Maribel Vaquero: "Etorkinek arazo handiagoa dute etxea errentan hartzeko"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko urr. 31a, 15:00

SOS Arrazakeriarekin batera egindako lan batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiaztatu du etorkinek zailtasun handiagoak dituztela etxeak errentan hartzeko. Maribel Vaquero Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak eman ditu ikerketaren zehaztasunak.

Etxeak errentan jartzeko orduan, etorkinak diskriminatzen dira?

Egin diren testing-etan, diskriminazio egoerak gertatu dira. Hori antzeman egin da. Tratu desberdin honen berri askotan eman dute etorkinek eta haien eskubideak babesteko erakundeek, eta, proba honekin, diskriminazio egoera zehatz hori nola eta zein neurritan gertatu den jakin nahi izan du Aldundiak.

Zergatik gertatzen da?

Jarrera hauek gizartean dauden aurreiritzi eta esamesen ondorio dira. Batzuetan, ezkutuko diskriminazioa da, tratuan gertatzen da, oso subjektiboa izan daiteke balorazioa.

Nola egin duzue azterketa?

Egoera berean –kontratu, soldata, eskaera bera…– dauden bi pertsona joaten dira. Lehenengo, autoktonoa, zelanbait esatearren, eta, gero, jatorri etorkina duena, konparatu nahi izan baita egoera berean tratua ezberdina den edo ez. Eta egiaztatu ahal izan da horrela dela, kasu askotan.

Gipuzkoako Foru Aldundia egon da sektorearekin, etxeak errentan jartzen dituzten enpresekin, emaitzen berri emateko?

Lehenik eta behin, datuok higiezinetako agenteekin, gainontzeko administrazioekin eta zuzenbidean aditu direnekin partekatu nahi ditugu, eta lansaioak antolatuko dira.  Sektore pribatuaren, publikoaren eta elkarteen aldetik elkarlana eskatzen du honek. Lehen urratsa sentsibilizazioarekin jarraitzea izango da, horretan dabil Gipuzkoako Foru Aldundia eta horretan jarraituko du. Diskriminazio egoera zehatz hauei dagokienez, gaia landuko da inplikatuta dauden eragileekin, eta har daitezkeen neurriak aztertuko dira. Etorkizunean, desberdinkeriarik gertatu ez dadin zer egin genezakeen aztertu beharko dugu.

Zer diote higiezin agentziek?

Ondorio hauek beraiekin eta adituekin partekatuko ditugu. Hausnarketa saioa urtea amaitu aurretik egin nahi da.

Neurririk hartuko duzue egoera aldatzeko? Zein neurri?

Gaia konplexua da, jabetza pribatuan eragin nahi delako. Erakunde publiko zein pribatuek elkarrekin lan egin beharko dugu, ahal den neurrian, berdintasun aukerak sortzeko. Klabeetako bat sentsibilizazioa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak