Manex Agirre: "Bertigoa izan dut, baina gozatu ere egin dut"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko aza. 30a, 14:00

Atzo aurkeztu zuten Buruz buru, zazpi liburuxkaz osatutako kutxa. Kultur adierazpide askotariko zazpi sortzailek gaia jarri diete zazpi bertsolariri eta azken hauek prosan erantzun diete. Ruper Ordorikak eta Manex Agirrek hartu dute parte.

Zein euskarritan argitaratu da?

Liburuxka sorta bat da, zazpi liburuxka labur. Liburuxka bakoitzean, kulturgile batek gaia jarri, eta bertsolariok erantzun egin dugu; bertsotan barik, testu luzez. Joseba Sarrionandia, Uxue Alberdi, Gorka Urbizu, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Eneko Sagardoy, Danele Sarriugarte, Igor Elortza, Andoni Egaña, Ilaski Serrano, Julio Soto, Maite Berriozabal, Ruper Ordorika eta nik neuk hartu dugu parte.

Zuri, nork jarri dizu gaia?

Ilaski Serranok. Udan egin genuen.

Aurrez aurre zeundetela?

Ez, idatziz. Eta ezelako testuinguru barik, lehenago elkarrekin egon barik. Testua jarri, eta horren ostean idatzi dut nik. Testua sortzeko abiapuntu eta tresna bakarra izan da gai jartzaile rolean jarritako Ilaski Serranok idatzitako testua.

Bertsolaritzaren ohiko moldetatik urruntzen den proposamena da.

Bai. Sortzeko prozesua oso bestelakoa da. Testu bat idazteak dakarren guztiarekin. Niretzako, zailena izan da asmatzea edo erabakitzea gaia nondik eta zelan planteatu, hasierako hausnarketa prozesua, idaztea bera baino gehiago.

"Min bat aurkitu dut, eta ez da min fisiko bat, eta horren gaineko ipuin bat egin dut"

Gaia edo abiapuntua zein izan da?

Nirea ipuin bat da, narrazio labur samarra. Pertsona edo norbanako fikziozko edo ez fikziozko baten barruko minari egiten dio erreferentzia Serranok, eta baita min hori gainditzeko prozesuari ere. Hori da nik egin dudan interpretazioa testua abiatu eta eraikitzeko. Min bat aurkitu dut, eta ez da min fisiko bat, eta horren gaineko ipuin bat egin dut; bi pertsonaia ditu ardatz. Izenburua da Kolpea.

Liburuxkak kutxa barruan sartuta salgai daude dagoeneko?

Bai. Durangoko Azokan egongo da. Esan behar dut, bestalde, Malen Amenabarren diseinu landuz eta ilustrazioz lagunduta datozela liburuak eta kutxa.

Emaitzarekin gustura?

Bai. Literaturazalea naizen arren, formatu berria zen niretzako, erronka. Bertigoa izan dut, nire ofizioa ez delako eta nire ohiko alorra ez delako. Baina gozatu ere egin dut, egia esan.

Proiektuan parte hartu duten kideetako batzuk atzoko aurkezpenean, Donostian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak