Sariketa berezia izango da aurtengoa, 30. urtemuga dela eta

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 26a, 11:58
'Kulturrizketak' saioko lantaldea, saria jasotzen, iaz.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 30 urte betetzen ditu aurten; hori dela eta, hamar sari banatuko dituzte. Sari banaketa ekitaldia gaur, egubakoitza, izango da, Andoaingo Bastero Kulturgunean, 19:00etan.

1989an eman zuten lehenengo Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta, ordutik hona, urtero egin izan zaie aitortza hori hainbat kazetari lani. Aurten, beraz, 30. edizioa izango da, eta, urteurren borobil hori ospatze aldera, ekitaldi berezia antolatu dute Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Andoaingo Udalak.

Hala, 30 urte, 10 mugarri lelopean, hamar sari banatuko dituzte; 30 urteko prozesu horretan euskal kazetaritzan mugarri izan direnek jasoko dituzte, hain zuzen, sari horiek. Gaur, egubakoitza, izango da sari banaketa ekitaldia, 19:00etan, Andoaingo Bastero Kulturgunean.

Hainbat saritu urte hauetan

Aurreko 29 edizioetan, hainbat debagoiendarrek jaso dituzte Rikardo Arregi sariak. Batzuk aipatzearren, nabarmentzekoa da, adibidez, 1990eko hamarkadaren hasieran Debagoieneko herri aldizkariek izan zuten garrantzia, eta horren erakusle dira 1990ean Arrasate Press-ek –Egun bat Elenaren bizitzan–, 1991n Berrigara-k – Txomin Pineda, Berea ez den gerran– eta 1994an Kontzejupetik-ek –Urbiako fondaren isiltasunean protagonistak mintzo– jaso zituzten Rikardo Arregi sariak.

Goiena Komunikazio Taldeari ere sari berezia aitortu zioten 2011n, sarearen eraberrikuntza eta hedabide multimedia integrala eratzeagatik. Azken edizioan, 2017an, Goiena telebistaren Kulturrizketak saioari eman zioten saria.

Azkeneko 30 urteotan saritutako debagoiendarrak

 

  • Jon Andueza. 1990. Bigarren edizioa. Herrietako aldizkariak. Arrasate Press. Egun bat Elenaren bizitzan. 1989-11-03.

  • Martin Garitano (eta Pello Zubiria, Nerea Azurmendi eta Jose Felix Azurmendi). 1990. Bigarren edizioa. Sekzioa. Betaurrekorik gabe izenekoan argitaratutako artikulu sorta. Argia 1989-1990.

  • Jon Andueza. 1991. Hirugarren edizioa. Herrietako aldizkariak. Berrigara. "Txomin Pineda, Berea ez den gerran". 1991-01-25.

  • Iñigo Arregi. 1994. Seigarren edizioa. Herrietako aldizkariak. Kontzejupetik. Urbiako fondaren isiltasunean protagonistak mintzo. 11. zenbakia.

  • Leire Kortabarria. 2003. Hamabosgarren edizioa. Aipamen berezia. Billy Petersen telebistako izar baten iragan euskalduna. Goienkaria.

  • Beñardo Kortabarria (eta Elhuyar aldizkariko beste batzuk). 2005. Hemezazpigarren edizioa. Aipamen berezia. Elhuyar aldizkaria. Erraustegiak sutan.

  • Beñardo Kortabarria (eta Elhuyar Zientziaren komunikazio arloko beste batzuk). 2006. Hemezortzigarren edizioa. Epaimahaiaren sari berezia. Teknopolis telebista saioa eta Norteko Ferrokarrila irratsaioa.

  • Pello Zabala. 2006. Hemezortzigarren edizioa. Ohorezko aipamena.

  • Goiena Komunikazio Taldea (Eneko Azkaratek eta Inazio Arregik jaso zuten). 2011. Hogeitahirugarren edizioa. Sari berezia. Sarearen eraberrikuntza eta hedabide multimedia integrala eratzea (2010eko urrian).

  • Inazio Arregi (apaiz oñatiarra). 2011. Hogeitahirugarren edizioa. Ohorezko Aipamena.

  • Beñat Zamalloa. 2014. Hogeitaseigarren edizioa. Sari berezia. Berria egunkarian eta beste hainbat hedabidetan  kaleratutako 2013ko Bertsolari Txapelketaren inguruko lanak.

  • Julen Iriondo. 2015. Hogeitazazpigarren edizioa. Sari nagusia. Jon Salaberri izeneko ikus-entzunezkoa, Goienan emandakoa.

  • Kulturrizketak saioa (Txomin Madinak... jaso zuen). 2017. Hogeitabederatzigarren edizioa. Sari nagusia. Goienan emandako saioa, 10 atalduna.

Gaurko saioa, zuzenean

Andoaingo ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, Goiena.eus webgunean. Bestalde, astelehenean, sari banaketa ekitaldiari tarte zabala eskainiko zaio Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak