Elkar ezagutzeko eta estereotipoak eta aurreiritziak apurtzeko balio duten bazkari interkulturalak

Maialen Regueiro 2018ko aza. 12a, 15:48

Bizilagunak egitasmoaren baitan, atzo bazkari interkulturalak burutu ziren bailarako hainbat herrietan. Hala, familia atzerritar eta autoktonoak elkartu ziren bi familietako baten etxean. Bakoitzean aldez aurretik formakuntza jaso duen dinamizatzaile bat izan zen bazkaria animatzen. Guztira 52 pertsonek hartu zuten parte; azken batean, egitasmo honen helburua da, elkar ezagutuz estereotipo eta aurreiritziak apurtzea. 

Zazpigarren urtea da Bizilagunak martxan jarri zenetik, eta, egitasmo horren baitan, urtero egiten dituzte kulturarteko bazkariak Euskal Herri osoan –normalean, azaroan izaten dira–. Hain zuzen, pasa den asteburuan egin dituzte bazkariok.

Debagoienari dagokionez, 52 lagun elkartu dira: Bergaran hogei lagun, Arrasaten hamaika, beste horrenbeste Oñatin, Elgetan sei eta Aretxabaletan lau –eskoriatzar bat tartean–.

SOS Arrazakeria da Gipuzkoa mailan egitasmoa koordinatzeaz arduratzen dena, eta, mugimenduko kide Nora Ugarteburuk azaldu duenez, "oso ondo" joan dira bazkari guztiak. "Oso balorazio positiboa egiten dugu. Ni Bergarako bazkarian egon nintzen, eta primerako giroan egon ginen. Beste bazkarietan ere sentsazio onekin geratu zirela adierazi didate. Batzuek, gainera, urtean zehar gehiagotan elkartzeko asmoa erakutsi dute, eta hori erakusle ona da", zehaztu du. Horri lotuta, gaineratu du beste herri batzuetan egiten dituztela topaketak urtean zehar ere, baina Debagoienean oraindik ez da halakorik egiten.

Elkar ezagutzea helburu

Ugartebururen esanetan, Bizilagunak egitasmoaren helburua da "elkar ezagutuz estereotipo eta aurreiritziak apurtzea, horretarako espazio bat eskainiz".

Horrekin lotuta, CEAR Euskadik azaldu du herritarrek euren etxeen ateak zabaltzeko modu bat dela hau, "oso alderdi intimoan". Era berean, bazkari horiek herritar moduan egindako adierazpen kolektibo bat direla gaineratu du: "Ekimenean parte hartzen duten pertsonek beren etxeen edo txokoen ateak zabaltzen dizkiote kultura aniztasunari eta itxi egiten dizkiete migratzaileak eta errefuxiatuak arbuiatzea dakarten mezu populistei".

Izan daitezke etxeak, edota elkarte gastronomikoak, eta, ekimenarekin bat egitean, herritarrek aukeratu dezakete anfitrioi edo gonbidatu izango diren bazkarian. Horrez gain, bazkari bakoitzean dinamizatzaile bat egon da. "Haren ardura da bazkaria ondo joan dadin batu beharreko informazio guztia batzea eta baldintza guztiak egokiak izatea".

Mundu osoko ordezkariak

Latinoamerikarrak izan dira gehiengoa bazkari horietan, Ugarteburu dioenez: Honduras, Kolonbia, Paraguai eta Venezuela. "Hala ere, mundu osotik etorritako jendea izan da: Guinea Konakry, Pakistan, Senegal, eta abar", zehaztu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak