beste, alderdi jeltzalearen zuzendaritzako kideak eta Gipuzkoako hainbat kargu publiko.
Jeltzaleen ezaugarriak balioan jarri
Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek, adierazi du Gipuzkoan "aldaketa sakona" eman dela EAJ erakundeetara iritsi zenetik, orain dela lau urte, eta jeltzaleen ezaugarriak jarri ditu balioan: "Aurrerakoia arlo sozialari dagokionean; fidagarria ekonomikoan; eta egingarria, politikoan".
GBBko presidente eta legebiltzarreko bozeramaileak aste honetan Jaurlaritzak eta EH Bilduk burutu duten aurrekontuen negoziazioa ere izan du berbetarako gai: "Egin daitekeen gauzarik okerrena da amildegi bat bi jauzitan gurutzatzea ez daudelako bi alde. Akordioetara ailegatzeko zubiak eraiki behar dira, zutabe sendoak sortu, baina nahiago izan dute amildegira jauzi egin". Datozen hauteskundeei begira, adierazi du EAJk hiru zutabe nagusiren inguruan lan egiten jarraituko duela: arlo soziala, ekonomikoa eta politikoa.
Ekintzaren aldeko hautua
Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagai den Markel Olanok, esan du egungo agertokia ziurgabetasun politiko, ekonomiko eta sozialez beteta ageri dela, eta horren aurrean, ekintzaren aldeko hautua egin du Olanok. "Herri eta herrialde ekonomikoki aurreratua eta sozialki kohesionatua izaten jarraitu nahi badugu, beharrezkoa da aldatu eta etorkizun berria eraikitzea", adierazi du.
Era berean, ez dela nahikoa jendearen boza eskatzea zioen ekitaldian: "Herritarren inplikazioa lortzea ezinbestekoa da gure sistema suntsitu nahi duten populista eta demagogoei aurre hartzeko modu onena delako".
Maria Eugenia Arrizabalaga, Deba-Urolako hautagaia
Deba-Urolako hautagaitzaren buru izango den Maria Eugenia Arrizabalagak egungo sistema instituzionalak duen berritzeko beharra nabarmendu du: "Erakunde sistema berria behar dugu, gure etorkizuna eraikitzea ahalbidetu diguna, eta herri honen erabakitze eskubidearen instituzionalizazioari ateak irekiko dizkiona". Eta horretarako modu bakarra "gizartea barne hartu eta berarekin elkarlanean" jardutea dela, gaineratu du. Preso dauden Kataluniako politikariak ere izan ditu gogoan eta babesa erakutsi die.
Deba-Urolako zerrendan hiru debagoiendar ere badaude: Bergaran bizi den Aintzane Oiarbide, Xabier Otxoa aretxabaletarra eta Jose Ramon Zubizarreta eskoriatzarra.
Deba-Urola hauteskunde barrutirako GBBaren proposamena:
- 1. Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola
- 2. Imanol Lasa Zeberio
- 3. Aintzane Oiarbide Iruretagoiena
- 4. Xabier Altuna Larrañaga
- 5. Andrea Arriola Ferrer
- 6. Arantxa Zubizarreta Artetxe
- 7. Xabier Otxoa Muñoz
- 8. Ane Azkoitia Urteaga
- 9. Jon Ander Azpiroz Otaegi
- 10. Nerea Aldai Garate
- 11. Ivan Iriondo Axpe
- 12. Maialen Gurrutxaga Uranga
- 13. Aitor Urresti Martinez
- 14. Jose Ramon Zubizarreta Alegria
Ordezkoak:
- 1. Miren Elixabete Huegun Arruabarrena
- 2. Jesus Arana Gomez
- 3. Nekane Iribar Iriondo
Deba-Urola barrutiko zerrendako lehenengo lau hautagaiak: Xabier Altuna (Azpeitia), Imanol Lasa (Zarautz), Maria Eugenia Arrizabalaga (Zumaia), Aintzane Oiarbide (Beasain) eta Joseba Egibar (GBBko presidentea).