Irailaren 26an etorri ziren eta abenduaren 14ra arte izango dira Debagoienean; Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean ikasten eta eskualdeko eta Euskal Herriko beste toki batzuetako errealitateak ezagutzen, betiere, euskaraz jarduten duten proiektuak. Hortaz, alde teorikoa, gelatan, eta alde praktikoa bisita didaktikoen bidez, uztartzen ari dira.
Munduko 12 hizkuntza komunitate ordezkatzen dute haien herrialdeetan “hizkuntzaren aktibistak” diren. Azken 50 urteotako euskararen biziberritzearen gakoak ezagutzen ari dira. Gero, aukera izanez gero, haien herrialdeetan praktikan jartzeko.
Guatemalako kitxeak eta ketxiak, Mexikoko maiak eta nahuathak, Kolonbiako nasak, Ekuadorko kitxuak, Bolibiako guaraniak, Brasilgo kashinawak, wallmapuko maputxeak, Kurdistango kurduak eta Afrika iparraldeko amazighak; hizkuntza komunitate horiek daude ordezkatuta.
Goienaren helburuak zeintzuk diren, zertarako diharduen lanean, euskara biziberritzeko zenbateraino den garrantzitsua eta egunerokoan nola egiten duen lan, ze baliabiderekin eta norendako eta nola ari den lanean bertatik bertara ezagutu dute. Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak eman dizkie azalpenak. Inpresionatuta geratu dira Goienarekin.
Goienako lan taldea ezagutu eta argazkia ateratzeko aukera ere izan dute, Goiena Telebistako platoan bertan.