Egoitz Zabala: "Poltsa bakoitza da garrasi isil bat injustiziaren aurrean"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko aza. 23a, 17:00
Egoitz Zabala, Aitta Menniko harreran, jasotako arropa-poltsekin.

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak 35 udalerritan abiatu du kanpaina bat, Grezian dauden Siriako errefuxiatuendako arropak jasotzeko. Debagoienean, Aita Mennin jaso dituzte. Ospitale psikiatrikoko elkartasun proiektuen arduradunak pozik azaldu da erantzunarekin.

Duela urte bi Siriako errefuxiatuak Europara heltzen hasi zirenean, elkartasun uholdea sortu zen han eta hemen, eta Aita Mennin 18.000 kilo arropa batu zituzten. 

Orduan, guk geuk bakarrik egin genuen. Orain, Zaporeak elkartearen bitartez. Euskal Herri mailan egin da eta 35 herritan ari gara batzen. Duela urte bi negua zen, urtarrila, Grezia elurretan zen… Jende asko etorri zen arropak ekartzera.

Zenbat jaso duzue oraingoan?

Ez dugu zenbaketarik egin oraindik –eguen goizean egin da elkarrizketa–, baina jende asko etorri da, guk uste genuena baino askoz gehiago; akaso, bikoitza. Gainditu egin ditugu aurreikuspenak. Benetan itzela izan da erantzuna. Hona propio etorri egin behar da jendea, ez gaude herri baten erdian.

Zein arropa klase batu duzue?

Zaporeak elkarteko boluntarioak Grezian izan ziren duela hilabete batzuk eta ikusi zituzten biltegiak hutsik. Eta negua datorrenez, gizonezkoendako, emakumezkoendako eta umeendako neguko arropak jaso ditugu.

Ze jende mota etorri da?

Denetik, estilo ezberdinekoa, eta toki ezberdinetatik, ez bakarrik Arrasatetik, baita Eibar, Bergara, Antzuola edo Aramaiotik ere. Horrelako kanpainek batu egiten gaituzte. Polita da jendearekin egotea, ze eskertu egiten du horrelako kanpainak antolatzea. Poltsa bakoitza da garrasi isil moduko bat injustizia honen aurrean.

"Ematen du Sirian ez dagoela gerrarik, ezta siriar errefuxiaturik ere, baina arazoa hor dago; elikagai biltegiak ere hutsik daude"

Duela bi urte, egoera dramatikoagoa zen?

Ez nuke esango. Gertatzen da hedabideen agendaren erdi-erdian izan zela gaia. Orain, gaia ahaztuta dagoela ematen du, badirudi Sirian ez dagoela gerrarik, ezta siriar errefuxiaturik ere. Baina arazoa hor dago eta arropa biltegiak ez ezik elikagaienak ere hutsik daude.

Noiz eroango duzue arropa eta zein toki zehatzetara bidaliko da? Badakizue?

Zaporeak elkarteak eroango du arropa kamioi batean Donostiara. Badakigu han goraino dabiltzala lanez, ze erantzuna Euskal Herri osoan, beti bezala, sekulakoa izan da. Azaroaren 26an eta 27an Greziarantz aterako dira, negua heldu aurretik arropak bertan izan ditzaten. Orain arroparekin egin dugun bezala, aurrerago elikagaien kanpaina egingo dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak