Korrika 21rako motorrak berotzen hasi zarete...
Korrika moduko ekitaldi sozial erraldoi bati dagokion moduan, badauzkagu leloa, irudia, abestia, bideoklipa, jantziak eta bestelako produktuak, eta hasiera eta amaiera egunak. Ibilbidea ere zehaztuta dago, eta urtarrilean jakinaraziko dugu. Arropa salgai dago euskaltegian eta laster hasiko gara kalean postuak jartzen.
Batzordeak sortzeko unea orain?
Hala da. Herririk herri sortuko dira batzordeak. Horretarako, joko dugu aurreko edizioetan aritu direnengana, baina deialdi zabala ere egingo da parte hartu nahi duen ororendako. Herrietako kilometroak kudeatzea eta giroa sortzea izango da batzordeen egitekoa.
Zergatik da inportantea batzordeetan parte hartzea?
Korrika maila nazionaleko ekimena bada ere, azken finean, norbere herrian gertatuko den hori batzordeetan erabakitzen delako.
Korrika Kulturala izango da hurrengo hilabeteotako egitekoa?
Bai, eta hor herririk herriko dinamikak sortuko dira, baina badira, horiekin batera, beste bost ekimen berri, pixkanaka-pixkanaka estreinatzen joango direnak. Urtarrila eta otsaila bitartean mamituko da Korrika Kulturala.
Zein da datorren urteko Korrikaren helburua?
Euskara lehen lerrora ekartzea eta euskararen alde korrika egiteak sortzen duen sentimendua azaleratzea. Klika da leloa eta horrekin adierazi nahi da kliken bidez mundua aukeratu egiten dugula, nolabaiteko hautu bat egiten dugula. Konpromisoaren hautua egiteko unean gaudela adierazi nahi dugu, klik egiteko euskarari. Jakina, Korrika finantzazio bide ezinbestekoa da AEKrendako, hori ezin da ukatu.
Mad Muasel, La Furia eta Fermin Muguruza dira aurtengo abestiaren egileak. Gustuko duzu?
Kantua oso ausarta da eta batzen ditu herri honetako errealitateak; horretarako dei bat da! Gorputza mugitzera gonbidatzen zaitu... Gainera, Euskal Herria puntarik punta lotzen du –Iparraldeko, Erriberako eta Irungo egileek egin dute– eta guztiok parte izatera deitzen gaitu: "Zu gabe hau ez da posible". Batu gaitezen, beraz, Korrikara!