Zihortza Marzan: "Diabetesa saihesteko osasuntsu bizi behar da"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko aza. 19a, 06:00

Diabetesaren Nazioarteko Eguna izan da azaroaren 14an. Zihortza Marzan bergararra erizaina da eta diabetesa dauka. Martitzenean Donostian izango da Gipuzkoako Diabetikoen Elkartean. Elikaduraren eragina diabetesean: gluzemiak hobetzeko aholkuak izenburupean egingo du berba.

Diabetesak familia osoari eragiten dio?

Bai; familiaren babesa garrantzitsua da, egunerokoan ingurunearen ohiturak eragin zuzena izan dezakeelako gaitzaren garapenean. Elikadura egokia izatea, jarduera fisikoa egiteko ohitura izatea edota tratamenduari aurre egiteko ingurukoen laguntasuna eta gaitasuna edukitzea; hipogluzemia kasuetan, esaterako.

Datuek diote bi lagunetik bat ez dagoela diagnostikatuta.

Kontua serioa da. 2 motako diabetesak garapen isilagoa du eta zaila da antzematea. Zorionez, 1 motako diabetesean, deigarriak dira sintomak eta familiak samur antzeman dezake zerbait ezohikoa gertatzen ari dela: umeen kasuan, gehiago jaten hasten dira, nahiz eta argal egon; ura ere gehiago edaten hasten dira; gauez txiza egiten...

Nola jakin diabetesa daukagula?

Nahikoa da odola ateratzea eta analisiak egitea. Diabetesa kontrolatzea zenbateraino da garrantzitsua? Oinarrizkoa da. Gluzemia maila handia edukitzea ez da egokia, ze hainbat arazo sor ditzake horrek luzaroan: begietan, giltzurrunetan, oinetan, bihotzean... Bizimodu osasuntsua edukitzea da inportantea.

Martitzenean, Donostian, hitzaldia emango duzu. Zu dietista zara; elikaduraren garrantziaz ariko zara?

Bai. Nabarmendu nahi dut gluzemia maila egokia edukitzea oso garrantzitsua dela eta elikadurak, horretan, eragin zuzen-zuzena duela. Karbohidrato motak; jakiak prestatzeko moduak; jatordu batek grasak eta proteinak badauzka gluzemia mailan eragin ezberdina daukala...

Diozue eskola gune garrantzitsua dela diabetesa kontrolatzeko. Zergatik?

Batez ere, haurrak babes barik egon daitezkeelako eskoletan. 1 motako diabetiko batek, egunean, gaitzarekin zerikusia duten 30 erabaki hartzen ditu. Eta tratamendu farmakologikoa aldatzen du profesionalen babesik barik. Horregatik inportantea da hezitzaileek jakitea nola jokatu behar duten unean-unean, baina irakasleak hezteko profesionalik ez du bideratzen ez Osasun Sailak, eta ezta Hezkuntza Sailak ere. Hori gabezia handia da eta ondorioak izan ditzake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak