DA! asko dira da aurtengo Azokak izango duen leloa. 158 argitaletxe, diskoetxe, kultur elkarte, erakunde eta banatzaile
daude. 439 nobedade: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta 23 bestelako. Eta horien guztien artean daude Debagoienetik hara eramandako produktuak.
Juan Carlos Irizar musikari oñatiarra da, esaterako, aurtengo nobedadeetako bat. Bere stand propioa izan du azken urteetan, baina aurten ezin izango da han egon, etxeko arazoengatik. Egindako azken lana, baina Pedaleando diskoa, erosi ahal izango da azokan; Elkar-en postuan egongo da.
Irizarren moduan euren produktu propioa dute debagoiendar askok ikusgai Durangoko Azokan. Esaterako: Ruper Ordorika musikariak, The Potes taldeak, Potx eta Lotx pailazoek eta Yon Suinaga idazleak. Beste askok, ordea, proiektu kolektiboetan parte hartu dute. Horien artean daude, esaterako, Lanku argitaletxeak atera dituen bi produktuetan dauden egileetako batzuk: Ainhoa Agirreazaldegik, esaterako, Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik liburuan hartu du parte eta Manex Agirrek eta Ruper Ordorikak, Buruz buru produktuan. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratu duen Haziak II diskoan, bestalde, Arrasateko Leire Etxezarretak, Eider Garrok eta Maider Azkarraga-Urizarrek egindako Isilduak kanta jaso dute. Gure oroitzapenak filmean, berriz, Asier Altuna Kixi-ren eta Mireia Gabilondoren lana dago.
Bailarako beste kultura ekoizle batzuek, ordea, azokako standa partekatu dute beste artista batzuekin. Horixe da, esaterako, Bergarako Ertzak eta Nomadak taldeen kasua. "Beste egile batzuekin batera erakutsiko dugu geuk egindakoa. Nomadak taldea, esaterako, Egurra eta Kitto, Pott Produkzioak eta Dekot taldearekin dago eta Ertzak, Jokin Trikitixarekin eta Julen Alonsorekin", dio Aritz Alustiza musikariak. Bi standak bata bestearen segidan daude Goienkalen. Bi produktuekin egongo da Alustiza azokan, baina ez da bakarra izango. Juan Martin Elexpuruk ere bi liburu izango ditu han: Estepan Plazaolarekin batera idatzitako Urdirotz eta Antzineko udalekuei buruzko liburua, batetik, eta Iruña-Veleiakoari buruzkoa, bestetik, Badihardugurekin bata eta Pamielarekin bestea. Eta Arrasateko RIP taldearen kasuan, Kataluniako Silencio Toxico fanzinekoek egin duten Larga vida a RIP liburu-fanzinea eramango dute Musika Zuzenean
standera.
Autoekoizleen gunean izango diren hamazazpi ekoizleren artean ere badira bailaran bizi edo lan egiten dutenen produktuak. Herensugeen itzulera ipuina egin duen Bergarako familiak, esaterako, hortxe egoteko ahaleginak egin ditu. "Pena izan da, gure proiektuaren azken etapa delako saltzea, eta azokan egon gura genuen ipuina bisitariei zuzenean saltzeko. Egun, Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxean eta Tximeleta litxar dendan saltzen ditugu eta gure hurrengo erronka da webgune bat sortzea eta horren bitartez gure ipuina saltzea", dio egileetako batek, Ander Errastik, aitak. Stand horretan egongo dena Ane Odriozola da, Arrasateko Bezeroen Arreta Bulegoan lan egiten duen legazpiarra. El secreto de Gibola liburua eramango du Odriozolak azokara; liburuaren bigarren edizioarekin joango da. Familiako historia sekretu batekin egiten du topo ustekabean Nereak eta ikertzen hasten da, egia jakin guran. Oso erraz irakurtzeko moduan idatzi du liburua Odriozolak eta Donostia eta Legazpiko, Brinkolako, istorioak eta XX. mende hasierako historia jasotzen ditu oso modu arinean. Muted taldeak ere, bide batez, autoekoizleen gunean erakutsiko du bere azken lana: Krisis 4.0.