Felix Sanchez: "Sekulakoa izan da"

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko abe. 7a, 11:04
Felix Sanchez eta Selemon Barega martitzenean Monakon egindako sari banaketan

Atletismoko argazki onenaren nazioarteko saria jaso du Felix Sanchez oñatiarrak astean Monakon: "Sekulakoa izan da. Zure izena galan etzutea, zeuk egindako argazkia pantaila handian ikustea, saria Ato Boldon-ek eta Leville-k ematea, Monakoko printzea zu txalotzen ikustea... Nire oroimenean egongo dira betiko irudi horiek".

Adierazpen horiexek egin dizkio GOIENAri argazkilari oñatiarrak saria jaso eta hurrengo egunean. Eta gaineratu du: "Ekitaldi paregabea izan zen, gertaera aparta. Atletismoan ezagunak diren izen izen handiko pertsonak zeuden. Monakoko printzea ere lehen ilaran zegoen eserita, begira eta irribarrez ikusi nuen, txaloka, beste batzuekin batera, esaterako Sebastian Coe eta Alberto Juantorena. Eurek ere zoriondu ninduten".

Sanchezk adierazi duen moduan, berak ez zekien saria irabazi zuenik bere izena entzun arte, eta entzutean sekulako poza sentitu zuen: "Izena esan zuten, argazkia pantaila handian erakutsi... Saria Ato Boldon-ek eman zidan Leville ondoa zuela... Selemon jende artetik atera zen, espontaneo, eta uste dut ni beste emozionatu zirela aretoan zeuden guztiak. Atletismoko federazioak argazkia oparitu zion, eta hori oso detaile polita iruditu zitzaidan".

Ekitaldiko unerik gogoangarriena oñatiarrarendako, baina, beste bat izan zen: Bruno Hortelano atletak berarekin argazkia atera gura izatea. "Argazkia gustatu zitzaiolako etorri zen nigana, argazkilaritza gustukoa du eta horrek asko esaten du bere izateko eraz eta umiltasunaz. Ea sari asko lortzen dituen eta nik kamerarekin jasotzen ditudan. Plazer bat izan zen gaua berarekin eta Alberto Armas-ekin bukatzea Monakoko kasinoan. Oso ondo pasa nuen".

Monakoko sari banaketan atletismoarekin lotura duen pertsona asko ezagutu zituen Sanchezek martitzen gauean eta horrek ere asko poztu ziola aitortu du: "Han zeuden, esaterako, Juan Botella, Eva, Raul Chapado, Jose Maria Odriozola, Alberto Armas, Luis Saladie... Euren zorionak jasotzea ederra izan zen. Zortzi urte nituenetik bizi dut atletismoa gertutik eta hori gaindiezina izan zen. Ez dago dirurik hori ordaintzeko. Ez da beste saririk egongo Monakon bizitakoa, sentimentalki, gaindituko duenik".

Ekitaldian, Sanchez-ek eskerrak eman zizkien gertukoei eta baita Runner’s World eta Motorpress agentziei. Baita bere lanean babesa eman dioten guztiei eta sare sozialetako jarraitzaileei.

Argazkiak ateratzen jarraituko du

Hemendik aurrerako bizitza orain artekoa bezalakoa izango dela adierazi du Felix Sanchez-ek: "Ez du nire bizitza munduko ezergatik aldatuko. Tokirik onenean bizi naiz, maite ditudan eta maite nautenen ondoan". Gaineratu du argazkiak ateratzen jarraituko duela eta horrelako galara berriz joateko ametsetan jarraituko duela. "Bakean hil naiteke" esanaz bukatu du kontaketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak