Hizkuntza gutxituen berreskuratzea lantzen

Jokin Etxebarria 2018ko abe. 5a, 11:33

Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu ikastaroko edizio honetako lagunak Goienan ere egon ziren

Garabidek antolatutako 'Hizkuntza biziberritzeko estrategiak' aditu ikastaroaren laugarren aldian, munduko hamabi hizkuntza komunitate ordezkatzen dituzten hamazortzi lagun abenduaren erdira arte euskal esperientzia lehen eskutik bizitzen ari dira

Euskalgintzaren eta lankidetzaren arteko uztarketa prozesu batetik sortu zen Garabide, orain dela hamabost bat urte, galdera batekin oinarrian: Zer dugu munduarekin elkarbanatzeko? Hizkuntza-lankidetzaren bidea jorratzeko apustua egin zuen bere momentuan, betiere, esperientzia elkartrukatze batean oinarrituta eta euskal komunitatea ere hizkuntza berreskuratzeko lanean ari den beste komunitate bat dela aitortuta. Azken finean, beste hizkuntza komunitate batzuekin zubiak eraikitzea du helburu.

EGUNEROKOTASUNEAN EUSKARAZ NOLA JARDUN DAITEKEEN EZAGUTU AHAL IZAN DUTE LEHEN ESKUTIK

Horren harira sortu zen Hizkuntza biziberritzeko estrategiak aditu ikastaroa eta dagoeneko laugarren aldia du aurtengoa. Aditu ikastaroa inflexio-puntu garrantzitsu bat izan da Garabideren ibilbidean; izan ere, ezagutza teorikoak eta euskararen berreskurapen prozesua bultzatzeko arlo desberdinetan sortu diren proiektu eta esperientzia praktikoen in situ ezagutza konbinatzen dituen unibertsitate mailako titulu homologatua eskaini ahal du

12 komunitatetako 18 lagun

Laugarren aldi honetan, parte hartzen ari direnak irailaren 26an etorri ziren eta abenduaren 14ra arte egongo dira Debagoienean. Egun hauetan zehar, munduko hamabi hizkuntz komunitatetako 18 lagunak azken 50 urteotako euskararen biziberritzearen gakoak ezagutzen ari dira. Horretarako, eskualdeko eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako errealitateak ezagutzen ibili dira; betiere, euskaraz jarduten duten proiektuak: kooperatibak, eskolak, komunikabideak... Eskoletan alde teorikoa lantzeaz gain, lehen eskutik ezagutu ahal izan dute egunerokotasunean euskaraz nola jardun daitekeen. Horren guztiorren helburua da euren herrialdeetara egoera hauek eraman eta hango egoerara egokituz bertan praktikan jartzea. Izan ere, adituen ikastaroa ez da abenduaren 14an amaitzen. Orain, dena praktikan jartzea tokatzen da.

Guatemalako kitxeak eta kektxiak, Mexikoko maiak eta nauathak, Kolonbiako nasak, Ekuadorko kitxuak, Bolibiako guaraniak, Brasilgo kashinawak, Wallmapuko maputxeak, Kurdistango kurduak eta Afrika iparraldeko amazighak. Komunitate horiek guztiak egon dira ordezkatuta eta guztiak txundituta gelditu dira euskarak gaur egun duen indarraz, euskaldunok euren hizkuntzan jarduteko duten konbikzioaz eta euskara bizirik manten dadin hezkuntza mailan egiten den lanaz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak