Hildakoei bisita egiteko eguna

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 31a, 17:25
Bi emakume, Oñatiko hilerrian, loreak jartzen.

Tradizio luzeko ohitura da Domu Santu egunez kanposantuak bisitatzea, baina azken urteetan geroz eta jende gutxiago joaten da, batik bat, lurperatze kopurua ez delako garai batekoa; Oñatin, hala ere, hildako gehienak lurperatzen dituzte egun, %97,9.

Bihar, eguena, azaroaren 1a da, Santu Guztien Eguna. Hildakoez oroitzeko eta haiei omenaldia egiteko eguna izan ohi da eta urte askoko tradizioa da kanposantuetan dauden familiako edo gertuko hildakoak bisitatzea.

Hala ere, joera hori beherantz doa urtetik urtera, eta arrazoi nagusietako bat da geroz eta hildako gutxiago lurperatzen dituztela. Beste bide batzuk hartzearen aldeko apustua egiten dute familiek.

Debagoieneko herrietako herriz herriko azterketa eginez, Antzuolan 2016an %25,9 lurperatu zituzten eta 2018ko orain arteko datuek diote hildakoen %23,5 hilobiratu dituztela.

Aramaiori dagokionez, 2016an hildakoen %63,6 izan ziren lurperatutakoak eta 2018an %60 dira orain arte. Aretxabaletan, adibidez, gora egin du datuak. 2016an %25,9 hilobiratu zituzten eta 2018an, gaur arte, %35,5 dira. Arrasaten ez dute 2018ko datu eguneraturik. Hala ere, 2014an, hildakoen %23 lurperatu zituzten eta 2017an, %25. Beraz, apur bat gora egin du datuak. Bergaran beherakada nahiko nabarmena da. Izan ere, 2016an hildakoen %43,8 izan ziren hilobiratuak eta 2018an, gaur-gaurkoz, %30 dira. Elgetari dagokionez, herri txikia izanik, ez da askorik aldatzen datua urtetik urtera, baina gutxi gorabehera %25ean mantentzen da lurperatu kopurua. Eskoriatzari erreparatuta, hildakoen erdiak inguru dira hilobiratzen dituztenak. 2017an %51,4 izan ziren eta 2018an %54 izaten ari dira. Leintz Gatzagan, populazioa baxua izanik, hildakoak ere gutxi dira. 2015eko urtarriletik gaur egunera arte bost hildako bakarrik izan dira, eta horietatik hiru lurperatu dituzte, %60. Oñatin, azkenik, hildakoen gehienak lurperatzen dituzte oraindik, eta datua oso handia da gainontzeko herriekin alderatuta; azken hiru urteak kontuan hartuta, hildakoen %97,9 hilobiratu dituzte.

Hileta zibilak

Ohiko hiletez gain, hileta edo omenaldi zibilak ere indarra hartzen ari dira, baina oso gutxika. Horretarako, ordenantzak dituzte zenbait udalek; beste batzuek, ordea, ez dute gaiaren inguruko ordenantzarik.

Antzuolan, adibidez, 2010ean onartu zuten ordenantza eta eskolako patioan egin izan dituzte orain arteko hileta zibilak.

Aramaion, bestalde, ez dute ordenantzarik eta leku egokiturik hileta zibilak egiteko.

Aretxabaletan, 2010ean onartu zuten ordenantza, eta komentua da horretarako lekua. Udaletxetik helarazitako informazioaren arabera, agintaldi honetan bi egin dira, zinegotzi batena eta auzo-alkate batena.

Arrasaten ere 2010ean onartu zuten ordenantza eta Aldaiko parkea eta San Kristobalgo hilerria dira omenaldi edo hileta horiek egiteko leku egokituak. Horren harira, 2017ko urrian, hileta zibilak egiteko leku estali baten beharra kuantifikatzeko ekimena jarri zuen martxan EH Bilduk, eta sinadura bilketa ere egin zuen.

Bergarari erreparatuz, 2010ean onartu zuten ordenantzan, Kataibiako plaza egokitu zuten hileta zibiletarako. Horrez gain, ordenantzan jasota dagoenez, Angiozarren, Osintxun, Elosuan, Elorregin, Basalgon edo Uberan erroldatua bada hil dena, auzo horretako pilotalekuan hileta ospakizun edo omenaldi zibila egiteko baimena eskatu ahal izango da. Dena den, Udaleko idazkaritzatik jasotako informazioaren arabera, oso eskaera gutxi jaso ditu Udalak eta oraindik ez dago hedatuta herrian.

Elgetan 2017ko maiatzean onartu zuten gai horren gaineko ordenantza, eta, horren arabera, hainbat espazio daude hileta zibilak egiteko herrian. Horiek dira Udal Pilotalekua, Mendizaleen plaza, Domingo Iturbe plaza, frontoi zaharra, San Roke osteko plaza, udaletxeko areto nagusia eta San Roke ermita –azken hau geroago onartu zuten, 2017ko iraileko osoko bilkuran–.

Eskoriatzan 2009an onartu zuten. Tokiei dagokienez, herrigunean, Ibarraundi museoan, Udal Pilotalekuan eta Santa Marinan eta Eduardo Gorosarri plazan egingo dira. Landaguneetan, berriz, auzo-alkateek izango dute lekuak izendatzeko ardura, betiere, alkatearen oniritziarekin.

Leintz Gatzagan kultura etxea da hileta zibilak egiteko lekua, baina oraindik ez dute bat bera ere egin.

Oñatin, azkenik, 2012an onartu zuten. Santa Ana aretoa eta honen sarrerako kristalezko gune itxia edota Santa Anako lorategia eta hilerriaren aurrealdeko parke irekia dira lekuak.

Gaba Baltza eta Arimen Gaua

Urriaren 31 gauean, Santu Guztien Egunaren bezperan, mundu mailan oso errotuta dagoen festa da Halloween. Hala ere, badira urte batzuk Debagoieneko zenbait herritan hemengo festa propioak sustatzen dituztela, festa hari aurre egiteko helburuarekin.

Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Elgetan, adibidez, Gaba Baltza izenekoa egiten dute. Lehenengoaren kasuan, Loramendi euskara elkartea eta ludoteka hasi ziren antolatzen, elkarlanean, eta aurten, dagoeneko, batzorde bat osatu dute. Arrasaten, bestalde, Ttak gazte taldeak, Ekin Emakumeak eta Txatxilipurdi elkarteek eta udal ludotekak antolatzen dute. Bergaran, berriz, gaztetxea ari da horretan, eta Elgetan, azkenik, gurasoen elkartea.

Eskoriatzan eta Oñatin, Arimen Gaua izeneko festa egingo dute. Eskoriatzan, Udala, gaztelekua, Tortolis ludoteka eta zenbait herritar izan dira antolatzaileak. Oñatin, gaztelekua ibili da antolakuntza lanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak