Mondragon korporazioak atzo egin zuen 2018ko kongresua Donostiako Kursaalean. Hitzordura guztira 650 konpromisario deitu zituzten, talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko.
Kooperatibek gutxieneko ratio batzuk bete beharko dituzte emaitzak banatzeko gaur egun dauden arauak mantentzeko.
Fagor Etxetresnen porrotaren ostean, Mondragon Kooperatiba elkarteak hainbat neurri hartu ditu etorkizunean etorri daitezkeen krisi egoerei aurrea hartzeko. Era berean, etorkizuneko erronka berrietarako prest egoteko "kooperatibek finantza eta ondare egitura sendoak eta orekatuak edukitzea" bermatu nahi du korporazioak. Horregatik, kooperatibek gutxieneko ratio batzuk bete beharko dituzte emaitzak banatzeko gaur egun dauden arauak mantentzeko. Adostu dituzten erreferentziazko ratioak dira; Enpresa Errentagarritasunaren Tasa (> %9); Finantza zor Garbia/Ebitda (< 2,5) eta Independentzia Ratioa (>1). Kooperatibak ez baditu ratio horiek lortzen, emaitzak banatzeko irizpideak aldatu egingo dira, eta, horrenbestez, bazkideen kapitalerako ekarpenen interesen sortzapena eta itzulkin kooperatiboak gehiago mugatzen dira, erreserben zuzkidura handitzeko.
Atzo kongresuan, Kontseilu Orokorreko lehendakari Iñigo Ucinek azpimarratu zuen kooperatibek munduko eraldaketa testuingurura etengabe egokitu beharra daukatela, hori izanik erronka nagusia. Horretaz gain, kooperatiben arteko elkarlana, berrikuntza eta partekatutako esfortzua nabarmendu zituen Ucinek, baita ere, talentua erakartzeko beharra: “Erdigunean pertsona kooperatibistak jarrita, taldean lan eginez, kultura partekatu batekin, gure erakundeentzat talentua erakartzeko eta garatzeko gaitasunarekin”. Bestalde, presentzia globala bultzatzeko beharra, negozioen sendotasun finantzarioa eta digitalizazioaren erronka ere aipatu zituen Kontseilu Orokorreko lehendakariak bere hitzaldian.
Bost urtetan 8.000 lanpostu berri sortu dira.
Bilakaera positiboa
2018an Mondragon Taldeak izan duen bilakaerari dagokionez, positiboa izan dela esan zuen Iñigo Ucinek. Azaldu zuenez, salmenta metatuak iazkoak baino handiagoak izanik, eta enplegu sorreraren inguruko zifrak gorantz doazelarik; horrek azken urteetako joera berresten du, bereziki industri arloan, non “azken bost urteetan 8.000 lanpostu berri baino gehiago sortu baitira”.
Eskuratuko eta Ordainduko kideak elkarretaratzea
Donostian izan ziren atzo Ordainduko eta Eskuratuko kideak. Autobus geltokitik Kursaalera manifestazioa egin zuten, bertan elkarretaratzea egin ostean, Donostiako Justizia Jauregira joan ziren: "Hirian barrena ibili gara gogoraraziz Fagor eta Korporazioak engainatu egin gaituztela, eta bost urte igaro badira ere, eta justizia poliki badoa ere, etorriko dela sinisten dugu".