15 urte bete ditu 'Goiena.eus'-ek

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko abe. 5a, 07:32

Mugikorrei begira egin dira Goiena.eus-en azkenengo aldaketa nabarmenenak. Urri amaieran egindako itxuraldaketa da adibide garbiena; egituraketa eskuko telefonoari begira diseinatu dute, eta hortik ordenagailuetara egokitu.

Webgunearen itxura aldatzeaz gain, arlo teknikoan ere egin dira aldaketak

Indarrak batuz, aurrera begira

Urriaren 25ean egin zuen Goiena.eus-ek diseinu berrirako eraldaketa. Lanketa luze baten emaitza izan da, Tokikom Plataforma osatzen duten kide guztien hausnarketa prozesu baten ostean, beharrak eta erronka berriak identifikatu ziren, eta hainbat hilabetez horiek guztiak asebeteko zituen formula bat diseinatu da. Garapen lanak CodeSyntaxek egin ditu, Plataformako kideekin elkarlanean. Webgunearen itxura aldatzeaz gain, arlo teknikoarekin lotura dutenak ere gauzatu dira.

20 webgune erro berarekin

Tokikom Plataformako medio guztiek izango dute datozen hilabeteetan diseinu berria. Aldaketara egokitzen lehena izan da Goiena.eus, eta dagoeneko sei webgune dira egitura berria dutenak –Goiena, Anboto (Durangaldea), Baleike (Zumaia), Euskalerria Irratia (Iruñea), Ataria (Tolosaldea) eta Maxixatzen (Azkoitia)–; eta Gabonetan, beste bi. 2019 hasieran, plataformako kide guztiek izango dute webgune berritua. Horren ostean, erronka berriak etorriko dira.

Mugikorrak nagusi

2013an egin zuen Goiena.eus-ek pasa den urrira arte zeukan diseinua; orduan, batez ere, ordenagailuei begira egin zen eraldaketa guztia. Izan ere, mugikor bidezko trafikoa gutxiengoa zen momentu hartan. Baina bost urtean aldaketa erabatekoa izan da; lehen balio zuena orain ez da nahikoa. "Datuek erakusten dute Interneteko kontsumo ohiturak aldatu egin direla azken urteotan. Gaur egun, %60 inguru telefono mugikor bidez sartzen da gure webgunera, eta horretarako egokitu gura izan dugu: garbiagoa, kargatzerakoan bizkorragoa eta argazkiek garrantzi handiagoa, besteak beste", dio Mirari Altubek, Goienako arlo digitaleko koordinatzaileak.

Kontsumo ohiturak aldatu diren neurrian, kazetarien lana egiteko era ere asko aldatu da azken urteotan. Internetek ez du itxiera ordurik, 24 orduz dago aktibo webgunea eta kazetariek unean uneko informazioa eskaintzeko egiten dute lan. Horrek gero eta gehiago eskatzen du kaletik lan egitea, eta, kasu horietan, eskuko telefonoa bilakatzen da aliaturik onena. Hala ere, oraindik ere, lan gehiena ordenagailu bidez egiten da.

Gaur egungo kazetaritza

Arlo teknikoa garatzea garrantzitsua da, baina, era berean, ezinbestekoa da langileek ere digitalizaziorako saltoa egitea. Teknologia lana errazteko dago. Egun, Goienako kazetari guztiak hainbat euskarritan lan egiteko gai dira; denbora laburrean, egoera berrira egokitzen jakin dute. Horregatik, Altubek azaltzen duen moduan, kazetari multimedia dira guztiak: "Kazetariek ere egokitzen joan behar izan dute azken urteotako aldaketetara, eta, horretarako, hainbat mediotan jarduteko trebakuntza jaso dute. Hala, telebistan, prentsa idatzian zein digitalean lan egiteko gaitasuna dute, horretan dihardute egunerokoan eta sare sozialetan ere aurrean dabiltza. Kazetari multimedia dira albistea jaso, hasi eta bukatzen dakitelako, edozein hedabidetarako izanda ere".

Eskaintza guztia sarean

GOIENA aldizkarirako eta Goiena telebistarako sortzen den guztia eskaintzen da Goiena.eus-en.

Goiena Komunikazio Taldeak hasieratik egin du Interneten aldako apustu garbia. Sarerako ekoizten denaz gain, GOIENA aldizkarirako eta Goiena telebistarako sortzen den guztia eskaintzen da Goiena.eus-en. Kontsumo ohitura berriek mugikor bidezko trafikoaren gorakada ekarri dute, baina ez hori bakarrik. Unean unekoari garrantzi handiagoa ematen zaio eta norberak aukeratu dezake zer, noiz eta nola ikusi nahi duen.

Horregatik, egubakoitzero GOIENA aldizkarian argitaratzen diren albisteak Interneten ere sareratzen dira. Gainera, aldizkaria bera pdf formatuan irakurtzeko aukera ere badago. Telebistari dagokionez, Harmailatik, Hemen Debagoiena eta azkenaldian telebistan eskaini diren erreportaje bereziak, guztiak aurki daitezke Goiena.eus-eko telebistaren orrialdean. Nahieran kontsumitzea eskatzen dute herritarrek, eta hori eskaintzen du Goienak.

Etorkizunari begira

Berrikuntza prozesuak ez du hasiera eta amaiera bat, etengabeko lana da, eta etorriko diren beharrak identifikatzea ez da lan makala: "Internet mundua ziztu bizian dabil aldatzen, eta jakin ez zer etorriko den. Dena den, gure komunitatea errotzea da erronketako bat; debagoiendarrak eta, gehienbat, euskal hiztunak dira gure erabiltzaileak, nagusiki. Horiek guztiak gurera ekarri nahi ditugu, eta horien leialtasunari eutsi. Erronka da baita albistea jaso orduko, edozein txokotan izanda ere, Goiena.eus-en egotea lehenbailehen. Lan horretarako, mugikorra funtsezko gailua da". Komunitatea da azkenaldian indarra hartzen ari den ataletako bat. Euskaraldiaren berri emateko erabili dute eragile askok, eta irakurleen arreta izan duela erakusten dute analitikek.Bestalde, hainbat ikastetxe eta alderdi politikok ere Goiena.eus-eko komunitateak eskaintzen duen zerbitzua baloratu eta erabiltzen dute.

Webguneko erabiltzaileen fideltasuna lortzea da erronka nagusietako bat

Horretaz gain, azken urtean indartu nahi izan diren arloetan ere lanean jarraituko dute: "Whatsapp eta Telegram bidezko notifikazioak ere bidaltzen ditugu azken urtean, egunean bat, albiste garrantzitsuena irizten diogun horrekin, eta sare sozialetan –Twitter, Facebook eta azken urte eta erdian Instagram– oso aktiboak gara, webgunean sartutako guztia horien bidez zabaltzen dugu. Azken batean, helburua da Goiena.eus webgunera ekartzea jendea, eta gaur egun horretarako dauden bide garrantzitsuenak erabiltzen ditugu".

Erabiltzaile berriak erakartzeaz gain, fideltasuna ere bada erronka garrantzitsu bat. Webgunean eskaintza gero eta zabalagoa da, eta, horri esker, egunean hainbat alditan sartzen den irakurle horrek une oro izango du zerbait berria ikusteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak