2030erako %70 birziklatzea du helburu Foru Aldundiak, plan berriarekin

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 14a, 12:21

Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra aurkeztu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019tik 2030era artekoa, eta orain, Batzar Nagusietara bidaliko dute, foru arau gisa tramitatu dezaten.

Proiektu horren helburuetako bat da 2030erako birziklapenean %70 lortzea, "Europako helburua baino bost puntu gehiago", Aldundiaren esanetan. "Prebentzioa eta ekonomia zirkularra sustatuko ditu, zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredua lortuz", azaldu du.

Batzar Nagusietako Ingurumen batzordeko EAJko bozeramaile Xabier Ezeizabarrenak azaldu du legealdi honetan hondakinen kudeaketa bere osotasunean itxiko dela. "Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor berriak jasangarritasuna du oinarri, hondakinen bidez lortutako baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatuz, eta lehentasuna, birziklapenarekin eta balioestearekin batera, hezkuntzari eta prebentzioari emanez", dio.

Gaineratu du plan berriak gipuzkoarren interes orokorrari egiten diola mesede, "legealdi hasieran Foru Gobernuak emandako hitza beteaz eta aurreko legealditik jaso genituen arazoei irtenbide emanez".

"Adostasunik gabe"

EH Bilduk adierazi du plana adostasunik gabe eta gizarte hausturan sakonduz gauzatu duela Diputazioak: "Udalak ez dituzte aintzat hartu, hain zuzen ere, hondakinen kudeaketaren eskuduntza zuzena dutenak". Hori dela eta, partaidetza prozesu serio, homologatu eta egiazkoa diseinatzeko eta martxan jartzeko eskatu dio, "hondakinen bilketa eta tratamenduaren eskumen zuzena duten udalekin elkarlanean eta sakoneko gai guztiak mahaigainean jarriz, eta bide horretan, adostasunak eraikitzeko aukerak sortuz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak