Mondragon Unibertsitatea, Mexikon ospatzen ari den Hezkuntza Berrikuntzaren Nazioarteko Kongresuan parte hartzen ari da

Maialen Regueiro 2018ko abe. 11a, 17:02

Mondragon Unibertsitatea bere hezkuntza-berrikuntzako esperientzia eta estrategia ezagutarazteko gonbidatu dute Monterreyko Kongresura. Gaur besteak beste, Vicente Atxa errektoreak eta Tecnologico de Monterrey unibertsitateko lehendakariak errektoreen panelean hartu dute parte, unibertsitateko irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetara bideratutako berrikuntza aztertzeko.

Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak, Jon Altunak, Latinoamerikako eta Europako errektoreordeen panelean hartu du parte, ezagutzaren erronka berrien aurrean unibertsitateak izan beharreko eraldaketaren inguruan hitz egiteko. Horrez gain, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak, Begoña Pedrosak, hitzaldia eskaini du, XXI. mendeko hezkuntzaren berrikuntzari eta irakasleen zereginari buruz. Azkenik, Mondragon Unibertsitateko laguntzaile eta hezkuntza-eraldaketaren arloko aditu Xavier Garayk agerian jarri du unibertsitateak eraldatu beharra daukala, eta horren adibidetzat jarri du Mondragon Unibertsitatearen Mendeberri 2025 hezkuntza-eredua eta horrek dakarren unibertsitate-graduen egokitzapena.

Egubakoitzean amaituko da kongresua

Mexikora egindako bidaia honetan, unibertsitateko zuzendaritza-taldeak bilerak egingo ditu zenbait erakunderekin, hezkuntza- berrikuntzaren arloko lankidetzan eta gestio sozialari eta kooperatiboari lotutako gaietan aurrera egiteko, unibertsitateak arlo horietan duen hezkuntza-eredua esportatzeko asmoz.

Akordioa sinatuko da

Vicente Atxa, Tecnologico de Monterrey unibertsitateko errektoreordearekin elkartuko da, bi unibertsitateetako ikasleen mugikortasunaren inguruko akordioa sinatzeko. Akordio horren helburua, ikasle horiek erronka berean lan egitea izango da. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak