Yerai Varela: "Oñati-Arrasate proba azkarragoa izango da"

Xabier Urtzelai 2018ko urr. 26a, 16:22

Yeray Varela (1987) aitarekin batera izango da zapatuko Oñati-Arrasate lasterketako irteera puntuan: "Harro egoteko moduko kontua da antolatzaile talde batek lasterketa utzi, eta erreleboa hartzeko beste talde bat dagoela ikustea". Hala, 2016 amaieratik atletismotik urrunduta ibili den oñatiarrari harra sartu zaio ostera ere: "Azken hilabete honetan astean bitan korrika egiten hasi naiz, eta gozatzen nabil berriro ere, nahiz eta lehengo erritmoetatik urrun nagoen". 

2016 amaieran atletismoa uztea erabaki zenuen, neka-neka eginda [2016an Espainiako 3.000 metrotako lasterketan izan zen, estatuko 15 korrikalari onenen artean egon zen].

Bai. Nekatuta amaitu nuen eta ez nuen halakorik gura, atletismoa zaletasuna da eta. Goizetan eskolak izaten nituen, arratsaldeetan lana, eta iluntzeetan gogor entrenatu behar izaten nuen, egun horretarako aurreikusita nuen lan espezifikoa bete behar nuelako. Ez nuen atletismoa gorrotatu gura, eta, 2016ko San Silvestre proban, denbora batez agur esatea erabaki nuen. Gaixo nengoelako ezin izan nuen lasterketa hartan parte hartu.

Zer aldatu da ordutik hona?

Egia esan, kasualitatez hasi naiz korrika berriro ere, iraila oso sasoi ederra delako aire librean entrenatzeko: eguraldi eta tenperatura ona... Oñati-Arrasate lasterketa prestatzen zebilen lagun batekin hasi nintzen korrika apur bat egiten, nik ez neukan parte hartzeko intentziorik, eta, azkenean, aitarekin batera izena eman dut. Egia esatearren, Arrasate-Oñati lasterketak asko eman dit, eta lasterketa horrekin zorretan nagoela uste dut.

Ez zaizu iruditzen urte eta erdi denbora asko dela atletismotik urrunduta egoteko?

Bai, baina ez naiz geldirik egon. Gimnasioan ibili naiz asko, bolumena eta pisua hartu dut, eta orain, robocop moduan egiten dut korrika [Barre]. Korrika egiteko daukadan moduagatik hanketako muskulu bikiek asko sufritzen dute. Baina oso gustura nabil, korrika egiteko gogoz, eta horrek balio du. 

Iazko Arrasate-Oñati ikusle moduan jarraitu zenuen, plazan jendea txalotzen. Inbidia pasako zenuen. 

Ez pentsa, sekulako beroa egin zuen, eta, atletak zelan zetozen ikusita, inbidia gutxi izan nuen [Barre].

Biharko lasterketak azken urteotako distantzia ia berbera izango du, baina erabat ezberdina izango da. 

Ez du zerikusirik izango. Ikusteko dago aurrealdean ibiliko diren horiek zein mailatako atletak izango diren, baina, berez, biharkoa lasterketa azkarragoa izan beharko litzateke. Erreferentzia batzuk hartuak ditut, eta Oñatitik Elorregira aurreko taldekoak ziztu bizian joango dira, eta gero, Arrasatera egin beharreko igoera ez da horren luzea, hiru kilometro inguru izango dira. Lehen, zortzi kilometro egin behar izaten genituen aldapa gora.

"Aurrean ibiliko direnek", diozu. Ez duzu zeure burua borroka horretan ikusten? 

Exijentzia maila hori ez daukat, behintzat. Gorputzak zelan erantzuten duen ikusi gura dut, baina sufritzen nabilela ikusten dudan momentuan txipa aldatu eta lasterketaz gozatzen ahaleginduko naiz. Denbora luzea daramat lasterketetatik kanpo, eta ez dut lehengo sasoia. Aurrekoan, kapaz izan nintzen hamaika kilometroko distantzia kilometroa lau azpitik egiteko, eta poztu egin nintzen [2016an 3.000 metroko lasterketak 2.48ra egiten zituen, eta Arrasate-Oñati lasterketa 3.15 azpitik]. Baina denbora behar dut gorputza egokitzeko. Horregatik diot lasterketaz gozatu gura dudala. 

Antxintxiketan taldekoak eta Arrasate Atletiko taldekoak laguntzen ibiliko dira aurten, eta AEDk hartu du lasterketa antolatzeko ardura.

Eta hori harro egoteko modukoa dela uste dut, talde batek nahikoa dela erabaki duenean beste talde bat erreleboa hartzeko gauza izan delako; hori baloratzekoa da. Lasterketa hau oso polita da, eta pena izango litzateke desagertzea. 

Izen-ematea gaur, egubakoitza, gauerdian amaituko da –www.herrikrosa.eus–. Zelan animatu zalantzan dauden horiek?

Lasterketa oso polita dela esanda, herri-lasterketetan egoten den saltsa egoten delako, xarma hori duelako. Aurrekoak azkar joango dira, baina bakoitzak bere erritmoan egiteko aukera izango du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak