"Erantzun ona" izaten ari da Euskaraldia

Eneko Azurmendi 2018ko aza. 30a, 10:23

'Photocall'-a egin zuten Bergaran, Euskaraldiari hasiera emateko. Argazkia: Euskaraldia Bergara.

Dagoeneko astebete igaro da Euskaraldia ariketa soziala martxan jarri zenetik, eta, Arrate Illaro koordinatzaileak azpimarratu duenez, sentsazioak "oso onak" dira; Debagoienari dagokionez, 13.500 herritar inguruk eman dute izena ekimenean.

Hamaikatik zazpi pasatu diren honetan, gustura azaldu da Illaro, eta, balorazioak egiten hasteko goiz den arren, sentsazioak "oso onak" direla azpimarratu du. "Oso erantzun ona izaten ari da Euskaraldia. "Parte-hartzeari dagokionez ere oso datu onak ditugu. Espero baino hobeak dira izen-emate datuak, eta hori herrietan egin den lan eskergaren emaitza zuzena da. Euskaraldia 405 udalerritan martxan jartzea herrietako euskaltzaleek erabaki duten zerbait izan da".

Koordinatzailearen esanetan, horrek erakusten du egunerokoan euskaraz bizitzeko gogoa daukan herritar asko dagoela eta ikusten dutela badaukatela beharra ekimen honi heldu eta hau baliatuta urrats batzuk egiteko. "Jende asko dago ez dela bizi berak nahi duen hizkuntzan, zailtasunak dituelako modu batean edo bestean, eta ekimen hau aukera moduan ikusten dute horretarako. Espero dut honek balioko duela arazo hori gizarteratzeko". Gaineratu du izena eman ez duen jende asko ere ari dela konturatzen Euskaraldiaren bueltan dagoen lanaz. "Uste dut konturatzen ari direla badagoela herritar sare handi bat beste zerbaiten beharra daukana. Ekimen honi esker, egunerokoan isilean pasatzen den behar hori nabarmentzen ari da egun hauetan".

Herritarren bizipenak

Illarok dio palanka batzuk mugitzen ari direla egunotan, eta herritarren bizipenak jasotzen ari direla, horren lekuko. "Euskaraldia.eus/bizipenak atarian zenbait bizipen jasotzen ari gara, eta Twitter bidez ere bai. Iruditzen zaigu ohitura batzuk astintzen ari direla, esperientzia positiboak bizitzen ari dela jendea, eta oztopo batzuk ere ari dira identifikatzen. Hori bagenekien, eta ez da txarra horiek jasotzea ere".

Ekimenaren behin betiko eraginkortasuna neurtzeko, ikerketa bat dute martxan, eta "horrek esango digu inertziak astindu ote diren, eta hizkuntza ohiturak aldatu ote diren". Hala ere, uda arte ez dute emaitzen berri edukiko.

Bailaran ere, datu onak

Debagoienean ere izen-emate datuak onak dira. Guztira, 13.458 herritarrek eman dute izena: Antzuolan, 467; Aramaion, 341; Aretxabaletan, 1.454; Arrasaten, 3.882; Bergaran, 3.423; Elgetan, 314; Eskoriatzan, 845, Leintz Gatzagan, 80; eta Oñatin, 2.652.

Euskararen Eguna

Datorren abenduaren 3an emango zaio amaiera Euskaraldiari, Euskararen Egunean. "Egiten ari garena handia da eta merezi dugu ospatzea eta bizipenak partekatzea. Baina ez dugu ekitaldi nagusirik egingo, herrian herrikoa izango da ospakizuna".

 

Elena Laka: "Pozik gaude ekimena izaten ari den erantzunarekin"

 

Bide erdia egin du Euskaraldiak. Zer moduz doa? ze jaso duzue? Nolakoa da sentsazioa? 

Gu pozik gaude, ze inportanteena ez da zenbat jendek hartzen duen parte, baizik eta ariketa ondo egitea. Baina hala ere 220.000 lagunek dihardute Euskaraldian, eta horrek erakusten du herritarrak ederto inplikatu direla ariketa sozial honetaz. Denetariko bizipenak jasotzen gabiltza, herritar bakoitzak egoera jakin bakoitzean, berea. Bizipenak eta inpresioak pertsonalak dira, oro har onak, euskararentzat espazioak irabaztekoak. 

Elkarrizketa elebidunak sortzea izan da erronka nagusietako bat. Moldatzen ari gara horretara? Nola? 
 
Bai, ari da jendea moldatzen, horretarako ahaleginak eginda, zeren ez gaude ohituta. Errazagoa da elkarrizketa laburretan, eta nik uste dut hor Euskaraldiak atzera buelta ezineko aurrerakada ekarriko duela, apur bat gehiago kostatzen da elkarrizketa luze edo sakonagoetan, baina jende asko ari da ohitura berriari egokitzen. 

Izen-emate datuekin gustura? Esperotako datuak dira? 
 
Esan moduan, gure helburua ez zen kopurua. Esaten dihardugu hau entrenamendu bat dela, ariketa soziala dela, inportanteena ondo egitea dela, eta ohiturak aldatzeko habeak jartzen hastea. Baina egia esan, esandako parte hartze kopuruak, 220.000 erakusten baita ere herritarren atxikimendua euskararen erabilerarekiko, Euskal Herri osoan, oso handia dela. Eta hori pozteko moduko da. 

Euskararen Egunean, abenduaren 3an, borobilduko da Euskaraldia. Nola? Ekitaldi berezirik? zer dago aurreikusita? Non? 
 
Ekitaldi bereziak herri askotan egingo dira aurtengo Euskaraldi honi bukaera emateko. Gizarte, erakunde eta eragileen arteko ekitaldi bateratu bat ere egingo da astelehenean Donostian. 

Hamabigarren egunetik aurrera orain arteko lortutakoa? mantentzea ere ez da erronka makala izango, ezta? 
 
Hori da gure helburua, Euskaraldian finkatzen diren ohiturak hamabigarren egunetik aurrera ere finka daitezela. Orain arteko azterketek, horrelako ariketak herri batzuetan egin direnean (Lasarte-Oria, Egia, Agurain etab) erakutsi dute herritar kopuru handi batek ohitura berriei eutsi egin diela, beraz pentsatzekoa da 220.000 herritarrek 11 egunetan egindako ahalegina ez dela alperrikoa izango, eta parte hartzaileetako bakoitzari balio berria emango diola bere egunerako bizitzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak