100 urteren ostean, sorlekura itzuliko da asteburuan Eusko Ikaskuntza, Oñatira

Eneko Azurmendi 2018ko aza. 22a, 18:17

1918an sortu zen Eusko Ikaskuntza, Oñatin. Aurten, beraz, 100 urte betetzen ari da erakundea, eta mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egin dituzte urtean zehar. Ekitaldi nagusia, ordea, azkenerako utzi dute, eta hori XVIII. Kongresua da, Geroa Elkar-Ekin leloa duena. Kongresuak bost saio izan ditu, Baionakoa, Gasteizkoa, Iruñekoa, Bilbokoa eta Donostiakoa, eta landutako guztia Oñatin borobilduko dute, biharko saioan. (Bideoan, Oñatiko ekitaldien inguruan Xabier Alkortak emandako azalpenak).

Eusko ikaskuntzak hasieratik garbi zeukan kongresu honetako azken saioa Oñatin egin behar zela.

Bost gai horiek proiektu bilakatu ziren 2015ean, eta proiektu horietan jarri du fokua, hain zuzen, XVIII. Kongresuak. Honako hauek dira bost proiektuak: Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea; e5: Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen; Gizartea: aniztasuna eta kohesioa; Garapen sozio-ekonomikoa; eta Gobernantza demokratikoa.

Bost saio, bost hiriburu

Udazkenean egin dituzte kongresuko bost saioak, eta saio bakoitzean proiektu bat izan dute hizpide. Lehena urriaren 5ean egin zuten, Baionan, eta lehenengo proiektuaren inguruan aritu ziren. "Munduan gertatzen diren aldaketen aurrean, zein da gure irakurketa? Zer egin dezakegu horiei aurre egiteko Euskal Herrian? Horri erantzuten saiatu ginen", dio Alkortak.

Bigarren saioa Gasteizen egin zuten, urriaren 19an, euskara ardatz hartuta. "Zeintzuk dira euskal komunitateak dituen aktiboak eta baliabideak, eta zein egoeratan egongo dira erreferentzia moduan jarri genuen 2040an? Euskararen garapena sustatzea da helburua".

Gizartearen aniztasunaren eta kohesioaren gaineko saioa izan zen urriaren 26an Iruñean eginikoa. "Gizarte anitz honetan kohesionatu beharreko gaiez eta elementuez aritu ginen".

Bilboko saioan, azaroaren 9an, garapen sozioekonomikoari buruz aritu ziren, "ongizateari eta ezberdintasunari buruz".

Azken saioa Donostian egin zuten, azaroaren 16an, eta lurralde arteko gobernantza-eredu berri batean oinarritutako egitura soziopolitikoa izan zuten hizketagai. "Espainiako eta Frantziako estatuetako barruko demokraziari buruz eta erabakitzeko eskubideari buruz aritu ginen, besteak beste".

Bilboko saioko parte-hartzaileak. ARGAZKIA: EUSKO IKASKUNTZA

Oñatin borobildu

Aipaturiko bost saioetan egindako lana, jasotako ekarpenak eta ateratako ondorioak Oñatin gaur egingo duten itxiera saioan borobilduko dituzte. "Hasieratik garbi ikusi genuen mendeurrenaren kongresua izanda, Oñatin bukatu behar genuela".

Aurrera begirako erronkak

Etorkizuneko erronkez ere arituko dira gaurko saioan. "Eusko Ikaskuntza etorkizunari begira sortu zen, eta, zorionez, helburu eta amets moduan planteatu ziren zenbait ideia gauzatuta daude gaur egun. Orain ere etorkizunari begira gaude, eta ireki dugun bide honek jarraipen bat izango du. Lehen aipatutako bost ideietako batzuk bikoiztu egiten dira eta, guztira, hamahiru lerro ditugu. Aukeraketa lana egin beharko dugu, eta aukeratutako gai horiekin parte-hartze prozesuarekin jarraitu. Kohesioa, elkarlana eta agenda partekatu bat da gure helburua, herri guztiaren egitasmo bat".

Ospakizun ekitaldiak

Azpimarratzeko ekintzen artean, batetik, Hamaika amaren seme (alaba) antzezlana dago. Santa Ana antzokian izango da, gaur kongresu-kideei zuzenduta eta bihar herritarrentzako –gonbidapen bidez izango da sarrera. Txokolateixian eta leihatilan bertan eskuratu ahal izango dira–.

Soka dantza egingo dute zapatuan, duela 100 urteko dantza hura irudikatzeko asmoarekin.

Azkenik, ekitaldi ofiziala dago. Donostiako orfeoiak hainbat pieza eskainiko ditu, eta Gontzal Mendibilek ere kantu bat joko du parrokiako ekitaldian.

 

 

Azaroak 23, egubakoitza:

• 09:30-10:00 Dokumentazioaren banaketa.

• 10:00-10:15 XVIII. Kongresuko itxiera saioaren irekiera.

• 10:00-11:15 Kongresuko ondorioen eta esperientziaren kontaketa, prozesuan parte hartu duten gazteen eskutik.

• 11:00-13:00 XXI. mendeko Euskal Herrirako etorkizuneko erronken aurkezpena.

• 13:00-13:30 Kongresuaren amaiera ekitaldia.

• 14:00-15:30 Bazkaria.

• 15:30-17:30 Oñatiko monumentu multzora bisita gidatua.

• 18:00-19:15 Antzerkia: Hamaika amaren seme (alaba).

Azaroak 24, zapatua:

• 11:00-11:30 Agintariei, bazkideei eta herritarrei ongietorria Oñatiko plazan.

• 11:30-12:00 Agintariek eta Oñatzeko dantzariek, soka dantza.

• 12:00-13:15 Ekitaldi ofiziala San Migel parrokian. Donostiako Orfeoiak eta Gontzal Mendibilek parte hartuko dute.

• 13:15-13:30 Arizkungo Dantza Taldearen emanaldia.

• 14:00-16:30 Bazkaria.

• 18:30-19:45 Antzerkia: Hamaika amaren seme (alaba).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak