Gipuzkoan indarkeria matxistaren biktima diren 1.472 emakumek dute Ertzaintzaren babesa

Maialen Regueiro 2018ko aza. 22a, 17:10

Indarkeria matxistaren edo etxeko indarkeriaren ondoriozko polizia-babeserako espedientea dute zabalik 1.472 emakumek Gipuzkoan eta EAEn 4.565ek; hala jakinarazi du Segurtasun Sailak. Biktimek duten babes neurrien artean, bi nabarmendu daitezke: bortxa telefonoa eta eskolta pertsonala. Gipuzkoan, besteak beste, sei emakumek dute eskolta pertsonalaren babesa.

Segurtasun Sailetik jakinarazi dute zein harreta ematen den. Indarkeria matxistaren kasu bat hautematen denean, biktimaren arrisku-maila edozein izanik ere, eta kasua auzitegietan ebazten bada ere, biktimari babesa ematen zaio. Kasu larrietan, tratu txarrak jasaten dituen emakumeari, epaitegira babesarekin joatea eskaintzen zaio. Horrez gain, tratu txarrak erregistratzen direnean, eta adin txikiko seme-alabei arreta emateko, gizarte-zerbitzuekin lotzen duten komunikazio-kanalak ere badaude.

Autobabeserako prestakuntza

Arriskua lau mailatan sailkatzen dute: oinarrizkoa, handi samarra, handia eta berezia. Biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatuz gero arrisku-maila ere aldatu egiten dute; izan ere, ebaluazioa etengabe egiten da.

Biktima guztiek autobabesaren arloko prestakuntza deritzon segurtasun-neurria dute. Saio pertsonal baten barruan bideo bat ikusten dute eta informazio-liburuxka bat banatzen diete. Ondoren dator gainbegiratzea; aldiro biktimarekin harremanetan jartzen dira.

Ertzaintzak tratu txarra jasan duten emakumeei eskaintzen dien larrialdietarako telefonoa Bortxa da. Autonomia-erkidegoko poliziaren koordinazio-zentroarekin eta kasua daraman ertzain-etxearekin zuzenean lotura duen terminal bat da, larrialdietan erabiliko dena.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren 24 orduko arreta zerbitzuaren 900 840 111 telefonora erraz sartzeko aukera ematen du. Era berean, GPS bidez kokatzeko alarma aktibazioa du, besteak beste.

Gaur egun 732 terminal daude funtzionamenduan, 222 Gipuzkoan. Neurrien katalogoak hainbat zaintza-zeregin ditu bere baitan, espedienterik larrienen kasuan eskolta pertsonala. Gaur egun 66 emakumek dute eskolta pertsonalaren babesa, Gipuzkoan, zortzik. 

Aplikazioak eskuragarri

Segurtasun Sailak bi aplikazio jarri ditu eskuragarri aplikazio-dendetan; edozeinek deskarga ditzake eta bere telefonoan instalatu: App-Ertzaintza eta App-SOSDeiak_112. Lehenengo aplikazioak herritarren eta Ertzaintzako polizia-zerbitzuen arteko komunikazioa errazten du, eta bigarrenak, herritarren eta 112 larrialdietarako arreta-telefonoaren bidez koordinatzen diren segurtasun-zerbitzu guztien arteko komunikazioa erraztu.

Era berean, Ertzaintzak espedientea zabalik duten etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako aplikazio espezifiko bat ere garatu du, BORTXA aplikazioa. Horrek Bortxa telefonoa ordezkatuko du abendutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak