Zoratzeko moduko astea pasa badute ere, azkenean NASAren eta ESAren (Europako Espazio Agentziaren) baimen guztiak lortuta, fullereno izeneko nanofluidoarekin osatuta hiru fluidoko lagina bat, espaziora bidali ahal izan du, Mondragon Unibertsitateko Fluidoen Mekanika Taldeak. Lagina, pasa den larunbatean, azaroak 17, bidali zen eta espazio estaziora onik iritsi da.
Espaziora bidali duten fullerenoaren lagina.
Fullerenoa, baloi baten antza daukan molekula bat da, baina barrutik hutsa dagoena eta proiektu honek emaitza onak baditu, medikuntzan aurrerapenak egiteko erabili ahal izango “Gure ideia da barruan botikak sartu ahal izatea gure odoletik garraiatu ahal izateko. Fullereno horri nolabaiteko markagailuak jartzen badizkiogu –aurretik badakigu zelula mota batzuk bakarrik hartuko dituztela markagailuek–, barruan daramana horretan bakarrik soltatuko du. Sendatzeko modu pertsonalizatua bilatu nahi dugu, zehar-kalteak ekidingo dituena, batez ere, minbiziari begira.” adierazi zion Puntua aldizkariari Mounir Bou-Ali, Fluidoen Mekanika Taldeko buruak. Horretarako baina, fullerenoak grabitate gabeko espazio batean beste fluidoekin daukan portaera aztertu beharra daukate.
2009tik elkarlanean
Mondragon Unibertsitateko Fluidoen Mekanika Taldea 2009tik dabil elkarlanean Europako Espazio Agentziarekin. Hainbat proiektutan hartu dute parte batera, baina aipagarria da 2014tik aurrera, Presio Altuko proiektuarekin MU-ko taldeak hartu duen garrantzia: “Nahasketa bat sortu genuen eta gaur egun, Mondragon Unibertsitateko nahasketa bat espazio-estazioan aztertzen ari dira. Laborategi horretan, nazioarte mailan, azterketak egiteko sei gelaxka besterik ez dago eta horietako bat Arrasatekoa da” dio Mounir Bou-Alik.