"Gurean ere gerta daiteke"

Xabier Urtzelai 2018ko aza. 23a, 19:33

Joan den zapatuan, EBA mailako Santurtziren eta MUren arteko partidua amaitutakoan, talde bizkaitarreko kirol zuzendariak ustez eraso egin zion epaileari. Debagoieneko taldeetako zuzendariekin eta epaileekin izan da GOIENA.

Joan den zapatuko ustezko gertaera negargarriak hautsak harrotu ditu. EBAko epaile Paul Urbanok salatu du partidua amaitutakoan, aparkalekuan, Santurtziko kirol zuzendariak eraso egin ziola –MUk 56-69 irabazi zuen–. Klub bizkaitarrak hiru egun behar izan ditu ohar bat argitaratzeko, eta bertan, gertaera gaitzetsi beharrean, epaileak esandakoa gezurra dela adierazi du. Gertaera horrek epaitegian bere bidea egingo du, baina posible da halakorik Debagoienean gertatzea?

Gorka Alarcia, epaile ohia

"Gurean oso esperientzia desatseginak bizi izan ditut".

"Noski gerta daitekeela halako kasu bat gurean. Ni bost urtez kategoria txikietako epailea izan naiz, eta oso esperientzia desatseginak bizi izan ditut. Orain, Ointxe! barruan nago, iaz utzi nion partiduak epaitzeari, baina, hala ere, garbi esango dizut ondo dakidala garai batean zer zen Iturripera epaile moduan etortzea. Eta ez Iturripera bakarrik, Eskoriatzara, Oñatira... Egia da Santurtzikoa oso gertaera larria dela, eraso bat izan da tartean, eta Debagoienean nik ez dut horren muturreko egoerarik bizi izan, baina kantxetan denetik entzun behar izan dut. Harmailetan burua galtzen duen jendea dago, sekulakoa da, eta kluben barruan ere... Askok kantxan izaten duten jarreraren gaineko hausnarketa egin beharko lukete, azken urteotan saskibaloiak futbolaren tankera hartu du eta. Eta, horren aurrean, hezkuntza eta zigor gogorrak, ez dago besterik". 

Fernando Raso, Eskoriatzako Kirol Zuzendaria

"Eskoriatzan hausnarketa egin genuen egoera aldatzeko"

"Nik uste dut gurean, behintzat, gauzak asko aldatu direla, arazo horren gainean lanketa egin dugula. Batetik, gurasoei urte hasierako batzarrean garbi uzten diegu klubean ze jarrera ez ditugun onartzen, arazo asko harmailetatik etortzen dira eta. Ez bazara kapaz zure semealabaren taldea behar den moduan animatzeko, geratu zaitez etxean. Nik onartzen dut entrenatzaile moduan epaileekin sarritan izan ditudala eztabaidak, baina heldua egiten zaren neurrian gauzak beste modu batean egiten dituzu, beste patxada batekin. Bestalde, duela urte batzuk, klubeko kideok bagenuen sentsazio arraro bat: epaileak partidu aurretik gurekiko jarrera ezkorrarekin ikusten genituen. Jarri ginen euren lekuan eta konturatu ginen gure partetik ere ez genuela bertsiorik onena erakusten, eta epaileen gaineko berbaldi batzuk antolatu eta luntxa antolatu genuen eurekin. Horrek lagundu zuen gure arteko harremana sendotzen".

Marian Mellado, Bergara Kirol Elkarteko presidentea

"Halakoak ezin dira onartu, inondik inora"

"Nik ez dut uste gure kantxetan halako gertaerarik errepika daitekeenik; epaileak dioena egia bada, oso muturreko egoera izan da. Halakoak ezin dira onartu, inondik inora. Eztabaidak eta halakoak ikusi izan ditugu, beti egoten da gurasoren bat tonua besteek baino gehiago altxatzen duena... Baina hortik eta epaile bat erasotzera, nik ez dut sekula halakorik bizi izan. Hori ez da kirola. Horren harira, klubean, jokalarien gainean egoten gara zenbait jarrera aldatzeko, baina arazoak, askotan, gurasoen aldetik etortzen dira".

Oihane Agirre, Ointxe!-ko presidentea

"Esperientzia honetatik ikasi egin behar dugu"

"Zorionez, asteburuan Santurtzin bizi izandako ustezko gertaera oso gauza ezohikoa da saskibaloian. Hala ere, uste dugu esperientzia horretatik ikasi egin behar dugula, eta, esaterako, EBAko partiduetan epaileei babes handiagoa eskainiko diegu klubetik. Horretaz gain, guk kantxan eta harmailetan gertatzen dena bereizi egiten dugu. Kantxan joko-arau batzuk daude, eta jendeak, orokorrean, arau horiek bete egiten ditu. Klubetik, gainera, zorrotz lantzen dugun gaia da, errespetua, kiroltasuna... Eta, arau horiek bete ezean, gainera, epaileak zigorrak jartzeko aukera du. Harmailetan gertatzen dena, berriz, zailagoa da kontrolatzen, eta, normalean, hortik etortzen dira arazoak".

Jon Guridi, Aloña Mendiko saskibaloi saileko presidentea

"Buila egiten dabiltzan horien ondoan jartzen gara, baretu daitezen"

"Bai, gure harmailetan ere bizi izan ditugu esperientzia desatseginak, nahiz eta ez diren Santurtzin gertatutakoaren mailara iritsi. Gainera, EBA moduko kategoria batean bi epaile izaten dituzte eta kantxan bertan bi lagun izanda hanka-sartzeak egitea zailagoa izaten da. Baina gureak bezalako kategorietan epaile bakarra egoten da, eta pertsona bakarrak ezinezkoa du kantxan gertatzen den guztia ikustea. Hala, askotan, harmailetatik jokaldiak hobeto ikusten dira, eta erabakiak kontrakoak direnean jendea berotzen joaten da. Bada, gutxi batzuk izaten dira buila egiten dutenak, eta, halakoetan, zuzendaritzako ordezkariren bat euren ondoan esertzen da, presio apur bat egiteko, eta baretu daitezen eskatzeko".

Alain Anton, saskibaloi epailea

"Epailea ez dago kantxetatik kanpora justizia egiteko"

"Santurtziko gertaeraren harira, badago asko harritzen nauen kontu bat. Izan ere, gerta daiteke jokalari batek, berotan, pultsazioak topera dituenean, halako zerbait egitea; txarto dago, baina ulergarriagoa izan daiteke. Hala ere, partidua amaitutakoan, jendea dutxatu ostean, hotzean... Horrek beste zerbait erakusten du. Bestalde, halakoak, normalean, urrun entzuten ditugu, eta, sarritan, beste kirol jarduera batzuetan. Baina, saskibaloian izan dela ikusten duzunean, gertaera izan den kantxa ezagutzen duzunean, epailea nor den dakizunean... konturatzen zara gertu izan dela. Egia da halako muturreko gertaerak ez ditugula egunerokotasunean bizi izaten, baina urtean 40-60 partidu epaitzen dituzunean, bakarren bat beti okertzen zaizu. Zein den konponbidea? Galdera ona da hori, baina gizartera zabaldu beharko litzateke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak