Andoni Ugarte: "Oviedo eta Reala, klub gisa, oso antzekoak dira"

Xabier Urtzelai 2018ko aza. 23a, 17:34
Andoni Ugarte, Oviedo Vetusta taldearen elastikoarekin. Argazkia: Real Oviedo.

Zapatuan (18:00) Zubietan kanpotar moduan jokatuko du Andoni Ugartek (Oñati, 1995). Duela gutxira arte taldekide eta lagunak izan direnak kontrario izango ditu, eta partidu berezia izango da, zalantzarik barik: "Nahiz eta berdegunean ez den oparirik egongo". Uztailean utzi zion Reala ordezkatzeari, eta, oraingoz, ez da damutu. 

Zer moduz Oviedon?

Ondo, nahiko erraza izan da klub honetara moldatzea. Klima Euskal Herrian dugunaren oso antzerakoa da, eta klub gisa ere Oviedo eta Reala oso antzekoak dira. Akaso, kirol instalazio aldetik ez daude maila berean, nahiz eta berdeguneak oso egoera onean egoten diren. Eta filosofia aldetik antzekotasun handia dute, harrobiari ematen zaion garrantziagatik, etxeko jokalari asko daudelako, jende sanoa dagoelako...

Reala uzteak beti ematen du beldur apur bat...

Bai, halaxe da. Baina azken urtean ez nuen askorik jokatu, eta hori zen nire helburuetako bat, berriro ere sentsazio onak errekuperatu gura nituen, eta horretan nabil hemen. Partiduak jokatzen nabil, eta horrela denean, normalean, baikorrak izaten gara. Oraingoz, behintzat, ez naiz damutu Oviedora etorri izanagatik.

 Hasierako hamaikakoan titular, eta golegile, gainera.

Puntu bat balio izan zuen hamargarren jardunaldian Leioaren kontra sartutako golak. Pena, puntu bat beharrean ez zirelako hiru izan [Barre]. Gogoan dut euri mordoa egin zuela partiduan zehar, eta baita partidu aurretik ere. Ur mordoa zegoen berdegunean, eta zaila zen baloia jokatzea. Bada, korner erdiraketa batean sartu nuen 1-0ekoa, buruz. Ondoren, baina, partidua berdindu egin ziguten, eta zapore gazi-gozo horrekin geratu nintzen. Partidua irabazi izan bagenu, eta nik sartutako golari esker...

Bigarren B mailara iritsi berriak zarete, eta aurreikusi baino emaitza txukunagoak batu dituzue orain arte.

Halaxe da, bai. Klubarendako garrantzitsua da bigarren taldea kategoria honetan izatea, jokalariak goiko taldera igotzen dituztenean saltoa horren handia izan ez dadin. Eta lehenengo taldean ez dituzte horrenbeste jokalari; hau da, edozein arazo dagoenean, beheko taldeko jokalariak erabiltzen dituzte. Hori motibagarria da jokalariondako.

 Oso ondo hasi zenuten liga, eta erdialdean zaudete orain.

Azken lau partiduetan ez dugu partidurik irabazi –hiru partidu berdindu dituzte–, eta hor galdu ditugu aurrealdeko postuak. Liga hasieran, ez genekien taldea zer emateko gauza izango zen, eta ez geneukan garbi non egongo ginen. Hala ere, garbi daukagu gure helburua mailari eustea dela, eta, azken batean, halako liga luze batean partiduek zure lekuan jartzen zaituzte.

Asteburuan Sanse izango duzu aurrean, orain arte defendatu duzun taldea.

Bai; zalantza barik, partidu berezia izango da niretako, eta, gainera, bi taldeak garaipen gosez gaude, azken jardunaldietan ez ditugu-eta gura moduko emaitzak batu. Ligan ondo hasi ginen gu, baina, esan moduan, azken partiduetan, hiru partidu berdindu ditugu eta hor puntu askok egin digute ihes. Eta azken partidua galdu egin genuen. Sanse ez dago gu baino hobeto; horrenbestez, berdegunean ez da oparirik egongo.

 Zelan daramazu kanpoan bizi izatearena?

Ondo. Gainera, gure multzoan Euskal Herriko talde mordoa dago; horrenbestez, kanpoan jokatzen dugunean, berez, ni etxean jokatzen nabil [Barre]. Gurasoendako, esaterako, errazagoa da nire kanpoko partiduetara etortzea, inguruan izaten direlako. Baina, Oviedo ere ez dago horren urrun. Euskal Herrian jokatzen dugunean, ahal dudanean, Oñatin geratzen naiz pare bat egunez. Hilean behin-edo herrira etortzen naiz, etxekoekin egon, lagunen azken berriak entzun...

Gabonak, etxe inguruan pasatzeko asmoarekin?

Bai, hori da asmoa. Oraindik ez dakigu zenbat jai egun izango ditugun eta zeintzuk izango diren atseden egunak, baina Oñatira etorriko naiz, bai. Orain ere

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak